Joxepa Madariaga•
Politikaz hitz egin behar diagu, Iñaxio. Politikaz, hauteskunde kanpainan gaudek eta. Laster herrietako udaletako agintariak aukeratuko dizkiagu. Lau urterako alkate eta zinegotziak.
Makina bat buruhauste izan diate alderdi guztiek ere zerrendak osatzerakoan: batzuek “anima apartatuta ganadua bezalaxe” markatuta zeudenez ezin zutelako, beste batzuek nahi ez zutelako, hainbatek “fidatzekoak” ez zirelako, gazteak eta emakumeak animatzea zail zelako… Larri ibiliak dituk alderdi asko herri askotan. Baina estutasunak estutasun, zerrendak osatzea lortu dutenen berri badiagu. Bakoitzak bere herrian eta ingurukoetan osatu diren taldeen eta hautagaien zerrendak aztergai dizkiagu.
Oraindik sorpresak izan dikeagu, zoritxarrez oso ohituak gauden sorpresak jaso dikeagu, halako taldetako zerrenda baliogabetu dutela… Justizia deritzonak berekin duen injustiziaren ondorioz guk ezin jakin oraindik, ziur, zein hautagai izango ditugun. Egoera grabea izan arren, momentuz albora utzi eta udal hauteskundeetan izaten dudan jarrera azalduko diat: udal hauteskundeetan alderdi edo taldeen siglen aurretik pertsonak hautatzen dizkiat. Halako kidek konbentzitzen nauenez, langilea, euskaltzalea, hitzekoa, fin eta jator jokatzen duena denez, ezagutzen dudanez eta konfiantza ematen didanez, herria gidatzeko oniritzia, botoa emango zioat. Karguduna izan gabe, kirolean, kulturan, eskolan, koadrilan… nire ustez jator portatu ez denari, nekez emango zioat botoa, nahiz eta gustuko dudan alderdi politikoko ordezkari izan. Alderdi politikoei ez, baizik eta pertsonei ematen zieat nik botoa udal hauteskundeetan.
Bestalde, emaitzak emaitza, intentzio onez lanerako prest agertu diren guztiak zoriondu nahi dizkiat. Baita lanerako prest izan, baina aurkezten utzi ez dituztenak ere.
Inazio Usarralde•
Hik azaldu dun heure jarrera eta egokia dun, baina, gauzak parekotik parekora baleude solamente. Gaur gaurkoz, bistakoa denez, ez zeuden. Batzuk aurkezterik izango duten ere ez baitzekiten. Hau al dun demokrazia? Hala bada, niregatik bota dezatela zerri askara! Izan ere, hori dun tristea: jendeak, ondo kostata bada ere, zerrenda batean joateko hitza eman eta ezin joana. Gure seme-alabei nola azaldu behar zienagu hau demokrazia dela? Nola bere aitak, amak, izebak, osabak edo lehengusuak ezin badu bere herriaren alde lanean aritzeko aurkeztu?
Bazirudinan egoerak hobera egingo zuela azken mugimenduak ikusita, baina, egunak aurrera joan ahala, ez din on itxurarik! Hau horrela dela, lehentasunak galdera hau pizten zidan neure barnean: egoera honi herri bezala nola erantzun? Eta hortik ere ez dinat, ba, bidea oso argi ikusten. Esaterako, Iñigo Urkulluk ”Bilduk zerrendak ondo zaindu behar lituzke” (Berria, 2011-04-27) esanez laguntzen din eta Aintzane Ezenarrok, bere aldetik, “Kritikatzeaz gain eta kontrakotasuna agertzeaz gain, ez dakit zer gehiago planteatzen duzun egin zitekeenik” esaten zionan Berriako kazetariari joan den igandean.
Hona iritsita, Victor Alexendre idazle kataluniarra aipatu behar dinat eta, bide batez, haren liburu bat aholkatu. Hark dioenez, Espainiaren cerrazón delakoaren aurrean, ez dinagu zertan etengabe geure burua justifikatzen ibili: horretan darabilgun denbora baitun juxtu geure existentziari kentzen ari garena. Parean daukagunak ez baitin gu ulertzeko intentzio txikienik ere. Mendeko eduki nahi gaitin. Ondorioz, izan gaitezen nor. Eta nor izateko independentzia behar-beharrezkoa dugula zion Alexandrek.
Gatazkaren berri ematen zigun bere liburuko izenburuaren lehen zatiak ‘Hitza hormaren kontra’ eta azpitituluak konponbiderako giltza ‘Independentzia ez da pribilegioa’.