Ainhoa Rodriguez eta Ainhoa Esnaola, I. Beasaingo Film Laburren lehiaketaren antolatzaileak •
Eginez ikastea. Lelo horixe da Akkua eta taZEBAez enpresako Ainhoa Rodriguez eta Ainhoa Esnaolaren filosofia. Proiektu hezitzaileak sortzea dute helburua eta kasu honetan, zine mundua hartu dute aitzakia, eta “jende gazteari modu hezitzaile batean motibazioa sortzea” nahi dute. Beasaingo Udalak bat egin du Rodriguezen eta Esnaolaren asmoekin eta hortik sortu da Beasaingo Film Laburren lehiaketa.
Irunen, Mondragon Unibertsitatean, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) izeneko gradua ikasten ari dira. Sarritan, trenez egiten dute eskolarako bidea. Tren bidaia horietako batean sortu zitzaien Beasainen, Film Laburren Lehiaketa egiteko ideia. Beasaingo Udalari proiektua aurkeztu, ondo iruditu eta aurrera egin dute ideiarekin. Urtebete daramate proiektua lantzen. Maiatzaren 23a izango dute egindako lanaren uzta jasotzeko ordua. Egun horretan bukatuko baita Film Laburren lehiaketan lanak aurkezteko epea.
Helburu ezberdinak ditu Film Laburren lehiaketak. Laburbilduz, honokoak dira: euskaraz, teknologia berriak erabiliz, talde lanean ondo pasatzea. Horiekin batera, zinea, adierazpenerako tresna bezal erabiltzea. “Pentsatzen edo sentitzen duguna adierazteko modu da zinema. Gazte guztiok zaletasun ezberdinak ditugu baina denoi gustatzen zaigu adieraztea. Modu ezberdinetara, baina adieraztea. Ildo horretatik, jende gaztea zine mundura hurbildu nahi dugu, beste aukera desberdin bat proposatzen diegu, taldean lan egitearen garrantzia, teknologia berriak erabiltzea, euskara edo hitzik gabeko hizkuntzan adieraz ahal izatea. Beraien lanak kalean ikusteko aukera eskaintzen dugu, ekainaren 24-25ean”. Azken batean, “gazteentzako proposamena da Beasaingo Film Laburren lehiaketa. Mundu hau gustuko duten euskal gazteak elkartu nahi ditugu, eta zaletasun honetaz denok gozatu ahal izatea. Esperientzia poltta dela uste dugu”, diote Rodriguez eta Esnaola beasaindarrek.
Bi maila
Bi maila edo atal izango ditu lehiaketak: batetik, Ikasleen saila deitua (Beasaingo ikastetxeetako 3. eta 4. DBH eta batxilergoko ikasleentzat); eta bestetik, Gazteen Saila (Euskal Herriko 18-29 urte bitarteko edozein gazteentzat).
DBH eta batxilergoko ikasleei dagokienean, ikastetxeetan bertan lantzeko ekintza bezala proposatzen dute. “Ikasleek taldean lan eginez eta teknologia berriak erabiliz laburmetraia bat sortu behar dute, lehiaketara aurkeztuz. Film laburra egiteak bi atal lantzea dakar; non ikasle bakoitzak bizitzako prozesua deskribatu behar duen eta zati digitala, non talde lana eta landutako gaitasunak aztertu daitezkeen, lanaren aurkezpena kontuan hartuta beti ere”, diote lehiaketaren antolatzaileek.
Beasaingo ikastetxeekin hitz egin dute Rodriguezek eta Esnaolak eta aurtengo edizioan, La Salle eta Loinazpe ikastetxeek parte hartuko ziurtatu dute. Datorren urteetan, Beasaingo ikastetxe gehiagok parte hartzea nahiko lukete eta litekeena da Goierriko mailara ere zabaltzea lehiaketa.
Sariak
Gazteentzat motibagarriagoa izatearren, film laburrak erakutsi egingo dira Beasainen. San Juan inguruan, ekainaren 24an eta 25ean, Bideluze plazan izango da lehiaketara aurkeztutako lanak ikusteko aukera.
Sariei dagokienean, 2.000 eurotan balioztatuko sariak jasoko dituzte. Dolarea, Xerbera, Kikara eta Batzokia tabernek, Legazpiko paintball-ak, Tolosako karting-ak eta Bareak-ek emango dituzte sariak.
Epaimahaia, zinemaren inguruan aritzen direnek osatuko dute. “Epaimahi hetereogenoa izango da”, diote. Besteak beste, Goienizekoek eta Eñaut Tolosa zinemagileak. Ainhoa Rodriguezek eta Ainhoa Esnaolak ere parte hartuko dute. Euskara arloan lanean dabilenik ere izango da epaimahaian.
Sariak erabakitzerakoan kontuan zer hartuko duten galdetuta, honokoa erantzun digute: “oinarriak betetzea bai baina, lan batek zerbait sorraraz diezaigula. Sentimendu bat, mezu bat. Sormena eta irudimena, talde lana, soinu eta irudi ona izatea eta euskara baloratuko dira”.
Animatu
Rodriguezek eta Esnaolak Lehiaketan parte hartzera animatu nahi dituzte goierritar gazteak. Aukera ona dela diote. “Adierazteko modu berri bat da. Futbola gustatzen bazaizu, talde batean apuntatzen zara eta futbolean jokatuko duzu. Edo idaztea gustatzen bazaizu, idazlan lehiaketan parte hartuko duzu. Afizio ezberdinak daude, baina zine munduan sartzeko ez dago aukera askorik. Askotan koadrilan sortzen dira bideoak baina horretan gelditzen dira. Guk beste pauso bat ematea proposatzen dugu. Argazki elkarteak badaude baina zinema arloan ez dago gauza handirik, ez zaio bultzadarik ematen. Beste ate bat ireki nahi dugu. Arlo hori gustatzen zaien ala ez probatu dezatela”, zehaztu du Ainhoa Rodriguezek.
“Beti esan izan zaigu irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela. Saiatu daitezela, sentitzen dutena elkarbanatzea, zerbait polita sortzea. Guk aukera emango dugu erakusteko. Hori bera sari polita da”, gaineratu du Ainhoa Esnaolak.
“Zerbait esateko edo adierazteko daukan gazte orok har dezake parte”
Nortzuk har dezakete parte Beasaingo Film Laburren lehiaketan?
Zerbait esateko edo adierazteko daukan gazte orok. Askotan eman digute aukera bertsoz, idatziz edo poesiaren bitartez adierazteko baina beti esan digute irudi batek mila hitz baino gehiago balio dituela. Filmatuz edo marraztuz ere adierazi ahal daitezkenak.Euskara, teknologia berriak, talde lana… Gazteei erakargarri egiten al zaizkie arlo horiek?
Nork ez du noizbait koadrilarekin bideo bat grabatu, ordenadorera pasa eta gero ikusi eta barre egin? Zergatik ez eman hurrengo pausoa eta holako lehiaketa batean parte hartu? Gazte guztiok ditugu afizio desberdinak baina denok dugu adierazteko zeozer. Lipdup-ei buruz ez dugu oinarrietan idatzi baina horiek ere sartuko lirateke. Azkenaldian, dezente egin dira.
Oinarriak
http://beasaingofilmlaburrenlehiaketa.wordpress.com/ web gunean daude I. Beasaingo Film Laburren lehiaketaren xehetasun guztiak. Zalantzarik izanez gero, antolatzaileekin harremanetan jar zaitezkete.
• Film laburrak formatu digitalean aurkeztu behar dira, soinuarekin edo gabe.
• Gaia eta generoak libreak dira.
• Gehienez 15 minutu luzatu daitezke.
• Beharrezkoa: kalitatezko soinua (edukiz gero), kalitatezko irudia, historia bat.
• Talde edo autore bakoitzak film laburra bakarra aurkeztu dezake.
• Aukeratutako film laburrak Katalogoan azalduko dira eta proiektatuak izango dira sari banaketaren egunetan.
• Film labur bakoitza DVD-an aurkeztu beharko da, zuzendariaren edo ekoizlearen NAN zenbakiarekin eta inskripzio fitxarekin (e-mailez bidali).
• Aurkeztutako lan guztiak euskaraz egon behar dira.
• DVD formatuan eta CD-anhelbide honetara bidali behar da: Akkua eta taZEBAez. Hendaia kalea, 8 (Ducorau jauregia). 20301 Irun.
• Lanak bidaltzeko azken eguna: maiatzak 23.
• Epaia: ekainak 24-25.
• Sariak: Gazteen sailean, 3 sari eta Ikusleen saria; Ikasleen sailan, 2 sari, Ideia hoberenaren saria eta Ikusleen saria.
• Informazio gehiago: http://beasaingofilmlaburrenlehiaketa.wordpress.com/
• Harremanak: filmlaburrenlehiaketabeasain@gmail.com