Pilota bi era ezberdinetan bizi duten bi goierritar elkartu ditugu. Unai Garmendia legorretarrak 26 urte ditu eta gorputzak uzten dion bitartean, pilotan gozatzen jarraitu nahi du. Iker Iribarria aramarrak 14 urte ditu eta orain artean bezala jarraitzen badu behintzat, etorkizun oparoa izan dezakeen pilotaria da. Berria pilota txapelketan, Amezketako Zazpi Iturri taldean parte hartu dute biek eta Berria txapela irabazi dute.
Unai Garmendiak eta Iker Iribarriak, Berria saria irabazi berri dute Zazpi Iturri taldearekin. Kadete, jubenil eta nagusien mailako hiru bikote izaten dira talde bakoitzean. Unai Garmendia nagusien mailan aritu da eta Iker Iribarria kadeteetan. Garmendiaren esperientziaren eta Iribarriaren ilusioaren lekuko izan gara Aramako pilotalekuan egin dugun solasaldian. Berria txapelketari errepasoa eginez hasi gara.
Amezketaren izenean, Zazpi Iturri taldearen izenean aritzen zarete biok.
Unai Garmendia: Elkarrekin entrenatzen dugunok osatzen dugu taldea. Herriarteko talde batzutan gertatzen da, Klub ezberdinetan dabiltzan pelotariak nola edo hala elkartu eta taldea osatzea. Hemen behintzat, ia denak elkarrekin aritzen gara entrenatzen.
Pilotariok gustuko duzuen txapelketa al da Berriarena?
Iker Iribarria: Oso txapelketa polita da bai. Galtzea edo irabaztea ez dago norberaren esku bakarrik. Taldean jokatzen dugu.
Garmendia: Azken batean, guk herriartekoa jokatzeko aukerarik ez daukagu eta antzekoena den lehiaketa da. Herriartekoaren antzekoa da baina badu berezitasunik: bi gazteek irabaziz gero, partidu guztietako tanteoak hartzen dira kontuan. Alegia, nahiz eta aurreneko bi partiduak 22-21 irabazi, zaharrenek 22-4 galduz gero, beste taldeak irabaziko du. Bi taldeetako gazteek, partidu bana irabaziz gero, handienen partidua irabazten duenak irabazten du. Azken batean, nagusien mailako partiduei interes pixka bat emateagatik hartu dute tantoak kontatzeko erabakia.
Gainerakoan, zein txapelketa duzue gustuko?
Iribarria: Elgetakoa. Lau t’erdikoa izaten da. Iaz oso ondo ibili nintzen, eta aurten ikusi egin behar. Aurten maila handia dago. Unaik badauka ni entrenatzen lana.
Garmendia: Maila horretan, txapelketarik onena da. Denek nahi izaten dute baina egun bat txarra edukitzea nahikoa da, helburua pikutara joateko. Txarra izaten da horrekin obsesionatzea. Egun txar bat edonork eduki dezake. Hori bai, irabaziz gero, ateak zabaltzen dira.
Iribarria: Elgetan irabazita, Diario Vasco lehiaketan sartzeko aukera daukazu. Titinen txapelketa Errioxan… Elgetan nabarmenduz gero, aukera gehiago izaten da beste txapelketa batzuetara joateko.
Garmendia: Horrelako txapelketetan egoten dira enpresetako begiraleak.
Zuk Unai, horrelako txapelketaren batean parte hartu al duzu?
Garmendia: Ni atzelaria naiz, baldar horietakoa, eta lau t’erdian ahalik eta gutxiena jokatu dut. Binaka jokatu izan dut. Nire garaian jokatu nuen behin. Partidu bat irabazi eta bestea galdu egin nuen. Beti binakan ibili naiz.
Zu Iker, aurrelaria zara. Banaka gustura ibiltzen zara?
Iribarria: Binaka baino zailagoa da, baina politagoa ere bai. Lau t’erdian erasotzeko errazagoa da, baina defenditzeko ere komeriak izaten dira. Biziagoa da Lau t’erdia. Indarra bakarrik ez da behar, taktika ere behar da, burua erabili behar da.
Garmendia: Konzentrazio handia eskatzen du. Lau T’erdian konfiantza eduki behar da.
Elgetako txapelketa duzu beraz helburu.
Iribarria: Helburua bai baina ez baldin bada ondo ateratzen, datorren urtean ere hor egongo da.
Amezketan entrenatzen duzue beraz. Eskola ona al dago?
Garmendia: Ni Legorretan hasi nintzen Pelota eskolan. Herriarteko talde bat sortzeko eskola sortu zuten. Urtebete egin eta osabaren bidez, 15 urterekin, Amezketan sartu nintzen. Harrezkeroztik han jarraitzen dut entrenatzen.
Iribarria: Ni Ordizian hasi nintzen eta txapelketa hau ateratzeko, esan zidaten, noizbehinka deituko zidatela entrenatzera Amezketara joateko. Noizbehinka joaten naiz Amezketara. Bestela, Ordiziara joaten naiz.
Garmendia: Txikitan hainbesteko garrantziarik ez du baina adinean aurrera joanda, klubaren arabera partidu gehiago lortzeko aukera izaten da, entrenatzeko ere jende hobea… azken batean dena lotuta dago. Hobetzeko ere aukera hobea izaten da klub handi samarretan. Hori bai, norberak egin behar izaten du gero.
Iker zuk zeuk, Ordizian aritzen zara. Zer moduzko maila dago Ordizian?
Iribarria: Txarra ez dago. Nire adineko hiru pelotari gabiltza. Gazteagoetan ere bost bat badaude. Baina txikietan oso jende gutxi dago. Bat Legorretakoa, Tolosakoa, Beasaingoa… baina ordiziarra bakarra dago. Pelota goxoarekin ibiltzen direnean badabiltza baina aurrera doazen heinean, jendeak pelota utzi egiten du.
Garmendia: Ordizia eta horrelako tokietan gertatzen da futbolak indar handia duela. Pelota indibidualagoa da eta pelotan jarraitzea gogorragoa egiten da.
Iribarria: Kirol aukera handia dago: futbola, errugbia, saskibaloia… Azkeneko muturrean pelota dago.
Pilota ez al dago modan?
Iribarria: Herri txikietan gehiago.
Garmendia: Telebistak bonboa ematen dio, baina ez dakit jendea ez ote den nazkatzen ari. Bonboa badauka baina beste gauza bat da pelotan aritzea. Futbolean, lagunartean aritzea errazagoa da. Pelotan, takoak jantzi eta denbora asko behar da.
Pelotalekua herrian bertan daukazue. Pelotalekuan hazitakoak al zarete?
Iribarria: Hiru urterekin dagoeneko pelotalekura etortzen nintzen. Orduak pasatakoa naiz.
Garmendia: Aita Baliarraingoa da eta hasi-hasi, Baliarrainen hasi nintzen frontoi txikian.
Profesionaletarako saltoa eman duen azken goierritarra Albisu ataundarra izango da.
Garmendia: Horrela segitzen badu, aukera handiak ikusten zaizkio.
Iribarria: Itxura ona dauka. Lesiorik ez badu izaten, eskuak lagun izaten baditu…
Gaur egun profesionaletara iristea ez dago erraza.
Garmendia: Ni Frontis enpresan ia hiru urte egin nituen. Krisiarekin ateak itxi zituen eta berriz ere behera.
Krisia ere iritsi da beraz pilotara.
Garmendia: Orain arte, bi enpresa indartsu eta hiru-lau enpresa txiki zeuden. Orain, bi indartsuak gelditu dira, baina beraiek ere langileen kopurua murriztua dute. Lehen 35 pelotari zituzten plantillan eta orain 20-25. Enpresa txiki guztiek ateak itxi dituzte. Hor gora igotzeko, zailagoa dago. Aimar-eta oraindik gazteak dira. Orain, 18 urterekin hartzen dituzte. Figura izan daitezkeenei debutatu arazi, bi-hiru urtean balio ez duena etxera bidali eta beste 18 urteko bat hartzen dute. Jendeak kolpe handiak hartzen ditu. 18 urterekin debutatzeko aukera bai baina arriskutsua da. Afizionatuetan orain, izen handi asko azaltzen hasi dira. Profesionaletan egondako asko daude.
Eskuak dira pelotarion lan tresna. Lan handia ematen al dute?
Iribarria: Trapua jarriz gero ez dago arazorik.
Garmendia: Nik garrantzia horri ematen diot, eskuak ez izorratzeari. Trapua jarri eta eskuak babestea izaten da nire helburua.
Iribarria: Askotan barre egiten dugu zenbat trapu jartzen dugun. Baina garrantzitsua da hori.
Garmendia: Bakoitzak bere metodologia bilatu beharra dauka. Batzuk gutxirekin nahiago izaten du. Bakoitza mundu bat da.
Esperimentatzen aritzen al zarete?
Garmendia: Bai. Gehiago, gutxiago… Baina txapelketa bakoitza klub batek aukeratzen du eta pelota ezberdinak jartzen ditu. Batzuk, berri-berriak izaten dira, beste batzuek oso gastatuak… Takoekin asmatzea oso zaila izaten da. Bakoitzak pelota jotzeko bere era dauka eta pelota jokatzeko era horrek takoak jartzeko era bat eskatzen du. Mundu bat da.
Iribarria: Kadeteetatik jubeniletara pelotak aldatu egiten dira eta jubeniletan, kadeetako takoekin ezin da jolastu. Gehiago jarri behar da. Kalkulatu egin behar da tako edo espadradapo gehiago jarri.
Garmendia: Neurria hartzen uste baino denbora pasatzen da.
Txikienak desiatzen egoten dira takoak jartzeko.
Iribarria: Eta gu, nazkatuta dagoeneko.
Garmendia: Takoak jarrita, ikaragarri jokatzen dela iruditzen zaie.
Zein pelota mota aukeratzen duzue?
Iribarria: Toke asko duena. Normalean ni izaten naiz indarra daukana eta gehiena ateratzen dena. Besteak indar gehiago baldin badauka, motelagoa aukeratzen dut. Baina normalean, fuertea.
Garmendia: Nik, denbora pixka bat ematen didana eta ahal dela, karga pixka bat eduki dezala.
Batzuk kontua erabiltzen dute peloten gaiarekin.
Garmendia: Guri, lau pelota jartzen dizkigute eta horiekin jokatzen dugu, ez daukagu aukeratzeko pribilejiorik. Alde batetik, hobe, bestela izango litzateke zalaparta.
Iribarria: Azkenean, ona dena, pelota guztiekin da ona. Hobeto datorkizula pelota bat ala bestea, bai, baina edozein pelotarekin jokatu behar da. Guri lau pelota jartzen dizkigute eta nahiz eta patatak izan edo Polizia Nazionalaren pelotak izan, berdin-berdin jokatu behar dugu. Ez dago besterik.
Pilotaz gain, beste kirolik egiten al duzue?
Garmendia: Pelota bakarrik.
Iribarria: Saskibaloian ere jokatzen dut.
Momentu bat iritsiko da aukeratu behar izango dena.
Iribarria: Niri gertatu zait pelotarekin eta saskibaloiarekin. Datorren urtean saskibaloian ere jokatuko dut baina utzi egingo du. Bi kiroletan ondo ibiltzen zarenean, bat aukeratu behar duzu, bietara ez zarelako ondo iristen. Pelota aukeratu dut.
Erabakia erraza izan al da?
Iribarria: Ez hain erraza. Saskibaloiko lagunak uzteak pena ematen dizu. Euskadiko Selekzioan aritu naiz eta pena ematen du lagunak uztea. Baina pelotan ere nahikoa lagun dauzkat eta moldatuko gara.
Etorkizunaz, hankak lurrean
Iker Iribarria gaztea da oraindik baina orain arteko bere pilota ibilbidean, nabarmentzen ari da. “Figura da”, deskribatu du Unai Garmendiak. Hitz onak ditu Garmendiak Ikerrentzat, baina zortea ere beharko duela dio.“Horrela segitzen badu, Ikerrek badu bidea. Progresio honekin jarraitzen badu, aukera ikusten zaio, lesiorik ez baldin badauka behintzat”, gaineratu du.
Hankak ordea, lurrean ditu Ikerrek. “Etorri behar bada etorriko da. Orain artean ondo nabil baina orain artekoak ez du balio, pixkanaka joan behar dut. Orain artekoak badu garrantzia baina hemendik aurrerakoak gehiago. Partidu garrantzitsuetan destakatzen ez baduzu, zaila daukazu. Merituak eginez gero, lortzeko aukera hor dago. Baina parrandak ere hor daude…”, gaineratu du. “Orain adin kritikoa dauka Ikerrek. 16-18 urterekin parrandak hasten dira. Gogorra egiten da askotan. Besteak parrandan dabiltzanean, etxean gelditzea, gogorra da”
Momentuan, motibaziorik ez zaio falta aramarrari, etxeko sei apaleko bitrina kopaz beteta baitauka.
Zortea
Dena den, argi daukate biek, profesionaletara iristeko, zorte handia beharko duela. “Bi enpresa daude eta ona izanagatik ez bazaie gustatzen, ez zaituzte kontratatuko. Entxufea ere hor dago. Azkenean, zortea da”, dio Unaik.
Di-Da
Unai Garmendia •
Zure ezaugarria:
Ezergatik ez dugu nabarmendu. Pilako horietako bat. Segi eta segi hortxe gabiltza. Gorputzak aukera ematen duen bitartean, etsitzen ez duena.
Hobetzeko zer daukazu?
Nik hobetzeko gutxi. Dakidana erakustea.
Helburua edo ametsa:
Ahal dena aguantatzea.
Pelotaleku bat:
Labriten-eta jokatu dut, baina Amezketakoarekin gelditzen naiz. Bertan entrenatu eta jokatu izan dut eta Amezketakoarekin gelditzen naiz.
Maniarik bai?
Nik ez daukat maniarik.
Txapelak eta kopak non gordetzen dituzu?
Nik askorik ez daukat baina txapelak, kiroletako poltsa batean sartu eta armarioan gordeta dauzkat. Kopak, lau edo bost politenak bistan eta beste guztiak kaja batean sartuta.
Zaletasun bat:
Ondo jan eta ondo lo eginez gero… nahikoa.
Iker Iribarria•
Zure ezaugarria:
Ezkerra naiz. Aire eta gantxo nahiko ona. Hori bai, makala. Altuera honekin badakizu.
Hobetzeko zer daukazu?
Abiadura, teknika hartzea, posturak, eskubi bolea… Dena daukat hobetzeko.
Helburua edo ametsa:
Dena ikusi behar da. Indarra etortzen zaizun… Ametsa-ametsa, profesional bat izatea da. Bestela, helburua, ondo pasatzea eta hobetzen jarraitzea da.
Pelotaleku bat:
Gutxi probatu ditut, baina bat, Adarraga.
Maniarik bai?
Sakea ateratzerakoan 4 bote ematen ditut beti.
Txapelak eta kopak non gordetzen dituzu?
Kopak britinan dauzkat. Sei apal ditu eta dena beteta dago. Garbitzen izaten dira komeriak. Txapelak, hautsa ez hartzeko plastikoan bilduta dauzkat, armarioan.
Zaletasun bat:
Mendira joatea asko gustatzen zait.