Gaitzetatik eta amesgaiztoetatik babesteko, Karmen Elizegi olaberritarrak Kuttunak banatzen dizkie herrian urtean jaiotako haurrei, Santi Kutz egunean (maiatzak 3). Urteak daramatza lan honetan eta betidanik ezagutu izan duen ohiturari eusten dio. 89 urte ditu olaberritarrak.
Kuttun dauka izena dauka Olaberriko Eskolako Guraso Elkarteak. Bere ekimenez, eta izenari omen eginez, maiatzaren 3an, Santi Kutz egunean, herrian jaiotako haurrei kuttunak emateko ekitaldia antolatzen hasi zen duela urte batzuk. Egun horretan, Karmen Elizegiren lana izaten da kuttunak jartzea.
Dena den, kuttunak jartzea ez da ohitura berria Olaberrian. Karmen Elizegi olaberritarrak urteak daramatza Elizan bedeinkatutako kuttunak banatzen. “Ez dakit noiztik etorriko den ohitura hau, nik horrela ezagutu dut eta”, dio Karmenek. 89 urte egin berriak ditu olaberritarrak.
Apaizaren ordez
Garai batean apaizak banatzen zituen kuttunak baina garaiak aldatu egin dira. “Apaizetxearen ondoan bizi izan gara eta apaizekin harreman handia izan dugu beti. Egunen batean kanpora joaten baziren, kuttunak uzten zizkidaten inor etortzen bazen. Txiki-txikitatik egin dugu lan hori. Apaiza falta zenean nik heltzen nion lan honi, pena ematen zidan-eta galtzea. Jendea etorri egiten da oraindik ere eta apaiza astean behin etortzen da bakarrik. Apaizak bedeinkatutako kuttunak uzten dizkit. Nik bildu eta sokatxoarekin bilduta kajatxo batean gordetzen ditut. Beste meriturik ez du. Gauza naizen bitartean jarraituko dut. Pena da ohitura zaharrak galtzea”, azaldu du. Garai batean Arriarango San Pedro Elizan ere kuttunak banatzen zituztela azaldu du olaberritarrak.
Kuttunen babesa
Euskaraz eta latinez idatzitako papertxoa da kuttuna, A4 orriaren erdiaren neurrikoa. “Garai batean latinez zen baina gaur egun euskaraz ere jarrita dauka”, dio olaberritarrak. Elizako zigilua darama.Ohituraren arabera, gaitzetatik eta amesgaiztoetatik babesteko erabiltzen dira kuttunak.
Ohituraren arabera, “pertsonentzako zein animalientzako erabiltzen dira. Gaur
egun animalia gutxiago dago etxeetan baina lehen etxeetan txerriak izan egiten ziren. Txerriak 10 ume edo izaten zituen. Bakarren batek titia igual ez zuen ondo hartuko eta txerritegian ere jarri egiten zen kuttuna. Baserritarrek ikuiluan ere jartzen zuten kuttuna. Umeak ondo lo egiten ez zuela eta… batzuk ondo jartzen ziren, beste batzuk ez… bakoitzak fedea nola zeukan izango zen. Batzuk sehaskan jartzen dituzte. Zinta ere jartzen diete kolkotik zintzilik jartzeko. Burukoaren azpian ere jartzen dituzte beste batzuk. Pertsona helduak ere etortzen dira amesgaiztoak izaten badituzte”, azpimarratu du.
Olaberritarrak esan digunez, “garai batean fedea gehiago zen, orain gutxiago
dago fedea. Nafarroatik ere koadrilak etortzen ziren kuttunen bila”. Oraindik ere etortzen omen dira Nafarroatik kuttunen bila. Karmenek berak buztinarekin egindako potetxoan dauzka gordeta. “50 zentimoko limosna eskatzen da kuttun bakoitzeko”, zehaztu du.