Maiatzaren 29an, Aizkorri-Zegama mendi lasterketako 10. edizioan parte hartzekoa da Koldo Urrestarazu lazkaotarra. Guillermo Pinillos zegamarrarekin batera, bera da 10 ediziotan parte hartu eta lasterketa bukatu duen goierritarra. Bost orduren bueltan betetzen du 42 kilometroko ibilbidea. Iaz Ehunmilak proban ere parte hartu zuen. Aurten, Aizkorriko maratoiarekin batera, Goierriko Bi Handiak prestatzen ari da. Dena den, erlojuari askorik begiratu gabe, era batera edo bestera kirola eginez, gozatuz, zoriontsu izatea du helburu lazkaotarrak.
“Auskalo zenbat kilometro egiten dudan urtean!”
Urtean zenbat kilometro egiten dituzu? Auskalo! Denak apuntatuko banitu…!
Zenbat lasterketa?
Iaz 15 bat egin nituen. Aurten, dezente gutxiago egingo ditudala uste dut. Orain arte, 3 mendi lasterketetan parte hartu dut, Beasaingo Herri Lasterketan parte hartu nuen eta orain Aizkorrikoa egingo dut. Goierriko Bi Handiak egiteko asmoa ere badaukat. Irailetik aurrera, Usurbeko igoera, Ataungo Herri Lasterketa, Beriaingo Kilometro Bertikala….
Errepidean ere ibiltzen al zara?
Astegunean errepidean ibiltzen naiz normalean. Lanetik berandu samar etortzen naiz eta hemen inguruan ibiltzen naiz. Errepideko hiru lasterketa ere egiten ditut. Ikaztegietakoa, Ataungoa eta Josetxo Imaz. Aurten Beasaingoa ere gustatu zait…
“Egunero egiten dudana idazten dut koadernoan”
Nolako entrenamenduak egiten dituzu? Autodidakta izan naiz beti. Ez dut entrenatzailerik eduki inoiz ere. Nik jarri ditut entrenamenduak. Nahi dudanean entrenatu dut eta nahi dudana egin dut. Eta hala egiten jarraitu nahi dut. Internetik eta aldizkarietatik informazioa ateratzen dut eta horrek asko laguntzen du. Esperientziarekin entrenamendu modu batzuk ikasten dituzu. Konstantea izaten saiatzen naiz. Nire kasuan behintzat,, sekretua, konstantzian dago. Egunero zerbait egiten dut. Korrika ez baldin bada, bizikleta, edo gimnasio pixka bat, igeri… Horrek laguntzen dizu, urtean zehar, forma bat edukitzen, oinarri bat edukitzen. Badakit entrenatzaile batekin arituz gero, halako probatan, denbora hobea egingo nukeela. Baina hori ez da nire lehentasuna. Kirola egitea, gozatzea da helburua. Batzutan ematea ere gustatzen zait, gorputzaldia probatzeko, baina normalean, kirola egin eta gozatu egiten dut. Denbora edukiz gero, ez dut esaten entrenatzaile batekin ez nintzatekeela arituko. Baina urteetan horrela ibili naiz, eta ondo moldatzen naiz.
Gorputza ondo ezagutzen duzu orduan.
Ez dut sekula pulsometrorik erabili. Beti sensazioen arabera korrika egin izan dut. Gorputza ondo ezagutzen dut eta horren arabera ibiltzen naiz. Ez naiz oso teknologia zalea. Hori bai, egiten dudan guztia apuntatu egiten dut koadernoan. Hor ikusten dut ze entrenamendu egiten dudan.
Zenbat urteko koadernoak dauzkazu?
Uff! Nik uste dut 1999an hasi nintzela egunero egiten nuena apuntatzen, eta gaur arte. Egunero, ohera sartu aurretik, idazten dut. Ondo etortzen zait erreferentzi bezala edukitzeko.
“Astakeria hitza nire hizkuntzan ez da sartzen, baina, Ehunmilak beharbada bai, astakeria da”
Hasieran Aizkorri astakeria iruditzen zitzaigun, orain, Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak jarri dituzte Beasainen. Hori beste pauso bat gehiago da. Egia da, hasieran, Aizkorri prestatzen eta egiten genuenean, astakeria hitza askotan ateratzen zela. Astakeria zela mendian horrela ibiltzea… Denborak azkenean gauzak bere lekuan jartzen ditu edo ez dakit, ohitu egin gara mendian distantzia horretan ibiltzen. Egiteko modukoa da. Orain bai, beste proba beldurgarri bat jarri dute Beasainen, baina nik uste dut denborarekin, jende batek neurria hartuko diola eta ondo bukatzeko moduan izango direla. Hasiera da eta horrek entrenamendu oso luzeak egitea eskatzen du. Sakrifizio oso handia eskatzen du. Ordu asko sartu behar dira. Iaz Ehunmilak egin nuen eta aurten Goierri Bi Handiak egingo dut, batez ere, urtero prestatzeak, denbora asko kontsumitzen dizulako. Asteburu guztietan mendian sartuta ibiltzea esan nahi du horrek. Astegunetan ere, lanetik atera eta zerbait egin behar duzu… Oso exijentea da. Goierriko Bi Handiak eramangarriagoa dela ikusten da, nahiz eta Aizkorriren bikoitza izan. Astakeria hitza nire hizkuntzan ez da sartzen, baina, Ehunmilak beharbada bai, astakeria da.
Zer moduzko esperientzia izan zen Ehunmilak?
Orokorrean, ona. Nire helburua bukatzea zen. Egin zuen eguraldia berez, beroa baino nahiago nuen egin nuen. Baina gertatzen dena da, gauez euri asko egin zuela. Aralarren sartu ginenean, itxialdi edo enzerrona bat izan zen. Uztailaren 15-16a zen eta negu gordinean genbiltzala ematen zuen. Laino itxi-itxia, euri dezente, izugarrizko hotza… Zira eta kamiseta batekin zoaz, eta hainbeste ordu mendian ibilita, kalori gabe gelditzen da eta asko sufritu nuen. Hotz handia pasatu nuen. Hori izan zen gogorrena Ehunmilatan. Baina polita, zoragarria izan zen, Etxegaratetik atera nintzenean: bakar-bakarrik, Aizkorriko igoera goizeko 3etan, goizaldean Zerainen nintzen eta egunsentia oso polita izan zen. Helmugara iristea ere oso polita izan zen. Indarrarekin eta gogoarekin iritsi nintzen. Horrelako distantzia luzeko proba batean denetik pasatu liteke. Hori azpimarratzen dugu horrelako proba luzeetan: hankak bezain indartsu edo indartsuago eduki behar duzula burua. Momentu txarrari buelta ematen jakin behar da. Burua engainatu egin behar da.
Bakarrik ala lagunen batekin nahiago duzu korrika egitea?
Nik bakarrik nahiago dut. Bakarrik entrenatzen dut. Zortea daukat koadrilakoak ere nahiko kirolariak direla eta mendian asko ibiltzen garela. Lagunekin entrenatzea ere suertatzen da. Baina gehien-gehiena bakarrik ibiltzen naiz. Oso gustura ibiltzen naiz bakarrik. Lagunekin oso gustura baina bakarrik joaten naizean ere oso gustura.
Ehunmilakeko Aralarreko “itxialdi” horretan bakarrik aritu al zinen?
Ez, kasu horretan ere, anaiaren laguntza eduki nuen. Larraitzen elkartu ginen. Pixka bat lagunduko zidala esan zidan. Eskerrak! Txindokitik behera ez nuen ezer ere ikusten, erdi desorientatuta nengoen, anaiaren laguntzari esker aurrera egin nuen. Lizarrustira iritsi nintzenean, aldatzeko arropa eman zidan eta horrek ere asko lagundu zidan. Hotz-hotz eginda iritsi nintzen Lizarrustira, lasterketa uzteko irrikan.
Lizarrustitik behera jaisteko tentaziorik ez al zenuen eduki?
Momentuan autobusa egongo balitz, dudarik ez izan, jaitsiko nintzela. Etsita nengoen Lizarrustin. Behin baino gehiagotan esaten nuen utzi egin behar nuela. Baina, lehen esan dizudana, lagunek jarraitzeko esaten dizute eta azkenean anaiak Etxegarateraino lagundu zidan, eta behin Etxegarateraino iritsita, utzi? Ez da pentsatu ere! Beste 10 ordu egin nituen bakar-bakarrik helmugara arte. Etxegaraten dutxatu, jan eta atsedena hartuta, gaueko 11,30etan atera nintzen eta hurrengo goizeko 9:50etan iritsi nintzen. Bide guzti hori bakar-bakarrik egin nuen. Momentu txarrak pasatzen jakin behar da. Bukatu genuen eta oso gustura.
Aurten, Goierriko Bi Handiak egingo duzu beraz. 82 km.
Entrenamendu txikiagokin, nik uste dut distantzia polita dela.
Aralarren ala Aizkorri ibiltzen zara gehiago?
Beti errazago jo izan dut Aralarra. Aizkorri inguru hori ere gustatzen zait eta ibiltzen naiz, baina dezente gutxiago. Aizkorriko mendi maratoia prestatzeko oraindik ez dut ikutu Aizkorri inguru hori. Ez zait asko gustatzen lasterketa pasatu behar den lekuan entrenatzea. Nahiago dut Esparru eta Atxurbi inguruan ibiltzea.
Di-da
Lasterketa bat: Ataungo Herri Lasterketa. Hor ere 20 urte damazkit parte hartzen. Izugarri gustatzen zait.
Mendi bat: Etxera egingo dut, Esparru.
Entrenatzeko leku bat: Esparrutik Lizarrustira arteko gainak.
Korrika ez den beste kirol bat: Hainbeste daude! Iraupen eskia edo mendiko bizikleta.
Urtaro bat: Udaberria.
Janari bat: Entsalada on bat.
Edari bat: Garagardo on bat.
Amets bat: Zoriontsu izaten jarraitzea.