Eneritz Gorrotxategi
Ion Muñoa
Krisia, banketxeak eta agintari politikoak aipatuta, ikusi berri dudan Debtocrazy dokumentala datorkit gogora. Greziako erreskatetik abiatuta, zorra jaulkitzean oinarrituta politika ekonomiko mundialak sortutako sistema injustua salatzen du. Nola sinetsi herritarrok dugula subiranotasuna, gehien eragiten diguten erabakiak banku zentralek edo rating agentziek hartzen badituzte? Nola sinetsi egoera horretan demokrazian?
Maiatzaren 15eko mugimenduaren atzean arrazoi eta inpultso asko daude. Badira kontraesanak –gizakia tarteko izaki–, baina gai batzuk iritzi publikoaren eztabaidetara ekartzea bera ez da gutxi! Hala ere, niretzat ez da nahikoa haserrea adieraztearekin. Protestaren bidezko bidea baztertu beharrik gabe, gauzak aldatzeko lan egin behar da. Aldaketak apaltasunetik eta beheko lanetik hasten dira.
Lan-gatazkei dagokienez, eskemak beti antzekoak dira. Harrigarria egiten zait oraindik patronal-langile ezberdintasun hori ikustea. Weber-en eta Marx-en garaietatik datozen bereizketek ez diote egungo gure gizartearen konplexutasunari erantzuten. Langile klasea bera existitzen al da ba? Fabrika batean 8 ordu lan egin eta BMWan Jakako etxebizitzara eskiatzera joaten dena proletarioa da? Eta nola deitu unibertsitatean eta atzerrian ikasi, eta egunean 10 ordu lan eginez 1000 euro irabaztera iristen ez den pertsonari? Indignatu bakarrik?
Egungo gizartea XX. mendearen lehen zatiko eskemetatik irakurtzen dugu, alegia sindikatu, alderdi politiko, sistema politiko, klase bereizketa, eta abarretatik. Baina egungo gizartea ezberdina denez, irtenbideak ere estruktura ezberdinekin bilatu behar dira. Nire proposamena: atzerago begiratzea euskal tradizioan. “Udalaren lurrei” berriro ere “herri-lur” deitzen hasten garenean, agian ez dugu gehiago estratosferez hitz egin beharrik izango.