Biak dira zuzenak, nahiz eta gauza bera ez izan! Noiz erabili bata eta noiz bestea?
a) Zero: zenbaki-izena da. Telefono-zenbakiak esatean, adibidez, horixe erabili beharko dugu.
Goierritarra: 943 16 00 56 (bederatzi, lau, hiru, bat, sei, zero, zero, bost, sei)
b) Huts: ez da zenbaki-izena, zenbatzailea baizik! Kirol emaitzetan erabil dezakegu:
Jo dezagun, Realak lau gol sartu dizkiola Bartzelonari eta ez duela bat bera ere jaso. Nola esango dugu? Bada, horrela:
Realak lau eta huts* irabazi dio Bartzelonari.
Golik gabeko berdinketa izanez gero, berriz, horrela esan beharko dugu:
Realaren eta Bartzelonaren arteko partida hutsean amaitu da.
Futbolean bezalaxe, beste edozein kiroletan, jakina:
Tenisean: Bigarren set-eko lehen jokoan Djokovic serbiarra da nagusi: berrogei eta huts (40-0).
Pilotan: Ezkurra eta Lizaso doneztebarrak zazpi eta huts
(7-0) jarri dira aurretik.
Tenperatura egoki esateak ere ez dizkigu nolanahiko buruhausteak ematen! Aldian aldiko kasuari begiratu beharko diogu horrelakoetan: zenbaki-izena denean zero esan, eta zenbatzailea denean huts.
Adibideak:
– Atzo, sei gradu zero gainetik; gaur, aldiz, bi gradu zero azpitik.
– Hozberoa hutsean dago: zero markatzen du termometroak.
(*) Oharra: gaztelaniaren eraginez, eta juntagailua “jateko ohitura” du batek baino gehiagok, baina euskarak ez du horrelakorik ametitzen.
ZUZENDU, BEHAR IZANEZ GERO…
Nola amaitu da Beasainen eta Ordiziaren arteko adiskidantzazko (lagunarteko) partida?
a) Bi eta zero.
b) Hiru-hiru.
c) Huts eta bat.
d) Zero-bost.
e) Launa.
f) Sei-huts.
OHARRA: Bi bakarrik dira zuzenak (“c” eta “e”).