Ordiziako Rugby Taldea bolada onean da azkenaldian. Ohorezko Mailan aurre-aurrean ibili zen azkeneko denboraldian. Gainerako taldeak ere oso maila ona ematen ari dira. Bolada on horren arrazoietariko bat, harrobian egindako lana da. Txiki-txikitatik haurrak errugbira erakarri eta txiki-txikitatik entrenatzen hasten dira. “Harrobia lantzen saiatzen gara txiki-txikitatik. Harrobitik Lehenengo taldera igotzea oso zaila da, baina ilusioa izaten da. Klubaren helburua, harrobiko taldearekin funtzionatzea eta ahalik eta kanpoko jokalari gutxiena edukitzea. Horretarako harrobia landu beharra dago”, dio Antonio Villafranca, Ordizia Rugby taldeko kideak.
Haurugby
Esate baterako, maiatzaren 21ean, Ordizian eta Beasainn, gaztetxoek VII.Edizioa jokatu zuten. Biarritz, Hernani, Ordizia, Gipuzkoako selekzioa, Boucau Tarnos, Ondres, Northe Bearn, Larresoro, Arrangoitze, Kanbo, Ustaritz, Ziburuu, Ejea de los Caballeros eta Bilboko taldeak izan ziren. Lapurdiko Larresorok irabazi zuen txapelketa. 200 haur inguruk hartu zuten parte. “Beste rugby bat ezagutzeko aukera bezala sortu zen Haurrugby”, dio Villafrancak.
Haurrentzako entrenamenduak
Denboraldi amaierako ekitaldia izaten da Haurugbya baina urte guztian entrenatzen aritzen dira 8 urtetik gorako haurrak eta gaztetxoak. Txikienek, adibidez, igandetan, goizeko 9,30etatik 11,15etara izaten dituzte entrenamenduak. Errugbiko arauak ikasi bai baina jolasetan oinarritzen dituzte entrenamenduak. “Hemen ez dago txapelketarik. Inguruko ikastetxeekin kolaboratzen da. Adinaren arabera, entrenamendu egunak, bat edo bi izaten dira. Gipuzkoan irteerak egiten dituzte”. Goierrithartxok ikusi duenez, gustura ibiltzen dira haurrak. Dutxatu ondoren gainera, otartekoa ematen diete opari gisa. Eta partidurik badago, jokalariei pasilloa ere egiten diete txikienek.
Antonio Villafrancak goierritHartxori esan dionez, datorren denboraldiari begira, infantil mailako mutilak erakarri nahi dituzte, harrobia lantzeko jarraitzeko. “1997-1998an jaiotakoak animatu nahi ditugu, probatzera etor daitezela. Astean bi entrenamendu izaten dira: asteazkenetan 18:00etan eta ostiraletan 17:00etan”.
Dena den, “gero eta haur gehiago hurbiltzen da. Lehen, maila guztietako eskilara osatzeko arazoak izaten ziren, baina orain osatuta dago. Badakizu, taldea ondo etortzen doanean jendea etorri egiten da. Baina beti behar izaten da jendea. Gertatzen da urte batean haur gehiago egotea eta hurrengoan gutxiago. Kirol ezberdin asko dago Goierrin eta futbola dago erdian”.
Udarugby
Udari begira beste aukera bat eskaintzen du Ordizia Rugby Taldeak: Udarugby. Oinarria errugbia bada ere, ekintza ezberdinak egingo dituzte 8 eta 14 urte bitarteko haurrek, ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Asteka izena emateko aukera ere egongo da. Ingelesa izango da udalekuon hizkuntza. Lagunak egiteko beste aukera bat ere ba da.