Heztea seme alabei etxetik ihes egiten erakustea da! Hori dio gure lagun Erramunek. Horrela zen gure aitona-amonekin… eta gurasoekin… eta guk ere horixe egin genuen ahal bezain laster, aurrena ikasteko aitzakian, geroago soldadutzak behartuta eta azkenik geure bidea erabat osatu asmoz.
Azken boladan (behar bada halaxe tokatzen da kurtso amaiera guztietan) egundoko ahalegina somatzen dut gurasoen aldetik seme-alabak erabat babesteko eta ez hezteko asmoz egina baizik eta momentuan daukaten korapiloa askatzeko nola edo hala. Kurtsoa pasa da eta orain ari dira zeruak eta lurrak astintzen irtenbide bila eta orain arte egindakoa zer izan da? Horrek ez dio axola ala?
Eta bizitzan ez ote dute/dugu hainbatek berdina egiten? Adibide batzuk jarriko dizkizuet:
- Andoainen artelan bat eraitsi eta itxitako lantegi batean abandonaturik daukate, altuera handia omen zuelako eta haurrak erortzeko arriskua zegoelako… kendu arrisku denak; itxi leiho eta ateak, balkoiak eta zubiak; haurra erortzen bada ez utzi berekasa jeikitzen ezta negar egiten ere… Zer entrenamentu ari gara eskaintzen bere buruaren jabe izan dadin?
- Gasteizko jangela batean kutxiloa erabiltzea galarazia zuten ikasleek eta jangelako laguntzaileek ebaki / zatitu behar zieten oilasko bularkia edo xerra edo… baita sagarrak zuritu ere. Ondorioz, menuan arroza tomatearekin jatea tokatzen zenean, jangelako laguntzaileek nahastea eskatzen zuten haurrek… haurrak azkarrak baitira eta batez ere erosoenaren aldeko apustua egiten dutenak, horrela ohituz gero!
- Eskolan nesken arteko pelukeria ikastaroa… eta haurrak izaki, batek beste denei, ile mataza bikaina zuten lekuan, egundoko kaskatarak egin eta dena desitxuratuta utzi, baita bere ile mataza zoragarria ere… egilearen aitak sekulakoak eta bi bota zizkien bere alabaren gelakideei, motxailea berea izan zitekeenik burutik pasa ere egin gabe… baina aitatxok bere aingerutxoari sinetsi (nola ez!) eta besteak ezer esaten hasteko aukerarik utzi gabe, epaia eman eta erabakia hartua: zuek pekatari!
- Arropa erostera edo oinetakoak edo… berehala ohartzen gara nork duen erabakimena eta azkeneko hitza: dendariak zapatak begi bistan jarri orduko, probatzen hasteko astirik gabe, umeak honako hau bota du “Ama, zapatila horiek mina emango didate e?” Eta amak, “lasai maittea, ez ditugu erosiko”. Orduan amak dendariari “sacame otro tipo de zapatilla, no quiero tener que oir todos los días la misma canción”. Erderaz, umeak ez ulertzeko. Eta edozein hizkuntzatan esandare ulertu ote liteke?
- Joan zen larunbatean neure ilobarekin, “Iker, sagar hau ihartu sagarra dek eta amonak menbriloa eitten dik honekin”. Eta berak “… menbriloa? Zer da hori? Ba gaztakin eta jaten den karamelu koloreko janari goxo goxoa. A, nei etzat gustatzen! Eta probatu al dek? Ez baino badakit etzaidala gustatzen!”.
Mundua guraso eta seme-alaben arteko gatazkak aldatzen du, ez ditugulako zirkunstantzia berdinak edo zirkunstantziak berdin bizi. Gure gonapeko edo galtzei lotuta bizi nahi duten seme/alabek ezin diote ezer berririk ekarri gizarte honi. Agian, besteok esandakoa egingo dute edo besteen esaneko izango dira baina beurak izango ote?
Ezinezkoa da gurasoen kriterioa beti seme alabekin aplikatzea… eta gainera eroriz ikasten da nola jarraitu bizitzako bidea; erori eta altxatzen norberak ikasi behar du, horrek emango dio entrenamendua ezinari aurre egiteko eta ez erortze horren arduradun eta erantzule gurasoak izateak.
Orain azterketa eta ebaluazio garaian, garaipena eta porrota ezkutatu beharrean, emaitzak jasotzeko garaia da eta behar diren neurri zuzentzaileak jartzeko edo adosteko. Egoera ezkutatzearekin edo maila edonola gainditzearekin ez dugu ezer konpontzen, atzera pausoak eman besterik ez, eta arazoa sakonago azalduko da denbora aurrera joan ahala. Behar bada, babesteko gu ez gaudenean eta orduan hasi beharko dute profesionalen kontsultetara bisitan, haien aholkuen bidez guk konpondu beharrekoa diru truke konpontzen. Badakizue, haurtzaroan pasa beharreko gaixotasunak heldu eta gero harrapatzeak eragin askozaz bortitzagoa duela diote sendagileek…
Garaipena edo porrota ikaslearena da seme-alabena eta ez gurasoena (arbitroarena ere ez!). Baina emaitza porrota denean irtenbidea aurkitzen saiatzea eta norberak aurre egiteko erantzukizuna har dezan eragitea, hori bada gurasoen egitekoa. Garaipena denean, zoriontzea eta dagokion neurriko goratzea tokatzen zaion modu berean.