Hirugarren legegintzaldia estrenatu berria du Iñaki Ugaldek Mutiloako alkatetzan. Esperientziak ematen duen patxadararekin hartu du kargua, erronka berriei aurre egiteko gogoarekin. San Pedro festak gainean dituzte Mutiloan eta aurten ere mutiloarrak eta bertara inguratzen direnak gustura utzi nahi dituzte.
3. aldiz Mutiloako alkate, zer suposatzen du zuretzat?
Erronka handia zalantzarik gabe, baina, errepikatzean beste patxada batez hartzen dira gauzak.
Hala ere Mutiloako udala osatzeko bilkuran, ez zen telebista kamerarik izan.
Ez, lasai-lasai joan zen dena.
Herri txiki, buru-hauste txiki?
Ez pentsa, txikietan ere izaten dira burukomin handiak.
Zein da duzun erronka nagusia?
Mutiloan meatzaritzaren inguruko ondarea berreskuratu eta Errotatxo eraikinaren berreskurapena.
Zer da herri txiki bateko alkate izatearen alde txarra?
Edozein une aproposa dela edozer esateko.
Eta alde ona?
Herriko jende guztia ezagutzen duzula.
Zein da Mutiloako sagardo dastaketak duen arrakastaren sekretua?
Antolakuntza, jendearen inplikazioa eta urteetako esperientzia.
Paella jana, patata tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa, oilasko errea, txokolate jana, gazte bazkaria, ardo banaketa, herri afaria… Jan-edanik gabe ez al dago jairik?
Horren inguruan ekitaldi asko egiten ditugu, baina arrakasta izaten dute.
Joselu Anaiak, bizi al dira ba? Galdetu du norbaitek.
Batek baino gehiagok galdetzen dit, baina ikusi egin behar da nola betetzen duten plaza.
Mutiloako jaietako une bat:
Sagardo dastaketa.
Mutiloako txoko bat:
Aitzburuko gaina.
Mutiloan biziko ez bazina…
Itsasertzeko herri txiki batean.
Mutiloakoak ez diren jai batzuk:
Oso festazalea naiz. Beste herri txikiren batekoak.
Abesti bat:
Itoizen ‘Txantxangorria’.
Oporretarako leku bat:
Asturias oso gustuko dut.
Janari bat:
Nik egiten dudan krema eta esnegainezko hojaldrea.
Edari bat:
Sagardoa.
Amets bat:
Zoriontsu izaten jarraitzea.