San Joan sua Beasainen
Dantza eta udako solstizioa uztartuz
Soka-dantzaren oinarrizko dantza-egituraren aldaera bereziak deskribatu zizkigun Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan: gizon-dantza, gazte-dantza, etxeandre-dantza, galaien esku-dantza, neskatxen esku-dantza eta edate edo karrika-dantza.
Beasainen baditugu une honetan bai gizon-dantza (Agintariena), bai gazte-dantza eta galaien esku-dantzak izan daitezkeenak (helduena eta haurren aurreskua). Baina ez daukagu emakumeak protagonista izan ohi ziren esku-dantzarik (etxekoandre edo neskatxenik).
Goierrin galdua da garai batean emakumeek soka-dantza ateratzeko ohitura.
Beasainen, udako solstizioa ospatzeko eta udari ongietorria emateko “alamartxoa” edo san joan sua pizten da; eta erromeria egin ohi zen gutxienez orain ehun urtetik hona.
Beste herrialde guztietan bezalaxe, San Joan loreak biltzen ziren eta lizar edo elorri adarrak jartzen ziren etxeetako ateetan; edota “Sanjoan Arbolea” prestatzen zuten hainbat auzotako mutilek.
San Joan bezperako suan dantza egitea oso zabaldua dago Euskal Herrian. Abaltzisketan eta Donostian, esate baterako, soka-dantzak egiten dira; Agurainen, Arbizun, Urdiainen… mota ezberdinetako dantzekin ospatzen dute San Joan bezpera; galduak egon arren, ezagutu izan dira ezpata-dantzak, ingurutxoak eta beste hainbat dantza ere.
Guk, dantza eta udako solstizioa lotuko ditugu, eta denboraren poderioz galtzen ari zaizkigun osagai hauek gogora ekartzen saiatuko gara aurtengo ekainaren 23ko ilunabarrean:
Eguzkia
Sua izaten da San Joan gaueko osagai nagusia. Suak Eguzkia elikatzen du sineskera zaharren arabera. Alamartxoa piztu aurretik dantzatuko dugu bere inguruan. Zaharra erre eta berriari ateak zabaldu.
Ura
Gauerditik aurrera, ura bedeinkatu egiten da, ahalmen bereziak hartzen ditu, sendatu egiten du eta zoriona ekartzen du. Maitasunaren sinboloa da.
Landareak
Bildu egiten dira, lore-sortak egiten dira eta etxeak adarrez hornitzen dira. Emankortasunaren sinboloa dira.
Airea
Bizitza ematen digu, eta dantza egitera gonbidatzen du, borobilean, beti ere.
Gazte eta gaztetxoak izan ohi dira San Joanen inguruko ospakizun hauetako partaide nagusiak eta beraiei emango diegu protagonismoa. Dantza-taldeetan daukagun neskatila kopuru altua kontutan izanda, eta tradizioan beraiek protagonista dituzten dantzen egungo hutsuneari begira, 11-14 urteko neskatxek zuzendu eta dantzatuko dute Esku-dantza hau. Eta hauentzat “heldutasunerako” igarotzea suposatuko du nolabait, pasabide-erritu moduko bat.
San Joan Belarrak edo ‘Belar onak’
San Joan egunaren inguruan bildutako landareek zorte ona ematen dute, eta gaitzak, trumoiak, eta beste urruntzen dituztelako ustea oso zabaldua dago. Emakumeek San Joan loreak eta eskura zituzten beste batzuk biltzen zituzten: milorriak, iratzeak, arrosak, krabelinak, lizarra, elorria, gereziak…
Hainbat lekutan, San Joan gauerdiz iratzeak lore bihurtzen irela pentsatzen zen.
Guk dantza egin aurretik bilduko ditugu, eta buruan apaingarri gisa koroia egiteko erabiliko ditugu. Gero, etxean gorde eta hurrengo urteko sua pizteko erabiliko ditugu, zaharrak erre eta berriak ekarriz.
San Joan kanta
Kanta edo esamolde asko aurki daiteke egun honen inguruan, eta bereziki, egiten den suarekin lotuta. Guk dantza, kantarekin aberastu nahi izan dugu, eta Idiazabalgo Urtsuaranen Juan Garmendiak jaso zuen letra hau erabiliko dugu neskatxek abestu dezaten:
San Juan dala, San Juan dala zapatu arratsaldean.
Hamalau atso tronpeta jotzen zazpi astoren gaiñean.
Hiru ale ta gaztaina kaskalik ez, gaztañeri hontan
sorginik ez.
Hemengo batek horko biri, balio badek etorriari!