Hogeigarrenez antolatu du aurten Goierriko Goiztiri Aek-k Txiste eta Pasadizoen idatzien lehiaketa. Aurtengo edizioan, lehenengo saria, Ormaiztegiko Pruden Sanchok lortu du ‘Biolin jotzaile onena’ txistearekin; bigarrena, Ordiziako Joxe Antonio Muxikarentzat izan da, ‘Afal ondorengo komeriak’ txistearekin; eta hirugarrena, Beasaingo gau eskolako ikasle taldeak lortu du ‘Ordezkoa’ txistearekin.
1.Saria: Pruden Sancho
Biolin-jotzailerik onena
Bi gizon Orient Express trenean doaz. Goiza pasatu da, arratsaldea pasatu da, gaua pasatu da… Eta, egunsentia iritsi denean, gizon batek besteari esan dio:
– Aizu, nongoa zara?
– Bilbokoa naiz.
– A zer kasualitatea! Ni Santanderrekoa naiz.
– Ostia! Biok gara iparraldekoak… Eta zuk zertan lan egiten duzu?
– Ni biolin-jotzailea naiz.
– Hara! Ni ere bai! Hau bai kasualitatea!!!
– Ez da posible! Bada, ni oso biolinista ona naiz.
– Aaaaa…. Bada, nik izugarri ondo jotzen dut biolina. Ni bai biolinista ona, ni!
– Bada, ni Espainiako onena naiz.
– Zu? Hori ez da ezer, ni Europako onena naiz.
– Entzun, mutil, eta pentsa ezazu zein ona naizen: nire herriko elizan biolina jotzen dudanean, egurrezko amabirjina negarrez hasten da.
– Hori ez da ezer; berebiziko biolinista ni naiz! Lehengo egunean, Bilboko katedralean jo nuen eta, bukatu nuenean, Kristo gurutzetik jaitsi zen, besarkada handi bat eman zidan eta esan zidan: “zuk bai dakizula biolina jotzen, eta ez Santanderreko beste tipo horrek, nire amari beti negar eragiten diona!!!”.
2. Saria:
Joxe Antonio Muxika
Afal ondorengo komeriak.
Bi lagun bapo afaldu eta trago batzuk hartu eta gero, etxera joateko kotxea hartu eta abiatu egin ziren. Bidean zihoazela, ordea, alkolemi kontrola. Orduan komeriak!!
– Seguru asko, positibo emango diat. Gidatzeko baimena kenduko ziatek eta lanera joateko kotxea egunero behar… Hau dek marka gero!! Zer egingo diat??
– Baaa, 50 € eskaintzen badituk, akasooo pasatzen utziko diate –esaten dio lagunak.
Esan eta egin. 50 € eskaini eta aurrera… Berehalaxe, ordea, beste kontrol bat..
– Ze pasatzen dek gaur hemen?? Poliziak ze suma al zebiltzek edooo….!!! Berriz ere berdin jokatu beharko diat, bestela karnetik gabe geratuko nauk….
50 € eman eta aurrera oraingoan ere. Baita aurreraxeago ere…. Poliziak orduan:
– Aizak, 100 € ematen badizkiak rotondatik ateratzen lagunduko diat.
3. Saria:
Beasaingo gau eskolako ikasleak
Ordezkoa
Eskolan ari ziren lan batzuk egiten, idazlanak, eta ogibidez hizketan ari ziren eta…
-Ea Jaimito, zer ogibide dauka zure amak?
-Nire amak? Nire ama sustituta da.
-Sustituta? Nola ordea, zer ogibide da hori?
– Bueno, nire ama, beste gizonezkoen etxeetara joaten da eta han ohean sartzen da beraiekin, gero diru bat ordaintzen diote eta amaitutakoan etxera etortzen da.
-Ez, Jaimito, hori ez da sustituta, hori prostituta da!
– Ez, prostituta nire izeba da, baina, hura gaixo dagoenean nire ama joaten da.