Jarduera Onen saria jaso berria du Olaberriko Kuttun Guraso Elkarteak, ‘Olaberriko istorioak. Gure helduen eskutik, denok ikasteko’ proiektuarekin. Besteak beste, herriko kulturaren, kondairaren eta historiaren transmisioa ipuin eta dvd bidez egitea du helburu. Dagoeneko lehenengo ipuina kalean dago: ‘Olaberria Zeba zenekoa’. Bigarrena ere bidean da.
Eguneroko buruhausteen artean, tartetxo bat hartu, memoria prestatu eta Baikarek, Euskola Publikoko Guraso Federazioak lehenengo aldiz antolatutako Jardun Onen Lehiaketara bidali zuen
Olaberriko Kuttun Guraso Elkarteak eskuartean duen proiektua: ‘Olaberriko istorioak. Gure helduen eskutik denok ikasteko’. 27 proiektu aurkeztu dira lehenengo lehiaketara eta hirugarren saria lortu du Olaberritarren proiektuak. “Jarduera Onen Lehiaketa da. Lehenengo aldiz antolatu dute baina dirudienez beste autonomia erkidego batzutan urteak daramatzate”.
Lanak frutua eman du eta hirugarren saria eman diote olaberritarrei. Guraso Elkartekoek gustura jaso dute saria eta sariak lanean aurrera jarraitzeko indarra eman dietela onartu dute. Gainera nabarmendu nahi izan dutenez, lehenengo bi sariak jaso dituzten eskolak, eskola handiak dira. “Gu txikiak gara baina edozein bezain handi sentitzen gara”, diote olaberritarrek. “Ilusioa egiten du. Eskola txiki bat gara, beste filosofia batekin… Askotan, etxean baino errekonozimendu gehiago lortzen da kanpoan. Hemen ikusten da, eskolaren inguruan dauden elementu ezberdin horien arteko elkarlan hori baloratu egiten dela, egiten diren gauza txikiak baloratu egiten direla. Eskola Txikia izanik, ilusioa ere handiagoa izan da”, gaineratu dute.
Bildu, jaso eta zabaldu
Eskola Txikiek erronka ugari izaten dituzte. Horietariko bat, herriko haurrak herriko eskolan gelditzea eta haur kopuruari eustea. “Herritar berriak erakarri egin nahi ditugu eskolara”, diote olaberritarrek.
Beste helburuetariko bat, umeek herri nortasuna izatea da. “Haurraren nortasuna finkatzeko, Olaberria ezagutu behar dugu: Olaberriko ohiturak, Olaberriren historia, kondairak… herria ezagutu, haurren nortasuna finkatu”.
Bi helburu nagusi horiek hartuta, herria, eskola, haurrak eta adinekoak uztartu dituzte. “Guraso Elkarteko bilera batean hala bota zuen guraso batek: zergatik ez dugu ipuin bat sortzen haurrei Olaberriren historia kontatzeko? Begi onez ikusi eta lanean hasi ginen”. Herriaren historiarekin batera, istorioak, bitxikeriak… denetik biltzeko asmoa daukate.
‘Olaberria Zeba zenekoa’
Pentsatu eta egin. Kulturaren eta historiaren trasnmisio lana egiteko bidean, ‘Olaberria Zeba zenekoa’ ipuina osatu zuten. Iaz, Olentzerok, Olaberriko Eskolako haurrei ekarri zien oparia izan zen. David Vizarro marrazkilariak egin ditu marrazkiak eta gidoia eta testuak, gurasoek beraiek. “Txitoa da narratzailea. Eskolako maskota da Txitoa. Haurrak, eskola eta herriak, dena elkartzea nahi genuen. Azkenean nahi genuen, beraien herria ezagutzea, dena elkartuta. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Adineko jendea eskolara etorriz denak bat egitea nahi genuen pixkanaka”.
Ipuinaz gain, DVD-a ere egin dute gurasoek ipuinerako sortutako marrazkiak aprobetxatuz, batez ere, irakurtzen ez dakiten haurrei begira. Ahotsak irakasleek eta gurasoek jarri dituzte. “Irakaslearen ahotsa, irakasle batek jarri zuen. Guraso ezberdinak hartu genituen. Ez geneukan aurreikusita DVD-arena baina irudiak eskutan edukita, DVD-a egitea erabaki genuen. Irudi finkoak dira”, azpimarratu dute.
Bigarrena bidean
Bigarrena prestatzen ari dira dagoeneko. Kasu honetan, ipuin lodixeagoa aterako zaie; 24 orrikoa. “Beste gorputz bat eman nahi diogu bigarrenari”, diote.
Artikutzako istorioa kontatuko dute bigarren liburuxkan. “Aspaldiko batean, umeren bat desagertu ote zen, ardi bila etxetik joan eta otsoren batek jan ote zuen… Harri hori hor dago. Gure etxean kontatzen da zein baserritako neskamea zen, zenbat urte zituen… Saiatzen gara ahalik eta errealena egiten”.
Istorioekin lotuta, irteerak egiten saiatzen dira gurasoak eta ikasleak. “Inguruari ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen gara, iruditzen baitzaigu, hemen baditugula beste herri batzutan ez dauden abantaila batzuk. Desabantailak ere izango ditugu, baina abantailak ere bai”.
Bigarren istorioa kokatzen den lekura, Artikutzako harrira, joan dira dagoeneko, eta otsoaren kontuarekin lo okerxeago egiten duenik ere ba omen da tartean.
Ideia asko
Proiektua hasi besterik ez da egin. Ipuin guztiak biltzeko karpeta lodikotea egin dute. Dena betetzeko asmoa ote daukaten galdetu diegu. “Asmoa dena betetzea da bai. Urtero bat ateratzea nahiko genuke, hamar bat guztira. Ikusiko dugu. Material asko dago. Herriko historia eta kondairak, adineko pertsonak kontatzen dituzten gauzak… badago bai materiala. Baserri asko dago eta pixka bat galdetu besterik ez dago herriko kontuak ateratzeko”.
Sokatik tiraka hasi diren honetan gainera, ideia berriak ere sortzen ari zaizkie. “Interesgarria litzateke ezagutzea gure adineko jendea nola bizi izan den, ingurune rural batean nola bizi izan den. Horretarako baserrietara joan, galderak prestatuta eraman eta bideoz elkarrizketa grabatzea nahikoa da. Etorkizunerako ere altxor polita izan daiteke”, diote.
Oparia
Eguneroko buruhausteen tartean iritsi da saria Olaberriara. “Saria guretzako oparia izan da. Asko espero gabe, ilusioz aurkeztu ginen eta begira! Aurrera egiteko indarberritu egiten zara. Jendeari erakutsi diogu beldurrik ez dela eduki behar eta lanarekin edozein lekutara joan gaitezkeela. Lana eta ilusioa dira sekretuak”. Sariak elkartera guraso gehiago hurbiltzen laguntzea nahiko lukete. “Nahiko genukeena da, gero eta guraso gehiago hurbiltzea. Ez dadila izan guraso talde txiki baten erronka partikularra. Benetan jendeak ikusi dezala, merezi duela lanean aritzea”.
Sari banaketa Bilbon, Eskola Txikiei eskainia
Ekainaren 5ean, Euskal Eskola Publikoaren aldeko festan egin zen sari banaketa Bilboko Arriaga antzokian. “Sorpresa izan zen, poz handia…Han izan ginen Bilbon ume guztiak hartuta. Denak dotore jantzita eta gu Eskola Txikietako kamisetarekin. Aprobetxatu beharra zegoen”, diote.
Ainhoa Arrietak, Kuttun Guraso Elkarteko lehendakariak Eskola Txikiei eskaini zien saria. “Guretzat oso garrantzitsua da Eskola Txikia izatea eta Eskola Txiki guztiek elkarren berri edukitzea. Horrek asko indartzen gaitu. Proiektuak elkarbanatzea oso aberasgarria da. Horregatik, ez zegoen zalantzarik, zeinentzako izango zen eskaintza. Beste Eskola Txikientzako ere garrantzitsua da sari hau, erakusten duelako, ilusioa eta ideia pare batekin, edozeinek egin ditzakeela gauza politak. Azken batean, ilusioa, lanerako gogoa eta elkarlana behar dira. Horrekin gainditu daiteke edozein oztopo. Ainhoak ere horixe adierazi zuen, txikiak gara baina edozein bezain handi sentitzen gara. Gai gara gauzak egiteko”, azpimarratu dute olaberritarrek.
Udalaren babesa ezinbestekoa
‘Olaberriko istorioak. Gure helduen eskutik denok ikasteko’ proiektua aurrera eramateko, Olaberriko Udalaren laguntza jaso du Kuttun Guraso Elkarteak. Lerro hauetatik Olaberriko Udala eskertu nahi du Guraso Elkarteak, proiektu honetan bezala, beste hainbat eta hainbat proiektu aurrera eramateko beharrezkoa baitute Udalaren laguntza. “Hainbat eta hainbat zerbitzu ezingo genituzke eskaini, Udalaren laguntzarik gabe”.
Ildo horretatik, “gure beste helburuetako bat Guraso Elkarte bezala da, hemen bizitzeagatik haurrek ez dezatela zerbitzu mailan defizit bat izan. Saiatzen gara eskolaz kanpoko jarduerak, zaintza zerbitzuak antolatzen. Goizetan eskolara sartu aurretik zaintza zerbitzua daukagu, urtean zehar estraeskolarrak egiten ditugu (antzerkia, ingelera, pelota eta dantza). Olaberrin bertan antolatzen saiatzen gara. Horrek ere kostu bat dauka eta ume kopurua murritza baldin bada, hainbat jende ere ez da etorri ere egiten, ez zaiolako ekonomikoki errentagarri bilakatzen. Askotan zaila izaten da gauzak antolatzea. Esfortzua denoi suposatzen digu eta laguntza beharrezkoa da.Kasu honetan, Udalarena. Jendeak parte hartzeko gainera, prezio onak jarri behar dira. Bestela, jendeak joera handia dauka kanpora joateko”, azpimarratu dute Guraso Elkartekoek.
Erronka berriak
Osasuntsu dago momentu honetan Olaberriko Eskola. Datorren ikasturtean 40 ikasletik gora izango dira. Hazten ari da gainera. “Orain arte 8 urtera arte geneukan eta datorren ikasturtetik aurrera, lehenengo taldea hasiko da 8 urtetik aurrera. Helburua litzateke 12 urtera arte umeak herrian gelditzea. Pixkanaka ari gara urratsak ematen”, zehaztu dute.