Goierriko herri bateko alkate berrietako batekin suertatu ginen, lagunartean, izendapena baino lehentxeago. Norbaitek galdetu zidan ez ote zitzaidan gustatuko neure herriko kultur zinegotzi izatea edo. Halako marmar, gaitzespen edo mespretxuzko keinu bat egin nuen, nonbait, eta ez dakit alkate horrek gaizki hartu ote zuen. Nolanahi dela, nire animoak udaletxeetan gauzak aurrera ateratzeko ardura hartu duten guztiei, ez baita eginkizun samurra ez esker onekoa, eta, politika lokala gutxiesten dudan inpresiorik ez sortzeko, horra aholku batzuk, inork kasurik egin nahiko balu.
Goierriko herri bateko alkate berrietako batekin suertatu ginen, lagunartean, izendapena baino lehentxeago. Norbaitek galdetu zidan ez ote zitzaidan gustatuko neure herriko kultur zinegotzi izatea edo. Halako marmar, gaitzespen edo mespretxuzko keinu bat egin nuen, nonbait, eta ez dakit alkate horrek gaizki hartu ote zuen. Nolanahi dela, nire animoak udaletxeetan gauzak aurrera ateratzeko ardura hartu duten guztiei, ez baita eginkizun samurra ez esker onekoa, eta, politika lokala gutxiesten dudan inpresiorik ez sortzeko, horra aholku batzuk, inork kasurik egin nahiko balu.Agintari berri nahiz zaharrek mila buruhauste izango dituzte (langabezia, krisian dauden enpresak, etxebizitza, behar gorrian bizi direnak, gehi normalizazio politikoa lortzea eta horrekin loturiko guztia), eta, beraz, sujerentzia txiki batzuk egingo dizkiet, kulturaren arlotik mugitu gabe.Hasteko, sinetsi dezatela Goierri eskualde bat dela; esan askotan esaten dugu, baina aintzat hartu, gutxitan. Zabor bilketa eta turismoaren propaganda modu bateratuan egiten diren bezala, ez litzateke txarra kulturaren programazioa, ez zentralizatua, baina bai behintzat koordinatua egitea, eta baita horren promozioa ere, elkarri konpetentzia egiten ibili gabe. Adibide txiki bat hartuta: Beasain, Ordizia, Lazkao eta Ataungo zinemetan, behin baino gehiagotan gertatu da lautik hirutan film bera ematea asteburu berean; agintariei koordinazioa eskatzen diegun bezala, herritarrok ere geure buruari esijitu behar genioke bailara-zentzu gehiagoz jokatzea geure aisialdia eta kultur kontsumoa antolatzean, geure herri-zokoan ez bada errazago jotzen baitugu Donostiara aldameneko herrira baino.Bigarren: hizkuntza dela-eta, urrezko letraz idatzi esaldi hau, eta gogoratu goizero: “Ez egin gauzak euskararen alde, egin gauzak euskaraz”. Hau da, euskararen “sustapenerako” futbolarien mahai-inguru bat antolatzeak gure anormaltasuna agerian jarri eta sermoi kutsua ematen dio jarduera horri. Ez al da naturalago kirol arlotik antolatzea ekintza bera, baina hori bai: euskaraz eginda? Gauza bera sukaldaritzan, edo argazkilaritzan, edo yogan. Horretarako, udaletxetik bakarrik aritu ordez, herriko talde eta elkarteak ere inplikatzea onena: hau da, herriko mendizale elkarteak diapositiba emanaldiak prestatzen baditu urtean zehar, haiekin adostu zenbat izango diren euskaraz: eskualdeko herri euskaldunenetan, guztiak edo gehienak; Beasain bezalakoetan, hainbesteko bat.Amaitzeko, kultur azpiegiturak inportanteak dira: alde handia dago, herri batek kultur etxerik izan edo ez izan; baina azpiegitura inportanteena jendea bera da. Taldeak zaindu egin behar dira, jendeari entzun, sortzaileei aukerak eman. Hori baita gure benetako aberastasuna, galduz gero berreskuratzen gehien kostatzen den altxorra.Eta azken aholku bat: etxe gehiegi eraiki eta gehiegi eraitsi dira azken urteetan, gure herrien berezko taxua desitxuratzeraino; ez dakit eraikitzen segitu behar den edo ez, baina, antzinako eraikinei dagokienez, mimatu dezagun gelditzen zaiguna; ondarearen diskurtsoarekin ahoa bete ordez, erabaki praktiko bat: ez bota baserririk ahal dela, eta konpondu zaharberritze premian dauden etxeak, horiek guztiak gure historiaren lekuko baitira, seme-alabei harro erakutsiko dizkiegunak.
Xabier Mendiguren Elizegi