Aitor Sarriegi
Aupa Iñaki!
Bizi al haiz, ala joan den asteko bero-sapak eliminatu hau mapatik? Uda bazetorrela, baina hain kolpean etortzea ere… Tira, opor-usaina hasi duk behintzat gurean. Garai batean abuztua izaten huen langilerik gehienen opor-garaia. Gaur egun zabaldu egin dek opor posibleen tartea, eta gero eta normalagoa dek ekainean, uztailean, irailean… oporrak hartzea. Hala ere, ez zekiat benetan oporrak hartzearen zentzua gordetzen den. Neretzat oporrak egoera bat dittuk, lanera joan beharrik gabe egotea alegia. Gutxik galdetuko dik ordea: “Zer egin behar duzu aurten oporretan?” edo “Oporretan al zaude?” besterik gabe.
“Eta zuk, nora joan behar duzu oporretara?” edo “Oporretan izan da” errezago entzungo dek. Oporra nahitaez toki ezberdin batera joatearen ideia gero eta barneratuagoa zegok. Eta toki hori zenbat eta urrunagoa, aisialdirako programatuagoa, batzutan exotikoagoa… izan, orduan eta oporrago oporrak. Edozein zubi xaxtarretan zer egin behar dugun galdetu ordez nora goazen erantzun behar izatea bezala. “Ba… Naparrora edo…” “A, orduan ez zoaz inora…”
Ez zioat inori esango bere oporrekin zer egin behar duen, besterik behar genian. Lanetik libre dugun gure denboran zer/nola egin zenbateraino erabakitzen dugun etorri zaidak galdera, ez dek besterik. Egin dezala bakoitzak nahi duena, dela etxean geratuta zein ilargira eguzkia hartzera joanda.
Eta hik? Hik zer egin behar dek oporretan?
Iñaki Apalategi
Iepa Aitor
Ez zekiat ba zer egin oporretan. Izan ere, Lanak jaten zidak egunaren zati handiena, eta ez zeukaat denborarik oporretan pentsatzeko ere. Lanetik atera, spinningeko klaseetara joan sasoian egoteko, eta hura ez denean pilates egitera, sasoia eta gorputz giharreak orekatzeko. Denboraz larri bizi nauk, kotxea garbitzeko juxtu-juxtu ateratzen diat tarte bat igande eguerditan, bezperako biharamuna pasatzen ari zaidanean; hortik kontuak atera. Terapeutak esaten zidak bizitza lasaiago hartzeko, baina, nola egingo diat ba hori, hain okupatuta egonda?
Oporretara joateko eguzkia ziurra den tokiren batetara joango nauk, hoteletik hondartzara edo horrelako zerbait. Edo bestela Alpeetan egiten diren guided tour bat egingo diat, edo trekkingen bat Himalayan. Dirua duk, baina ezertaz ez duk arduratu behar: bidaia, hotela, jana, garraioak, hizkuntza… guztia lotuta zagok, horrela bai! Gainera, Himalayak ederra izan behar dik, haien kultura, hizkuntza, mitologia, dantzak, ohiturak… dituen tokia, mendetan zehar iraun duena. Hau ez bestelako lekuak, badakik. Zergatik ote duk hau hain berdina? Imajinatzen al duk, Ataunen kobak, edo Zerainen industrializazioaren atzarnak topatzea? Hemen ez duk ezer interesgarririk gertatzen, eta ez zagok merezi duen ezer.
Beno, barkatuko didak, baina utzi egin behar haut, flotariumera joateko ordua hartuta diat, eta ez nauk iritsiko eta. Ondo pasa oporretan, egongo gaituk bueltan!