Uztailaren 2an, Larraitzen, bi mila lagun elkartu nahi ditu Nazioen Munduak ekimenak, autodeterminazioaren aldeko jaian. Egun osoko egitaraua antolatu dute, tartean, autodeterminazio eskubidearen aldeko lau mosaiko erraldoi egingo dituzte. Duela 80 urte Itsasondoko Udalak eta 80 urte beranduago Goierriko 18 udalek egin duten bezala, Nazioen Munduko herri ekimenak goierritarrei bota diete autodeterminazio eskubidearekin bat egiteko erronka. Nazioen Munduko Ander Arresek eta Angel Oiarbidek eman dizkigute ekimenaren eta egunaren xehetasunak.
Bi mila lagun elkartzeko erronka bota duzue.
Ander Arrese: Nik uste dut Goierrik badaukala erantzun hori emateko gaitasuna.
Angel Oiarbide: Iaz 700 lagun joan ziren Larraitza eta iaz ez genuen ezer ere eskaintzeko. Iaz 2 aste lehenago Igartzako argazkia atera zen eta kartel horrekin 700 sinadura bildu ziren Larraitzen. Urtebetean Igartzako argazkia, Miramarko argazkia, Urriaren 16ko jaialdia, Goierriko 18 herritan udal mozioak onartu dira… orain zer eskaini handiagoa daukagu. Zerbait berritzailegoa eta partehartzaileagoa izango da gainera aurtengoa.
Arrese: Harrotzekoa izango litzateke Goierrik apustu hau irabaziko balu.
Apirilaren 18an, Goierriko 18 udalek bat egin zuten 1931n Itsasondo Udalak sinatutako autodeterminazioaren aldeko aktarekin.
‘Itsasondo 1931. Goierri 2011. Autodeterminazioa gero eta argiago’ jarri diozue aurtengo kanpainari leloa. Leloaren hasieratik hasita, Itsasondoko Udalak 1931n, autodeterminazio eskubidearen akta sinatu zuen. 80 urte beranduago, 2011ko apirilaren 18an, Goierriko 18 udalek egin zuetn bat aldarrikapenarekin.
Oiarbide: Apirilaren 18an hasi zen kanpaina. 80 urte bete ziren, Itsasondoko Udalak, autodoterminazioaren aldeko akta bat sinatu zuela. Euskal Herrian autodeterminazio kontzeptua lehenengo aldiz orduan agertu zen. Europan, XIX. mende bukaeran hasi ziren estaturik gabeko nazioak kontzeptu hori erabiltzen.
Mikel Aramendiren bitartez ezagutu genuen Itsasondoko akta. 80 urte geroago ikusten dugu, mugarri historiko bat izan zela Itsasondon egin zutena. Guk 80 urteren ondoren, Goierriko 18 udalek, Igartzako manifestuaren onarpena egin dute. Orain herritarroi dagokigu geurea egitea.
‘Autodeterminazioa gero eta argiago’ da leloaren bigarren zatia. Zer dago gero eta argiago?
Oiarbide: Batetik, testua bera. Lehen, eskuz idatzitako paper bat zen, gazteleraz idatzia. Orain euskaratuta dago eta ordenadorez idatzita. Testua bera geroz eta argiago ikusten da.
Bestetik, autodeterminazio kontzeptua bera, daukagun eskubide hori, 80 urte baino argiago ikusten dugu. Apirilaren 18an erakundeek eman zioten babesa eta orain, uztailaren 2an, herritarron txanda da. Hau ondo irtetzen bazaigu, ikusten dugu proiekzio handia izango duela, bai Euskal Herri mailan eta Euskal Herritik kanpo. Hau ondo ateratzen bada, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpora zabaldu beharreko mezua izango litzateke. Goierritarrok ere harro egon gaitezkeen ekintza bat izan daiteke.
Arrese: Besteek ere, gu egiten ari garen saiakera ikustea nahi dugu eta beste eremu batzuetara zabaltzen joatea. Ikus dezatela Goierrin zer egiten ari garen. Adibide bezala norbere burua jartzea ez da oso egokia, baina nahi genuke ariketa hau beste leku batzuetan ere egitea.
Nazioen Mundua 2007tik ari da autodeterminazio eskubidea gizarteratzen. Gizartea kontzeptu hori barneratzen ari al da? Aldaketarik nabaritu al duzue?
Arrese: Nik uste dut baietz. Jende askok ezagutzen du ekimena. Garbi dago oraindik ez garela leku guztietara iristen, baina nik uste dut pauso batzuk eman direla. Irekitze batzuk eman dira, batez ere maila pertsonalean. Pentsakera oso ezberdinetako jendearen artean hurbiltze batzuk eman dira, hartueman naturalagoak sortu dira kontzeptu honen inguruan. Egia da ez garela iritsi nahi genuen tokira iritsi. Oraindik gelditzen zaigu lana. Denetara iritsi nahi dugu, denek uler dezatela zein den gure aldarria eta gure nahia. Nik uste dut denok daukagula lekua aldarrikapen honetan.
Oiarbide: 2007. urtean hasi zen Nazioen Mundua erabatitzeko eskubidearen aldarrikapenarekin eta ikusten da Goierri mailan, Anderrek esan duen bezala, harremanak sortu direla, herritarren artean, gune bat sortu dela jende ezberdinen artean. Ustez oso ezberdinak ginenen artean, pausoak eman eta lana egin dezakegu. Hori izugarrizko erronka da. Urte gutxitan egin diren apustuak, pozik egoteko moduko apustuak izan dira. Jendeak eman duen erantzuna, atera diren argazki ilusionante horiek, Igartzakoa edo Miramarkoa, orain urte batzuk seguraski ezinezkotzat izango genituzkeenak dira. Hori baino garrantzitsuagoa da, herritarrek behartutakoak izan direla, herritarrak izan direla zuzendariak. Horrek pisu handia ematen dio, ikusten baita herritarrek bat eginez gero, posible dela, alderdi politikoak bideratzea.
Arrese: Hasiera batean harrigarria zen batuketa puntu hori, orain ilusionantea da. Larraizko bilkura honetan hori adierazi nahi dugu. Hasiera batean zaila ikusten zen, harrituta bezala begiratzen zen. Ordiziakoaren ondotik, ilusioz ematen dira pausoak. Ikusten da, posible dela. Ilusiora pasatu gara eta ilusio hori elikatu egin behar da.
Zuek ere, Eskozian eta Katalunian, autodeterminazio eskubidea nola garatzen ari diren ikusten eta ikasten aritu zarete. Zer ikasi duzue?
Oiarbide: Ikaragarri ondo etorri zaigu, batez ere, Eskoziako bidaia, autodeterminazio kontzeptua bera argiago ikusteko eran. Hemen geneukan kontzeptua zen, abertzaleen aldakarrikapen bat bezala ikusten zela. Eskoziara joan, demokraziaren norabidean urte gehiago daraman gizarte batera joan eta ikusi dugu, han ez dela abertzaleen aldarrikapen bat, baizik eta demokraten aldarrikapena dela. Gauza oinarrizkoagoa da. Autodeterminazio kontzeptu hori hemen berri samarra da baina iruditzen zaigu etorkizuna hori dela.
Hasiera-hasieratik esan izan dugu, Larraitz izan dadila topagunea. Bat Abaltzisketara badoa eta bestea Larraitza, ez gara gai bi pauso elkarrekin emateko, nahiz eta bide gehiena elkarrekin egiteko gai izan. Joan gaitezen elkarrekin azkeneko bidegurutzeraino eta sortu dezagun topagune bat. Gero bakoitzak erabakiko du batera joan edo bestera joan. Ez zitzaigun iruditzen topagune hori aldarrikapen politikoa zenik, aldarrikapen demokratikoa gehiago da. Norabide politiko ezberdinak hortik aurrera aterako lirateke. Hori da Eskozian gertatzen dena.
Eskozian, parlamentario unionista bati galdetu genion zer gertatuko litzatekeen, Gordon Brown aurreko lehenengo ministroak eskoziarrei ez balie utziko beraien etorkizuna erabakitzen? Erantzuna izan zen: “guk hori ez genuke onartuko. Eskoziarrok erabakitzeko eskubidea daukagu eta horregatik guk ezezkoaren alde lan egingo genuke, Eskoziarentzat askoz ere hobea delako Erresuma Batuan egotea, independientea izatea baino”. Haiek ez dute dudatan jartzen oinarrizko eskubide hori.
Kontzeptu hori berria da hemen eta gure asmoa da, zaharkiturik ditugun eskemak puskatzen joatea. Eta txikiena den eremu hori, ahalik eta zabalena egitea, ahalik eta espektro guztietara zabaltzea eta eskema horietan jokatzea. Bide handia daukagu baina iruditzen zaigu egin dena oso garrantzitsua izan dela. Eta garrantzitsua baino gehiago, beharrezkoa izan dela.
Katalunian ere izan zarete, erreferendum bat ikusten.
Oiarbide: Eskoziakoak askotarako balio izan digu eta Kataluniakoak ere bai. Gauzak zeinen diferente diren! Eskozian gobernuak esaten du erreferenduma egin behar duela eta Erresuma Batutik edo Londonetik ez da inongo eragozpenik jartzen. Katalunian aldiz, Eskozian ez bezala, binkulantea ez den kontsulta bat egiteko ere, Estatu guzti bat joan zitzaion gainera. Konstituzionala, falangea… Ikusi besterik ez dago bi gizarteren ezberdintasunak. Begira zenbat falta zaigun, bai espainiarrei eta bai guri, kontzeptu horretan jartzeko. Arenys de Munten hasi ziren eta Kataluniako herri guztietara iritsi dira, baita Bartzelonaraino ere. Nahiz eta Eskoziako eredua edo Kataluniako eredua hemen txertatzeko modukoak ez izan, ikasteko esperientziak dira. Euskal Herrian ere gure saiakerak egin egin beharko ditugu egunen batean, seguraski gure adibide edo eredu propioa sortuz.
Ander Arrese eta Angel Oiarbide
Elementu berriak sartuko dituzue uztailaren 2an mosaikoetan, hautestontzia eta kartazala.
Oiarbide: Hautestontzia eta kartazala elementuak gizarteratzeko sartu nahi ditugun bi elementu berri dira. Gizarteratzen eta sozializatzen ari garen kontzeptua daukagun erabakitzeko eskubidea da. Baina azkenean, hori egituratzeko, bi elementu fisiko dira hautestontzia eta papeleta. Hori izan liteke hurrengo pausoetariko edo erronketariko bat. Erronka horren elementu fisikoak geroz eta argiago ikusten hasiko gara.
Arrese: Naturalago ere bai. Aukera erreal bat bezala ikusi behar da eta ez aukera agresibo bat bezala. Naturaltasunez onartu beharreko aukeraketa bat da. Azken batean desmitifikatu eta agresibitatea kendu diezaiekegu kontzeptu horiei.
Hautestontzia eta papeleta mahai gainean jarri dituzue… Datarik ba al darabilkizue buruan?
Arrese: Larraizkoak nahikoa buruhauste emango digu eta horretaz ez dugu pentsatu. Garbi dago pausoak ematen jarraitu beharko dugula. Egin beharko litzateke eta nik uste dut naturaltasunez hartu beharreko zerbait izan behar duela. Iritsiko da momentu bat eta gustatuko litzaidake herritarrak erabakitzeko eskubidea izango duen eguna ikustea.
Oiarbide: Idiazabalen ekimena sortu zenetik gauza asko egin ditugu. Esparrua zabaltzen eta handitzen joan da. Kontzeptua argitzen joan da. Plano instituzionalean ikusi da babesa lortu duela eta herritarrengan ere zabaltzen ari dela, bere mailan. Baina guri gustatuko litzaiguke Goierri txispa bat izatea, Euskal Herrian ilusiozko sute bat sortzeko. Baina guk ezer ere ez daukagu inora esportatzeko moduan. Gu gizarteratzeko fasean hasi ginen baina egikaritzera ez gara iritsi. Seguraski behin zikloa bukatzen denean, aldarrikatzetik ekintzara pasatzen garenean, orduan Goierri, Euskal Herri mailako adibidea izango da. Gu azken finean autodeterminazio kontzeptua gizarteratzen eta aldarrikatzen ari garen ekimena gara, baina hurrengo pausoa emateko, seguraski, eragile ezberdinekin eta eragile gehienekin hausnarketak egin beharko genituzke. Fase hori beharbada, aurten ireki beharko da.
Posible da. Elkarrean artean lana egiteko esparruak sortu behar ditugu, bestela nola goaz! Gainera behar-beharrezkoa daukagu, ezin gara atzera gelditu. Europan, Eskozia eta Katalunia, aurrera egiten ari dira erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenarekin.
Nazioen Munduak herri ekimenak alderdi eta iritzi ezberdinetako agintariak elkartzea lortu du. Hiru argazki historiko behintzat (Igartzan, Miramarren eta Itsasondon) atera dituzue.
Arrese: Itsasondon adibidez, kolore ezberdinetako alkateek bat egin zuten. Argazki garrantzitsua da baina orain lortu behar dugu, alkate horiek ordezkatzen dituen herritar guztiek ekimenarekin bat egitea. Erakundeek beraien pausoa eman dute eta herritarrek zer gutxiago, hori babestu eta Goierri mailan harro egoteko moduko zerbait antolatzea. Ordezkariekin jokatzen dugu asko baina herritarrak mobilizatu nahi ditugu.
Oiarbide: 80. urteurrena nabarmendu nahi genuen. Mugarri historikoa izan zen, Itsasondon gertatu zena. Orain goierritarroi dagokigu horri babesa ematea. Sekula egin ez den ariketa bat da,denon partehartzea sustatzen duena. Igartzako 37 lagunek eta Itsasondoko 18 lagunek ezin dute hau egin, goierritarrak, norbanakook bakarrik osatu dezakegu.
Argazki historiko horiei oinarria jarri behar zaie. Ordezkariak ados jarri badira, herritarrok ere ez daukagu zertan ados ez jarri. Hurrengo argazkia, ezezagunena, herritarrenena da.
Egun osoko festa
Festa eta aldarrikapena izango dira ardatz, uztailaren 2an Larraitzen egingo den ekimenean. Besteak beste, bertsoak, kantuak, pintxoak, musika eta bazkaria izango dira. Goizeko festa Larraizko aparkalekuan izango da. Eguerdian, txarangaren doinua lagun, Abaltzisketaraino joango dira, bertan izango baita bazkaria eta festa. Bazkariko txartelak 16 eurotan daude salgai, Goierriko hainbat tabernetan.
Dena den, eguna hasteko, goizeko 10,30etan, mosaiko erraldoia egiteko deia egin du Nazioen Mundua herri ekimenak. Lau irudi osatuko ditu bertaratzen den jendeak, argazkietan ikus daitezkeenak.
Angel Oiarbidek azaldu digu zein bide erabiliko duten mosaikoari argazkia ateratzeko. “Alturan, kamara finko bat jarriko dugu. Marronekin saiatu ginen paramotorrarekin baina paramotorra ez da geldi egoten. Altuera batean, jasotzaile batekin, kamara geldi egongo da. Sekuentziak hauek izango dira: Txindoki azpian, zelai bat, zelai horretara herritarrak datoz eta aurrez markatuta egongo diren lekutan kokatuko dira. Jendea kokatuta dagoenean, kartulinak altxatuko ditugu. Irudi ezberdinak egingo dira. Euskal Herria, hautestontzira papeleta sartzen, hautestontzian papeleta sartuta eta hautestontzian Euskal Herria”. Mosaikoan parte hartu nahi duenak izena ematea komenigarria da antolatzaileek diotenez.
(nazioenmundua@nazioenmundua.net – 652775923-649311757).
Bideoa Euskal Herri mailan eta nazioarte mailan zabaldu nahi dute antolatzaileek. “Zabalkunderik handiena egiten saiatuko gara. Dokumental bat ere ari gara egiten. Irudi batzuk erabiliko lirateke”, zehaztu dute. Jon Maia bertsolaria ari da Nazioen Munduaren inguruko dokumentala egiten. Abenduan estrenatzeko asmoa daukate.