Inazio Usarralde
Aupa, Joxepa, ba al da opor usainik edo? Tira, etorriko ditun beren martxan eta… ondo joan daitezela zuentzat ere!
Aizan, egun hauetan Euskal Herrian dabilen hainbat kazetari elebakar (uler bedi, espainol) aztoratuta sumatu dinat Bildu koalizioko ordezkariak prentsaurrekoak euskara hutsean egiten hasi direla eta. Andoaingo alkateak eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak egin diten hori kazetarien aurrean, nik dakidala.
Ba, aizan, legearen kontrakoa omen dela, hi, harrapazan! Zehazki, hara zer dioen El País-eko Isabel Landa kazetariak, hautsak lehenbizi harrotzen saiatu denak: “No se tuvo en cuenta que, según el Estatuto de Gernika, el euskera y el castellano son las dos lenguas oficiales en el País Vasco y que “todos sus habitantes tienen derecho a conocer y usar ambas lenguas”.
Hitzez hitz ekarri dinat hona kazetariaren aipua, salaketa egiteko berak darabilen esaldiaz ohartzeko eta bere burua barregarri nola uzten duen ikusteko. EAEko bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, ofizialak badira eta herritarrok bi hizkuntzak ezagutu eta erabili behar baditugu non zegon arazoa nik neure agerraldi publikoa euskara hutsean egin nahi badut? Ez da ba izango denok espainolez derrigor jarri nahi gaituztela hizketan, gero “zuen artean euskaraz ere egin dezakezue” esateko?
Noski, kazetariak ez din inondik inora onartzen bera dela euskara ulertzeko gai ez dena. Izatekotan ere, bere lanean profesionalagoa izango bada, bera dela formazio premia daukana.
Bildukoak bezala, beste politikari euskaldunak gauza bera egiten hasten badira, Maizpide txikitxo geratu behar zaigun espainol hutsean lan egiten ohituta dauden kazetari guztiei tokia egiteko.
Joxepa Madariaga