- Iban Asenjo, Hezkuntza Saileko zuzendari ohia
Goierritarraren azken alean euskaljakintza blogeko irakasle batek “EGA-ko azterketen gorabehera” izenburupean egiten dituen hainbat adierazpen ez direla zuzenak argitu nahi dut. Zoritxarrez, nireak ez diren hitzen jabe egin nau.
Ezer baino lehen esango dut oso interesgarria dela honen atzean dagoen gogoeta pedagogikoa, hots, ea ikastola bateko xedeak, gaitasunak, helburuak… eta, beraz, ebaluazioak, euskaltegiarenak diren ala ezberdinak diren. Oraingo honetan, berriz, hauek dira argitu beharreko kontuak:
1. Ez dut inoiz esan aipatutako irakaslea pirata denik. Azaldu nuena izan zen “copyright” eskubideekin babestuta zegoen liburu baten edukiak interneten jartzea inorekin hitz egin gabe eta baimenik eskatu gabe, ekintza pirata zela. Amarauna irrati-saioan egindako adierazpenak oraindik sarean entzungai daude nahi duenak egiazta ditzan. Hala ere, 7-24 interneten konektatuta dagoen orok jakingo du Ipar Europan zer nolako arrakasta lortzen ari den soltware askea, egileen eskubideak eta patenteak ezabatzea eskatzen ari den mugimendu sozio-politikoa. Euren burua piratatzat jotzen dute eta bere aldarrikapenak aurrera eramateko Pirata izeneko alderdia sortu dute. Baina egia da beste era batera esatea badagoela: Egin zuena ilegala da. Orain, baimena eskatu eta jaso ondoren zintzilikatu ditu azterketak, ez aurretik. Honen harira aipatu egin behar da bere blogean ezinezkoa dela edukien sortzaileen izenak topatzea. Ulergarria da programa informatiko batean “kopiatu eta itsatsi” oso antzekoa den ariketa bat egin ondoren errekonozimendua aldarrikatzea baina euskalgintzan urteak daramatzaten egile intelektualak ezabatuta daude.
2. Blogeko irakaslea “esfortzu handi bat eginez ixilik geratu” zen, medioek nahi zutena esaten omen zutelako. Kuriosoa da hori esatea, hainbat kazetarirekin hitz egin zuen, irrati-saio batean parte hartu zuen eta interneten nahi zuena idatzi baitzuen. Hitzez hitz, foro batean horrela idazten zuen: “Yo creo que el artículo de El Diario Vasco explica con bastante claridad lo que ha ocurrido”. Tamalez, ukatu ezin duena da medio guztiek, Deia egunkariaren salbuespen bakarrarekin, bere adierazpenetan oinarritutako artikuluak baino ez zituztela argitaratu, Hezkuntza Sailaren iritzia jaso gabe.
3. Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko teknikariek berarekin hirutan hitz egin behar izan zuten azaltzeko, ahalik eta goxoen, txukunen, begirunezkoen… berak egin zuena legediaren kontra zihoala eta horretan ez zegoela zer eginik. Ordainetan, berak blogean polemikaren iturburu bilakatu zen artikulua idatzi zuen.
4. Era interesatu batean, nik irrati-saioan egindako adierazpenak eta Hezkuntza Sailak ateratako prentsa-oharra kontrajartzen saiatu da. Berak jakin badaki irrati-saioko hitzen eta prentsa-oharrarenen egilea berbera dela. Berak ez bezala, prentsa-oharra ikastolako zuzendaritzarekin elkarlanean prestatu genuen eta komunikabideei bidali aurretik irakaslearen oniritzia jaso zuen.
5. Irrati-saioan nire hitzak irakaslearenak baino astebete beranduago jaso ziren. Tarte horretan sortu zen polemika mediatiko guztia. Han esandakoa, beraz, ez zen polemikaren iturria izan. Irrati-saioko hitzek soilik izan zuten jarraipena interneteko foro jakin batzuetan. Uste dut auzi hau frankismoak utzitako hildakoekin alderatzea astakeria galanta dela. Irakasle horrek pentsatu al du familia bat nola sentitu daitekeen ikusten duenean umearen aurre-matrikula egin eta berehala informazio hori interneten filtratu dela? Non geratzen dira umeen datuen babesa eta konfidentzialtasuna?
6. Ikastolako zuzendariak, irakaslearen kexak eta ezinegonak bultzatuta, hirurok elkartzeko eskatu zidan, ahalik eta era onenean gai hau ixteko. Ez nion inongo eragozpenik jarri. Nire jarrera eskertu eta irakaslearekin hitz egin bezain laster niri deituko zidala agindu zidan. Gaur arte.
Oso argi daukat korapilatu den arazo honen muina ez dagoela pirata hitza erabiltzean. Blogeko irakaslea gezur horri eutsi nahian dabil berak bakarrik sortu zuen arazoari ihes egiteko eta biktima moduan agertzeko.
“Esperemos que el nuevo Gobierno de Patxi López ponga las cosas en su sitio” idatzi zuten goian aipatutako blog batean. Ez ditut zerrendatuko bi urte hauetan euskarak jaso dituen erasoak eta atzerapausoak. Dena den, aipatu behar dut 2009ko otsailean EGA azterketa prestatzeko 2008ko azterketak era interaktiboan egotea ezinbestekotzat jotzen zuen bitartean, 2011ko irailean ez dugula ez 2009 ez 2010ko azterketarik, ez paperean, ez era digitalean, ezta formatu interaktiboan ere. Berak orain, Patxi Lopezen aholkularia dena, paradoxikoki, ez dauka kezkarako eta kexarako inongo motiborik.