Zeraingo Larraondoko zerrategia Kultur Ondare Monumentu izendatu du Eusko Jaurlaritzak
Zeraingo Burdinaren Mendiak 2008. urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Monumentu Multzo izendapenaren jaso zuenetik hiru urtera etorri da Zeraina bigarren monumentu izendapena: uztailaren 19an, Kultur Ondasun gisa, Monumentu izendapena jaso zuen Zeraingo Larraondo zerrategiak. 1980eko hamarkadan zeraindarrek herriko altxorrak berreskuratzeko hartutako bideari emandako sariak dira izendapenak. Asteburuetan Zeraina hurbilduta, iragana, bi bizimodu, bi lanbide gertutik ezagutzeko aukera paregabea dago Zeraingo bi altxorrei eta bi monumentuei esker. Ondorengo bi orriotan Larraondo zerrategira eta Burdinaren mendira gerturatu gara.
1980eko hamarkadan, herrian altxor ugari zituztela jabetu ziren zeraindarrak eta horiek berreskuratzeko apustua egin zuten, “herriaren nortasunaren isla zirelako eta herriarengandik jasotakoa herritarrei nahiz kanpotarrei erakutsi behar zitzaiela erabaki zelako”. Filosofia horren adibideetariko bat da Larraondoko zerrategia: Larraondo baserriko familiak Zeraingo Udalari eman zion Larraondoko zerrategiareen erabilera zesio baten bidez, 100 urterako. Udalak zerrategia zaharberritu eta balioan jartzeaz gain, epe horretan mantenimendu lanak egiteko ardura hartu zuen eta bisitatu nahi zuen edozeinentzat erakusgarri jarri zuen.
Zerrategiaren jatorrizko itxurari eusten saiatu ziren zeraindarrak, ahalik eta aldaketarik gutxien eginez. Eraikinaren egitura, aldaparoa eta errekatxoaren bidea esate baterako, lehengo eran mantendu zituzten.
Monumentu izendapena
Uda honetan bertan, uztailaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburutzak, Zeraingo Larraondoko zerrategia Kultur Ondasun gisa, Monumentu izendapena emanez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu du. “Zerainen urteetan zehar lan-eredu izan den auzolanaren ondorio besterik ez da”, dio zeraindarrek. “Zeraingo herritarren auzolanaren ondorioz eraberritu eta mantendu da Larraondoko zerrategia. Auzolana da, era berean, ezerezen truke ondare pribatu bat herriaren esku jartzea ere, eta baita ondare hori bisitatu nahi duen orori erakustea ere. Azken batean, Zerainen denbora askoan oinarri izan duten auzolanari esker jaso du Zeraingo Larraondoko zerrategiak Kultur Ondare Monumentu izendapena”.
Larraondoko zerrategia
Zeraingo Larraondo baserriko Higinio eta Santiago Alustiza Zabaleta anaiek eraiki zuten Larraondo zerrategia 1890. urte inguruan, Lasurtegi errekaren ura eta inguruko basoko egurra aprobetxatuz. Erabat autodidaktikak omen ziren bi anaiak eta Gipuzkoan industria iraultzak gorena jo ez zuen garaian, multzo hidrauliko industriala sortu zuten. “Aurreko mende amaierako teknologien erreferentzia historikoa dugu gaur egun zerrategi hau”, diote Zeraingo Turismo bulegoko arduradunek.
1960. urte ingurura arte, egon zen martxan Larraondo zerrategia. Zerrategiaren garairik onenean, 14 makina martxan izatera iritsi omen ziren.
Baserriaren osagarri
Baserriko lanen osagarri zen zerrategia. Batez ere udaberrian eta neguan lan egiten zuten zerrategian, Lasurtegi errekan ur gehien zegoen garaian, eta baserrian lanik gutxiena zegoen garaian hain zuzen ere. Lasurtegi errekatik hartutako ura zerrategiaren goialdean dagoen aldaparora bideratzen zuten eta energia hidraulikoa sortzen zuten. Ur horrekin bi turbina jartzen zituzten mugimenduan: turbina txikia argia lortzeko eta turbina handia, zerrategiko tresnak mugitzeko. Turbinaren ardatzean hiru txirrika zeuzen, eta bakoitzetik uhal bana igotzen da zerrategiko tresnetara.
Turbina handia, hiru uhal
Uhal bakoitza zeregin jakin baterako da. Lehenengo uhalarekin ardatza mugitzen zen eta honi loturiko hainbat tresna jartzen dira martxan: tornua (gehienbat baserriko tresnen kirtenak egiteko erabiliko zen, baina baita etxeko altzarientzako hankak egiteko ere); zepilua (egurra lisatzeko); deztera (baserriko tresnak zorrozteko); esmerila (zerrak zorrozteko); errota txiki bat (alea txikitzeko); pulidora (egurrari diztira ateratzeko); taladroak (zuloak egiteko); eta sutegia (sutegian hauspoari ematen ibili beharrean, hauspo edo bentiladore sistema bat mugitzen zen, honekin sutegian sua egiten zen, burdina guritu eta atzean ingudean mailuekin golpeak emanaz burdinazko tresnak egiteko, edo eta batik bat zerrategiko tresnak konpontzeko).
Bigarren uhalarekin zerra zirkularra mugitzen da. Egur txikia mozteko erabiltzen da. Hirugarren eta azken uhalarekin zinta zerra mugitzen zen. Zuhaitzen enborretatik ohol eta zutabeak egiteko erabiltzen zen hau. Bertatik bertara zuten lehengaia. Baserri inguruko larreak ez beste ingurune ia guztia basoa baitzen: haritzak, intxaurrondoak, gaztainondoak, makalak…