Ion Muñoa
Konfiantzari buruzko galdera batekin hasi nahi dut gaur: orokorrean, jende gehienarengan konfiantza eduki dezakezula uste al duzu? Edo bestela esanda, orokorrean jende gehienarekin fidatzen al zara? Ziur, galdera bera duela hogeita hamar urte egin izan bagenu erantzun ezberdinak jasoko genituzkeen. Eta zergatik diodan hau? Zenbat etxetan edo baserritan ikusten dugu atea irekita? Zenbatek uzten dute autoko atea giltzapetu gabe? Zenbat pertsona ikusten ditugu autostop egiten? Eta autostopean daudenak hartzen? Zeinek uzten dio sakelakoa kalean telefono eske datorkion ezezagunari?
Irudipena daukat inguruko pertsonekin, hurkoekin, geroz eta konfiantza gutxiago daukagula; badaezpada ere, norbera norberean itxita bizi garela, besteek kalte egin diezaguketelako. Materialki geroz eta gehiago edukitzera pasa garen gizartean, badirudi inorekin ez fidatzea dela arrakasta eta ongizate materialerako bide bakarra. Bizimodu kapitalista, indibidualista eta postmodernoaren zehar-kalte bat gehiago? Agian bai, baina ez nago hain ziur hori bakarrik ote den!
Hasierako galderara itzuliz, galdera hori egin zuten BBVA Fundazioak aginduta, munduko hainbat herrialdetan. Eta Danimarka bezalako herrialde ustez aurreratuetan jendeak zioen oro har besteengan konfiantza baduela; aldiz Turkian edo Txilen, jende gehienak uste zuen ingurukoak, ahal bazuen, kalte egingo ziola. Eta galdera hori Euskal Herrian egingo bagenu, zein litzateke erantzuna?
Ez dakit. Baina ziur nago gure sozidadeak edo kooperatibak ez liratekeela existituko duela ez hainbeste urte gure gizartean jendeak elkarrengan konfiantza eduki izan ez bazuen. “Merkatuek” ere konfiantza galdu omen duten egunotan, 50 euro utziko al zenizkidake datorren astean itzuliko dizkizudala hitz emango banizu?
Eneritz Gorrotxategi
Fidatu, fidatu… une, egoera, aldarte, inguru eta sentimenduaren arabera! Garai batean atariak irekita uzten ziren… eta gerora hasi ziren tinbreak edota bideoa duten gailuak atean jartzen, nori ireki behar diozun edo nori ireki nahi diozun erabakitzeko. Ohiturak, gizartearekin batera aldatu dira; familiako kide kopuruak behera egin duen neurrian, etxeak askotan hutsik egoten dira; garai batean apenas gertatzen zen hori. Egun, beste familia eredu batzuk ere badira…
Nire ustez, salbuespenak salbuespen, ezingo ginateke orain garai bateko eskema berarekin bizi. Hasi pentsatzen: lanbidea, garraioa, ikasketa prozesua, bizimodua orohar… dena aldatu da. Inor bizi al da lehengo bizimodu edo eskema horrekin? Egun jakin batean egin genezake, baina nire ustez, garai bateko bizimoduari begira bakarrik ezin gara bizi. Formula berriak ekarri dizkigu gizarteak; gizartearen gurpila da garaiak aldaratzen dituena eta hor sartu ‘beharrean’ topatzen gara.
Bizimodu honetan ordea, konfiantza gutxiago dago, bai. Baina konfiantza izateko oinarri bat, niretzat behintzat, aldamenekoa edo inguruko hori ezagutzean eta errespetatzean datza; berarekin zer partekatu dezakezun ikusi eta aztertzea alegia. Zure lagun batekin lanera joateko autoa parteka zenezake, pisukidearekin eguneroko bizitzari ekiten diozunean konfiantza sortzen joaten da. Partekatuz gero, errazagoa izango da bizitza, ezta? Formula berriak erabiltzean dago gakoa.
Eta zuri… 50 euro… ez dakit bada… bai, utziko nizkizuke bai; hala ere nire ustez hobea da besteei uzteko aukera izatea, behar izatea baino.