Kirola, korrika, osasuna eta familia uztartzen ditu Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak. Kirol osasuntsuaren aldarrikapena egiten du eta horrekin batera, korrika zaletasuna txikienen artean zabaltzen ari dira lazkaotarrak.
2002. urteko Josetxo Imaz memorialean parte hartu zuen lehenengo aldiz talde bezala, Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak. Dozena bat korrikalariko taldea izatetik, 50etik gora izatea lortu dute 10 urtetan. Duela 10 urte ez bezala, gazteak, haurrak eta emakumezkoak ere gerturatu dira taldera.
Bakarkako kirol izatetik talde kirol bihurtzea lortu dute Lazkaon. “Duela 10 urte bakoitza bere aldetik ibiltzen zen korrika. Bakoitza bere aldetik joaten zen karreretara. Hizketan hasi eta entrenatzeko eta karreretera joateko elkartzen hasi ginen. Hortik sortu genuen taldea. Izena jarri taldeari, kamisetak erosi eta aurrera”, dio Iñaki Belamendiak, taldeko kideak.
Hasiera hartan, “10-12 izango ginen. Baina berehala zabaldu zen taldea. 20tik gora berehala elkartu ginen”, gaineratu du Mikel Zabalak. Gaur egun, 53 dira taldean. “Emazteak eta umeak ere badaude taldean. Korrikako taldea baino gehiago, lagun taldea da. Taldearen filosofia da, kirola egitea, ez kirol lehiakorra, osasuntsua baizik”.
Gaur egun gero eta jende gehiago ibiltzen da korrika eta hori nabaritzen dute lazkaotarrek. “Garai batean beti berdinak ibiltzen ginen korrika, “eroak”. Gaur egun, emakume asko ikusten da korrika, gazteak ere bai. Adineko jendea berriz hasi da. Taldea finkatu egin da eta jende gaztea eta berria sartzen ari da”.
Emakumezkoak gero eta gehiago
Emakumezkoen kasua azpimarratu nahi izan dute lazkaotarrek. “Lehen, emakumeen kasuan, lotsagatik ez ziren ateratzen. Ikusten duzu hori aldatzen dela. Goierrin bada emakume talde bat, egunero goizeko 6etan ateratzen dena korrika egitera. Hori lehen, pentsaezina zen. Jendeari txip-a aldatzen ari zaio”.
Korrika zentzu ezberdinean ulertzen eta hartzen dutenak biltzen dira taldean. “Taldean denetik dago: korrika oso ondo egiten dutenak eta oso lasai dabiltzanak. Bakoitzak ahal duena entrenatzen du. Filosofia inoiz ez da konpetitiboa izan. Denoi gustatzen zaigu korrika egitea. Zerbait egiten ari gara, gainera familia ere sartuta dago. Ondo pasatzea da helburua”, diote Belamendiak eta Zabalak.
Antzar Korrikalariak bezalako taldeek, taldean korrika egiteko beste aukera bat sortu dute. “Duela 10 urte federatzeko aukera bakarrik zegoen; gaur egun, taldean aritzeko aukerak badaude”, diote Antzar Korrikalariak taldekoek.
Eredugarria
Antzar Korrikalariak taldea eredugarria izan da inguruko herrientzat. “Gu sortu aurretik zegoen korrika talde bakarra, Ordiziako ‘Jatorrak’ izango zen. Desagertu egin zen talde bezala eta gero gu sortu ginen. Orain, Ordizian ‘Bolitas’ eta Beasainen ‘Bealak’ daude. Ikusten da, ereduak balio duela. Familia ere elkartu egiten da, beste ekintza batzuk egiten dira…”.
Umeentzeko krosa
Haurrak korrikara erakarri nahi dituzte Antzar Korrikalariak taldekoek eta urtero bi proba antolatzen dituzte. Bata, herriko jaietan, herriko haurrentzat; eta abenduan, Gipuzkoa mailako proba, Ordiziako Txindoki Atletismo taldearen laguntzaz. “Haurrentzat ez dago karrera asko; hemen inguruan, bakarra izango da. Gero eta ume gehiago hasten da korrika. San Benito ere oso lan polita egiten ari da. Umeak ilusioarekin ikustea polita da. Iazko abenduko proban, eskolarteko proban, partaide gehien zituen taldea, San Benitokoa zen”, azpimarratu dute Belamendiak eta Zabalak. Haurren proba horri, Eñaut Aldanondo memoriala izena jarri diote, ezbeharrez hil zen taldekidearen omenetan.
Babesle fidela
Hamar urteotan babesle bera izan du Antzar Korrikalariak taldeak: Lazkaoko Errotaundi okindegia. Kolore ezberdinetako kamisetak erabili izan dituzte, baina babeslearen izenik ez da aldatu. Hori bai, Belamendiak eta Zabalak esan digutenez, materiala asko aldatu da, asko garatu da kirola egiteko materiala: “duela 10 urteko kamisetak, izerdiz busti-busti eginda bukatzen zuen. Gaur egunekoa, berehala lehortzen da”.
“Europan maratoiak festa bezala hartzen dituzte”
Korrikaren aitzakian, Europa ezagutzen ari da Antzar Korrikalariak taldeko hainbat korrikalari. Europako hainbat hiriburutako maratoietan parte hartu izan dute. Lehenengoz, 2005ean Parisko maratoian hartu zuten parte. Bartzelona, Praga, London, Berlin, Erroma… ere zapaldu dituzte. Harrezkero, Parisen ere izan dira beste behin. Asteburu pasa ederrak egin dituzte, familia eta lagun giroan.
Askotarako eman izan diete irtenaldi horiek: “Karrera horietan ikusten duzu jende bat lehiatzen ari dela baina gehienak, bukatzera doazela, denborari begiratu ere egin gabe. Bukatu eta egun polita pasatu”, dio Mikel Zabalak. “Frantzian, Alemanian, Italian egon gara eta ikusten duzu korrika festa bat bezala hartzen dutela. Jendeak kirola osasunagatik egiten du. Hemen kirola izan da, eta oraindik ere hala da, zerbait lehiakorra, konpotetiboa. 10 urteko epe honetan ikusten da gero eta jende gehiago ari dela korrika egiten. Josetxo Imazek asko lagundu du horretan. Nik uste dut jendea filosofia horretan sartzen hasi dela; kirola kultura bezala, ez konpetizio bezala. Ordiziako San Silbestrea antzeko zerbait da; festa bat da”.
Erlojua etxean
Europako filosofia ekarri nahi dute gurera. “Behobia egin duzula esan eta jendeak egiten duen lehenengo galdera, ‘zenbatean egin duzu?’ da. Bukatu egin dut eta kitto, hori da garrantzitsuena. Parisen, Erroman eta horietan, bukatzeagatik zoriontzen zaituzte. Kamisetan finisher hitza jartzen du”, diote Belamendiak eta Zabalak.
Josetxo Imaz memoriala Lazkaon hasi eta bukatuko da
Antzar Korrikalariak taldearen 10. urteurrenaren aitzakian, Josetxo Imaz memorialaren XI. edizioa, Lazkaon hasi eta bukatuko da irailaren 25ean. “Guretzat festa txiki bat egitea nahi genuen. Duela lau urte, edizio batean ere Lazkaon hasi eta bukatu zen, Altamira obratan zegoelako”.
Goizeko 10etan hasiko da haurrentzako proba; helduena berriz, 11etan. Ordiziatik eta Beasaindik barrena 10 km egin ondoren, Lazkaoko plazan bukatuko da proba.
Bezperan, irailaren 24an, taldekideentzat “festatxoa” egingo dute. “Jesus España atleta etorriko da. Europako txapelduna izandakoa da bera, madrildarra. Korrika entrenamendu bat egin eta gero bazkaria egingo dugu”.