Hamar urte dira, ia 10 urteko zaharberritze lanen ondoren, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria museo bihurtu zela. Euskal baserriaren historiaren museoa da; euskal baserriaren mendeetako historiaren bilakaeraren museoa. Gaur egun garena hobeto ulertzeko museoa. 2007an ireki zen Interpretazio Zentroak ere horretan laguntzen du. Kizkitza Ugarteburu urretxuarra eta Zuhaitz Akizu itsasoarra dira museoaren gidari lanak egiten dituztenak.
Hiru gune edo baliabide ditu Igartubeiti baserri museoak, euskal baserriaren historia, bilakaera eta bertan bizi izan ziren biztanleen eguneroko bizimodura hurbiltzeko: baserria bera, interpretazio zentroa eta baratze ekologikoa.
XVI. mende erdialdean eraikita eta eta XVII. mende hasieran handitu zuten Igartubeiti baserria. 90eko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuratu eta zaharberritu egin zuen. Euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide nagusia da.
Interpretazio zentroko erakusketa iraunkorraren bitartez, Igartubeiti baserriko familia eta auzotarren ahotsen bitartez, jakin dezakegu nola handitu eta aldatu ziren antzinako baserriak, nola bizi ziren baserritarrak eta nola egiten zuten lana, nolako harremanak zituzten beraien artean, zertan sinesten zuten, zer ekoizten zuten, zer jaten zuten, nola dibertitzen ziren eta zergatik sufritzen zuten.
Kanpoaldean, baserriaren aurrealdean, baratze ekologikoa dago. Igartubeitiko baratza urtaroaren arabera aldatzen doa, naturaren erritmoei jarraiki eta beti ere naturarentzako kaltegarriak izan daitezkeen produktu kimikorik erabili gabe lantzen dute. Ximaurra eta material organikoak konposatzen dituzte ongarri bezala erabiltzeko, ilargiari begiratu lanerako garairik egokiena den ikusteko. Barazkiak, zuhaixkak, fruitarbolak eta perretxikuak ere hazten dituzte, “modu pedagogikoan haurrek zein helduek ikas dezaten jaten ditugun naturako fruituak nondik datozen”.
Kizkitza Ugarteburu eta Zuhaitz Akizu: “Piezaz pieza desmuntatu, tratatu eta muntatu zuten baserri guztia”
10 urte bete ditu Igartubeiti baserri museoak. Interpretazio zentroa 2007an ireki zen. Dena den, urte askoz lehenago hasi ziren zaharberritze lanean.
Kizkitza Ugarteburu: 90eko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen baserria. Baserri guztia piezaz pieza desmuntatu zuten. Pieza guztiak garbitu eta dena berriro eraiki zuten. 2001ean inauguratu zen. Ez ziren 10 urte segidan izan, diru ezagatik, urte batzutan lanak aurreratu gabe egon ziren.
Zuhaitz Akizu: Berezia izan zen, nola desmuntatu zuten baserri guztia; arkeologikoki pieza bakoitza bere zenbakiarekin eskabazio bat balitz bezala lurrazpian, baina lur gainean. Lan hori lehenengo aldiz egin da baserri batean. Desmuntaia, tratamendua eta muntaia.
Zaharberritzen ari zirela indusketak ere egin zituzten.
Ugarteburu: Sukaldearen azpian etxola moduko bat aurkitu zuten. Uste izan zuten, XVI. mendean, baserria sortu aurretik, horrelako etxoletan bizi zirela eta XVI. mendean sortu zirela gaur egun ezagutzen ditugun baserriak. Beraientzat ere ikerketa suposatu zuen. Lehenengo aldia zen baserri bat ikertzen zela. XVI.-XVII. mendeetan baserriak nolakoak ziren erakutsi nahi zen, batez ere, dolare baserriak nolakoak ziren. Alberto Santana historiaralariak baserriaren eboluzioa kontatzeko, Errusiako panpinekin, matrioskarekin, konparatzen du: etxola nola sortzen den, gero XVI. mendean dolarera joaten direla bizitzera (sagardoa egiteko izugarrizko makina daukate eta bizitzeko leku txikia), gero XVII. mendean artoa iristen da eta behar zuten espazio handiagoa behar zutenez, baserria zabaltzen dute. Santanak Igartubeiti laburbiltzen du, sagardoaren eta artoaren baserri bezala.
Igartubeiti: sagardoaren eta artoaren baserria
Igartubeiti baserriak hainbeste urtean zutik iraun badu, besteak beste, garai berrietara egokitzen jakin izan duelako izan da. Igartubeitiren historia, Euskal Herriko baserrien historia da. Indusketa lanek, euskal baserriaren bilakaera ezagutzen lagundu dute. Igartubeiti baserri museora egindako bisitarekin euskal baserriaren historia murgildu gara. “Igartubeiti baserriak beste edozeinek baino hobeki islatzen du euskal baserriaren Urrezko Aroa esan diezaiokeguna. Baserria XVII. mendearen hasieran (1630), bere garairik gorenean, zabaldu eta eraberritu egin zen, bizimodu eta lan mota berrietara egokitzeko. Zorionez, esku-hartze honek ia ez zuen ukitu jatorrizko egitura eta gaur egun ere garai bakoitzeko eraikitzeko moduak eta espazioen erabileran izan ziren aldaketak ikusi ahal izateko aukera ematen digu”.
Etxola sakabanatutik hiribildura
IX. mendean sortu ziren nekazarien lehen etxeak Euskal Herrian. Zurezko etxolak ziren, harrizko eliza txiki baten inguruan. Geroago, milagarren urtea baino lehenxeago sortu ziren lehenengo baserri sakabanatuak, Igartubeitiko etxolak bezalakoak.
Gaur egun sukaldea dagoen tokian, etxola baten aztarnak aurkitu zituzten zaharberritze lanetan ari zirela. Erdi Aroko etxola baten aztarnak ziren. Arkeologoek ezin izan dute zehaztu noizkoa den.
Erdi Aroko azken mendeetan gerren ondorioz, izua ekarri zuen euskal baserrietara eta hiribilduen babesa bilatu zuten baserritarrek. Adibidez, 1383an Urretxuko Villa Real sortu zen.
Dolarea
Bitartean Igartubeiti zaharberritu egin zuten. Handiagotu eta sendotu egin zuten, baina lekuz aldatu gabe. Beti leku berean, eraldatuz joan zen mendeetan zehar. Lehenengo euskal baserriak XV. mendearen azken urteetan sortu ziren. Erdi Aroko etxola zaharrak zeuden leku berean eta haien izena aldatu gabe.
“Gipuzkoako lehen baserriak arotz lan konplexuak dira. Barruan, sukaldea, logelak, ikuilua, eta ganbara edo mandioa dituzte. Baina guztietan, dolarea zen eraikinaren bihotza. Sagardoa egiteko erabiltzen zutena. Dolarearen haritzezko habeek mugatzen zuten etxearen garaiera eta zabalera. Obra maisu adituek eraiki zituzten”.
Sagardoak garrantzia handia izan zuen XVI. mendearen azken urteetan. Lehen baserri guztietan zegoen horrelako dolare bat, dolarearen inguruan eratu ziren lehenengo baserriak. Ia bi mila litro sagardo egiten zen Igartubeitiko dolarean.
Artoa
XVI.mendearen bukareran Amerikatik artoa ekarri zutenean erabateko aldaketa eragin zuen Igartubeitin. “Artoa aletu eta ondo lehortu behar da, hilabete batez lehortzen eduki behar da, eta lehortzeko toki bat behar da, lizundu egiten dira bestela, eta horretarako leku egokiabehar da. Honela aurreko etxeak txikiak zirenez, etxearen zati berria eraiki behar izan zen. Aurreko aldeari atxikita, zurezko ganbara eraiki zuten eta aterpe luze irekia gelditu zen azpian. Aldi berean, handiago egin zituzten logelak, eta ikuilua. Artoari esker, baserria behin betiko bukatuta gelditu zen. 1630. urte inguruan, Igartubeiti izan zen artoa ereiteko egokitu zen lehenengo baserrietariko bat, artoa bilakatu baitzen euskal nekazarien elikagai nagusia”.
Baserri garrantzitsua
Aldaketa guztion lekuko dira Igartubeitiko horma eta egur zaharrak. Igartubeiti baserriak jatorrizko zurezko egitura oso ongi kontserbaturik dauka eta hau dela-eta, sagardorako dolarea ere kontuan hartuta, Euskal Herriko baserririk interesgarrienetako bat dela esan dezakegu, baita ondareko funtsezko elementuetako bat.
Sagardoaren astea, urriaren 3tik 14ra
Ekintza ugari antolatzen dituzte urtean zehar Igartubeiti baserri museoan. Baserri eguna, musika kontzertuak, bertsoak… Jende gehien biltzen duen ekitaldia, sagardoaren astea izaten da. Urriaren 3tik 14ra izango da aurten. Yartu elkartearekin batera antolatzen dute Igartubeitikoek sagardoaren astea. Sagarraren zanpaketak egunero egingo dituzte goizeko 11,30etan. Asteburuan eta Pilarika egunean, urriaren 12an, bi saio egingo dituzte. Asteburuari lotuta, Arizkungo ‘Jo ala jo’ elkartekoek kirikoketak egingo dituzte. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Aktore lanetan ere arituko dira Yartukoak. Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute. XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantzita, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete.
Bi lehiaketa
Sagardoaren astearen barruan, bi lehiaketa antolatu dituzte. Batetik, argazki lehiaketa eta bestetik, sagarrarekin edo sagardoarekin egindako errezetan lehiaketa. Errezetarik originalena sarituko dute astero. Ezkio-Itsasoko Labeko jatetxean, 2 pertsonentzako sagardotegi menua izango da saria. Lehiaketan parte hartu nahi duenak, errezeta igartubeiti@gipuzkoa.net helbidera bidali behar da, norberaren datu pertsonalekin. Errezetak bidaltzeko epea urriaren 16ran bukatuko da.
Sagar erakusketa
Egun horietan, Ezkio-Itsason bildutako sagar bariedadeak ikusgai izango dira. Yartu elkarteak Ezkio-Itsasoko udalaren laguntzaz antolatutako erakusketa baserriko ezkaratzean dago kokatua.
‘Areago. Soinuetan murgilduz ibili’
10. urteurrenaren harira, ‘Areago. Soinuetan murgilduz ibili’ egitasmoa martxan jarriko dute. “Geolokalizazioarekin, Igartubeiti Baserri Museoko ondare baliabideekin erlazionatutako teknologia berrien erabilpena biltzen duen egitasmo berritzailea da, ondare horri balioa emanez. ‘Areagok’ audiogida sistema proposatzen du, GPS teknologiaz hornitutako smartphone edo laugarren belaunaldiko telefonoak erabiliz gune irekietan esploratzeko aukera eskainiz. Soinu ibilbidearen, kontakizun esperimentalaren eta ibilbide turistikoarekin artean kokatzen den esperientzia paregabe honek, baserriaren inguruarekiko interakzioaren bitartez, materiala den eta materiala ez den ondarearekiko hurbilpena ahalbideratuko du”, diote Ugarteburuk eta Akizuk.
Musika kontzertua
Zumarragako Antioko musikaldiaren barruan, Elena Barbé sopranoa eta Gerardo Rifon pianista izango dira urriaren 1ean, arratsaldeko 6etan, Igartubeitiko dolarean.
-
Urriak 3, astelehena: 11:00etan: Inaugurazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sariak X. Sagardo lehiaketako irabazleei diplomak banatuko zaizkie. 11:30ean: Zanpaketa eta antzezpena.
- Urriak 4, 5, 6, 7, 10, 11, 13 eta 14: 11:30ean: Zanpaketak, Hego Euskal Herriko ikastetxeei, jubilatuei eta euskaltegiei zuzenduta.
- Urriak 8, 9, eta 12: 12:00etan eta 17:00etan: Zanpaketa eta kirikoketa. 11:30etik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era: Antzezpenak.