Ataungo Ander Gorostitzuk eta Gloria Urkolak meitaimaitie.com enpresa sortu dute ume eramaleak eta beste hainbat produktu gizarteratu eta saltzeko:
Duela lau urte jaio zen Peru, Gloria Urkolaren eta Ander Gorostitzuren semea. Zesarea bidez jaio zen eta bularrik ez zuen hartu Peruk. Atxikimendu arazoren bat edo beste izan zuten semearekin eta meitai ume eramalearekin topo egin zuten. Bizitza aldatu zitzaion Gorostitzu-Urkola familiari. Meitaiarekin batera, umearen hazkuntza era batekin egin zuten topo. “Nahiz eta hazieran oztopo asko izan genituen, gure seme Peru hazteko modu propioa izan dugu: atxikimenduan oinarritua, maitasunaz, kontaktuarekin, begiradaz eta ilusio askoreki
Ataungo bikoteak, beraiek bizitako esperientzia eta beraiek semearen hazkuntzan erabilitako bitartekoak gizarteratu nahi dituzte. Meitaimaitie.com webgunea sortu dute horretarako. Interneteko denda da. “Denda honetan aurkituko duzuen guztia Peruren hazieran erabili ditugun gauzak dira, asko lagundu digutenak bide hau egiten, gustuko ditugunak eta konbentzitu gaituztenak”. Batez ere, ume eramaleak eta oihalezko pardelak saltzen badituzte ere, beste osagai batzuk ere saltzen dituzte: biberoiak, jostailuak, emakumezkoarentzat hilerokoarentzat osagaiak…
Dena den, Internet bidezko denda baino askoz ere gehiago da Meitaimaitie.com, hazkuntza mota baten erakusleiho izan nahi baitu. Euskal Herriko hainbat herritan, tailerrak ere ematen ditu bikoteak.
Ikastaroak
“Guretzat, gure lana eta produktuak zabaltzeko modurik onena, tailerrak dira. Dohainik izaten dira tailerrak”. Beasainen, Zarautzen, Azpeitian, Hondarribian, Donostian, Billabonan eta Lesakan ikastaroak edo tailerrak ematen dituzte Urkolak eta Gorostizuk. Ume eramaleak eta oihalezko pardelak erakutsiz, abantailak eta desabantailak azalduz, beraien filosofia zabaltzen aritzen dira. 3 orduko tailerrak izaten dira. Izan ere, “ume eramale gehienak eramaten ikasi egin behar da. Nola jantzi behar diren, korapiloak egiten ikasi behar dugu, adin bakoitzari dagokion postura eta ume eramailea…
Adin bakoitzarentzat ume eramale ezberdina proposatzen dute ataundarrek, beti ere, haurraren bizkahezurraren forma errespetatuz. “Umea jaiotzen denean, bizkarhezurra C forman dauka, sabelaren forma. Guk, S bikoitz formakoa dugu, lepoan eta gerrian kurbaturarekin. 2 hilabeterekin lepoko kurbatura sortzen hastean da, umea burua heltzen hasten denean, 6 hilabeterekin, eserita mantentzen hasten denean, bere kabuz, gerriko kurbatura sortzen da. Beraz, bizkarhezurraren forma errespetatu behar da. Umeak aldaketa handia ematen du sei hilabeterekin, eseritzen hasten denean”.
Ekialdetik datorren ume eramailea
Interneten, foro batean izan zuen Gloria Urkolak meitaiaren berri. “Peruk 7 bat hilabete zituenean, haziera foro batean lagun batek beste bati esaten zion utzitako Meitaia itzuli behar ziola. Zer izango ote da Meitai hori? Google-eko leiho berri bat ireki nuen, Meitai idatzi eta sarrera piloa atera zitzaizkidan… horien artean bat egin zitzaidan deigarriagoa… “Nola josi zure Meitaia”. Sartu egin nintzen, irakurri, Peru hartu nuen eta Ordiziara joan nintzen, oihalak erostera, loneta lisoa 1,8m.ko tirak egiteko eta koloredun loneta gorputza egiteko. Etxera itzultzean, oihalak moztu nituen, zatiak josi, denak elkartu, berriz josi, eta gure lehen Meitaia izan nuen eskuetan. Ander bulegotik 21:30ak aldera itzuli zen, eta nire azken proiektua erakutsi nion. “Meitai izena du!”. Hurrengo egunean probatu genuen, eta geroztik Peruk ia hiru urte izan dituen arte etxean zein kalean inoiz falta ez den osagarria izan da. Eta horrela hasi ginen Peru gainean eramaten, eta honek dena aldatu zuen gure bizian. Peru guregandik gertu eramatearen onurak sumatzen hasi ginen, oso gustuko zuen Meitaian lokartzea, gehiago eta hobeto lo egiten zuen, eta atxikimendua sortzen joan zen… Dena aldatu zen”, zehaztu du Gloria Urkolak. “Meitaia ingurukoei oparitzen hasi nintzen. Lagun batek berak saltzeko 10 bat eskatu zizkidan. Blog bat egin nuen meitaiak saltzeko”, gaineratu du.
Jatorriz ekialdetik datorren ume eramailea da meitaia, “txinatarra dirudienez eta ehunka urte atzetik datorrena omen da. Meitai hitzak “lotu daiteke” esan nahi omen du, eta funtsean hori da Meitai bat, tela zati lauki bat, erpin bakoitzean tira luze batekin gorputzera lotu ahal izateko. Txinan andreak arroz soroetara lanera zihoazenean umeak bizkarrean lotuak eramateko erabiltzen zuten ume eramailea da. Geroz eta gehiago ikusten da orain mendebaldean.
Begiradaren garrantzia
“Hau dena hazkuntza mota bat ere bada guretzat: lehenengo urtean kontaktua ematea oso garrantzitsua da. Begirada, berarekin egon… Umeek ere askotan siestak gure gainean edo ondoan hobeto egiten dituzte, luzeagoak. Askotan jendeak osagai bat bezala ikusten du ume-eramailea baina azkenean filosofia bat ere bada. Gure ustez esanahi handiagoa dauka. Orain arte, ez ginen mundu honen oso zale, hazkuntza naturalaren eta gauza hauen oso zaleak ez ginen Peru jaio arte. Orain hazkuntza natural horren zale bagara, baina muturreko jarrera izan gabe. Guk ere kotxe silla badaukagu eta asko erabili dugu. Gauza bakoitzak bere momentua dauka. Ez gara radikalak. Ume eramaleen kontua “hippyen” munduarena dela dirudi, edo sektore batena. Katalunian ez da horrela baina hemen jende oso hippyak eraman ditu. Oso sektariazatua dago. Baina gu ez gara hippyak”, diote. Dena den, ume eramaleak erabiltzean gure gizartean ondoegi ikusita ez dagoenaren irudipena ere badaukate. “Denetik entzun behar izan dugu: pobreen kontua balitz bezala. Kotxekapotarik erosteko dirurik ez daukazu? Galdetzen diete askotan. Ez dago oso ondo ikusia hainbat belaunalditan. Gure aitona-amonek ez zuten kotxe kapotarik, gure gurasoen kontua da gehiago. Europan, kotxe kapotarik gehien, Espainian saltzen da, eta gehien Euskal Herrian. Ingalaterran eta Alemanian, oso kotxe kapota gutxi saltzen dira eta sinpleak, han ez dituzte guk bezelako dirutzak gastatzen kotxe kapotetan. Taldean sentitzean errazagoa da. Bakarra ez zarela ikusteak asko laguntzen du”.
Laura Gutman terapeuta argentinarraren jarraitzaileak dira. “Liburu asko idatzi ditu hazierari eta amatasunari buruz. Berak asko erabiltzen duen hitza, begirada da. Umeekiko begirada hori. Ume batek ez dizu eskatuko 3-4 urtera arte, behar ez duenik. Zerbaitegatik eskatzen dituzte gauzak eta garrantzitsua da lehenengo bi urteetan behar horiek betetzea eta asetzea, gero handiagoa denean, bera indartsuagoa izan dadin, autoestimu handiagoa izan dezan, hutsune emozionalak izan ez ditzan handitan beste gauzekin bete beharrekoak… Ume batek, lehenengo bi urtetan, jana edo bularra eskatu duenean eman ez bazaio, besoak eskatu dituenean ez bazaizkio eman… nire ustez horrek faktura pasatzen du umearen izaeran. Gutmanen filosofia hori da. Psikologia sistema bat sortu zuen lantzeko, ‘biografia humana’ izena duena. Guk egin dugu biografia, biok. Guk asko jarraitzen dugu Laura Gutman”.
Ume eramale ezberdinak
Bost ume eramale merkaturatzen dituzte 0haurraren adinaren arabera sailkatuta. Meitaiak eta bandolerak Gloriak josten ditu.
-
Fular elastikoak: Lehenengo egunetik erabiltzeko, fular elastikoak daude. “Ume jaio berri edo hilabetetako batentzat, eta fularra lotzen eskarmenturik ez duten gurasoentzat, fular elastikoa ume eramaile oso atsegin eta erabil erraza da, aurre-lotu modura erabili daitekeelako, erabat lotu eta ondoren umea sartu. Ukitze atsegina du eta umearen lehen hilabetetan denbora luzez eramateko aukera asko ematen dizkigu”. Fular elastikoan erabilgarritasuna ikusteko, fular elastikoaren jatorria azaldu digute ataundarrek: “ fular elastikoa sortu zutenek, haur goiztiarra eduki zuten. Haur goiztiarrekin demostratu zen, kanguro metodoa zela egokiena. Estatu Batuetan, aberatsek, haur goiztiar bat baldin bazuten, ospitalik onenetan uzten zuten eta egunean bitan bisitatzen zituzten. Ume gehienak hil egiten ziren. Pobreek ospitalik ordaindu ezin zezaketenez, etxera eramaten zituzten, eta umea gainean eduki eta titia ematen zieten, eta hauetatik gehienak bizirik ateratzen ziren. Konturatu ziren, zerikusia zuela kontaktuak. Kanguro metodoa hortik sortu zen. Metodo hori, haur jaioberria, ahalik eta denbora gehienean, amaren gainean egotea datza. Horretarako sortu zen fular elastikoa. Fular elastikoa, lehenengo urtebetean erabiliko litzateke, umeak pisu handia hartzen duenean, ez luke balioko, elastikoa delako”.
- Fularra: Fularra, ume-eramaile orokorrena da, “sinpleena eta aldi berean konplexuena. Korapilo batzuk egiten jakinez gero edo ikasiz gero, praktika pixka batekin ume-eramaile hoberena izango da, umearen garai bakoitzari egokitu daitekeelako korapiloa aldatuaz”. Fular elastikoa ez bezala, haurraren fase ezberdinetan erabil daiteke, jaiotzetik nahi den arte.
- Meitaiak: Ez da 6 hilabete inguru arte erabiltzea komeni umea bera bakarrik eserita mantentzen den arte. Umea handi egin arte erabil daiteke. Urtebete inguru izan arte ez da komeni atzealdean, bizkarrean eramatea, kontaktu bisualik ez dugulako, gehien bat bakarrik bagoaz.
- Bandolerak: Bandolera, oihal zati luze bat eta bi eraztunez osatutako ume-eramailea da. “Kokatze azkar bat errazten digu eta ajuste erraza. Eramate asimetriko oso erosoa ematen du eta umeak behin burua heltzen duenetik, hau da 2-3 hilabete inguru, eramatea nahi duen arte erabili daiteke. Bandolera ezin daiteke denbora askoan eraman. Asimetrikoa da, umea alde batean dago eta ebila beste aldean. Oso erosoa da, oso azkarra da, baina ezin da denbora luzean erabili, gehiago nekatzen delako. Kotxe kapotakin goazenean eramateko ume-eramaile egokiena da, beti bukatzen dugulako denok denboratxo batean umea kalakan eta kotxeari bultzaka”.
- Motxila ergonomikoa: Sei hilabetetik aurrera, bizkarhezurra formatzen hasten denean, bakarrik eserita egoten direnean, motxila edo meitaia erabiliko genuke. “Motxila ume eramaile erosoa da, bai umea eramateko eta bai eramailearentzako. Baina erosoena jarri eta kentzeko da, jartze oso erreza eta bizkorra duelako. Mendiko motxila baten moduan lotzen da eta oso oso egokia da mendira joateko zein paseoetara joatek
Oihalezko pardelak, pardel birrerabilgarriak
Meitaimaite-koek, beste arlo bat ere lantzen dute: oihalezko pardelak edo pardel birrerabilgarriak, jasangarritasunaren gaiarekin bat eginez. Ildo horretan, emakumezkoen hilerokoentzat ere hainbat osagai birrerabilgarri saltzen dituzte. “Pardelek eta konpresek desintegratzeko urte asko behar dituzte. Sasietak emandako datuen arabera, zaborraren %11 pardelek osatzen dute eta pardel bakoitzak 500 urte behar ditu desegiteko”, dio Gloria Urkolak.
Ingurugiroari egiten zaion kalteaz gain, dirutan ere asko aurreztuko omen litzateke oihalezko pardelak erabilita. Ander Gorostitzuk eman dizkigu datuak: “haur batek bi urte eta erdi an erabiltzen baditu pardelak, sei pardel eguneko, 2.200 euro kostatuko da. Bi ume, 4.400; hiru ume, 6.600 euro. Oihalezko pardelak, % 100ean erabilita, 800 euro gastatuko dira lehenengo haurrarekin; bigarrenarekin eta hirugarrenarekin, asko jota, papera bakarrik erostia nahikoa da. Haur batekin aurreztu egiten da, bi edo hirurekin zer esanik ez”.
Dena den, poliki-poliki ari dira gai hau gizarteratzen, gai zaila iruditzen baitzaie. “Oso zaila ikusten dugu. Oraindik jende bat ez da gai, zaborra bereizteko. Nor hasiko da pardelak garbitzen? Momentuz, honetan oso kontzientziatutako jendea sartzen da, edo azalarekin arazoren bat izan duen jendea. Baina guk probatzea gomendatzen dugu. Probatzeko errazena, gauekoarekin hastea da”, diote ataundarrek. “Haurtzaindegietan zenbat kilo pardel ateratzen den zaborretara? Nik uste dut eguneko pardel batzuk kendu daitezkeela oihalezko pardelekin. Ez da hain zaila. Pixkanaka egin behar da, sentsibilizazio kanpaina on batekin”, diote.
Aurreratu dutenez, Sasieta Mankomuniatearekin elkarlan bat egiteko hizketan dabiltza. “Ingalaterran honelako pardelak erabili izan dituzte. Ingalaterran metodo mistoa erabili izan dute. Gu ere, mistoaren aldekoak gara. Umeak gastroenteritisa baldin badauka ezin zara oihalezko pardelekin erotu. Edo oporretara bazoaz ere ez”.
Pardel ezberdinak
Horretaz guztiaz gain, haurraren osasunerako ere oihalezko pardelak hobeak direla diote Urkolak eta Gorostitzuk. “Erabili eta botatzeko pardelak gel kimiko piloa dute, eta geroz eta ume gehiago daude azaleko arazoak dituztenak pardelak direla eta”.
Tailerretan ere hitz egiten dute oihalezko pardel ezberdinetaz, ikusi eta probatzeko. Eta banakako arreta ere ematen dute. Lau hilabetera arte ez dute oihalezko pardelik gomendatzen. “Amak nahikoa lan dauka bularrarekin eta haurrak egiten duen kaka, oso arina da. Mantxak uzten ditu. Ordura arte, ez du merezi”.
Bi atal ditu oihalezko pardelak. “Gure gurasoek erabiltzen zuten metodoa, baina teknika hobetuta, materiala ere hobetu da. Kanpoko zatia, iragazkaitza da, mikroporoa daukan sistema, transpirableak dira. Konpresa bat sartzen zaio. Ia pardel normal bat bezala da. Klipekin ixten da. Jende asko hasi da horrelako pardelak erabiltzen, azaleko arazoak dituelako”.
Eguneko eta gaueko pardelak daude. “Egunez, 3-4 orduz behin pardela aldatzen diozu eta erosotasun gehiago behar dute, ibili egingo direlako. Forma ere ezberdina izango da. Gauekoetan, 8-9 ordutan pardelik aldatuko ez diozuenez, absorbentzi gehiago behar du. Gauekoa, dena da absorbentea. Gau osoa irauten du. Gehiago behar izanez gero, poltsikoa ere badauka beste konpresa bat sartzeko”.
Teknikak aurreratzen ari dira eta pardelak garbitzeko errazagoa izan dadin, “patata fekularekin edo artoarekin egindako paperak erabiltzen ditugu. Pardelan jartzen da umeari jantzi baino lehen. Papera jarri eta kaka paperean geldituko litzateke eta zaborretara joango litzateke. Pardela garbitzeko askoz ere errazagoa da”. Arropa garbigailuan garbitzen dira pardelak. “Arropa normalarekin garbitzen da”.
Emakumezkoentzako
Haurren ildo beretik, emakumezkoentzat, hilerokorako, material berezia saltzen dute meitaie maitiekoek. Telazko konpresak eta “tanpaxaren partez, kopa… 12 orduz irauten du. Dirutan asko aurrezten da, 5 urterako balio du-eta. Edoskitzealdirako diskoak ere badaude, esnea xurgatzeko, askoz ere kalitate hobeagokoak dira. Arropa garbigailuan garbitzen dira”.