Azaroaren 4an Beasainen inauguratuko duen erakusketa prestatzen ari da Aitor Mertxan pintore beasaindarra. Pintura abstraktuan oinarritu izan da orain arte bere estiloa baina figuratiborako jauzia ere egin nahi du.Emaitza, Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan.
31 urte ditu Aitor Mertxanek. Munduan barrena ibilia da pintura arloan hezten eta aberasten. Diseinu grafikoa, argazkigintza eta pintura arloak ikasi ditu. Etxera itzuli da eta bere lanak gertutik ezagutzeko aukera izango da azaroaren 4tik aurrera, Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan jarriko duen erakusketari esker.
Herrian aurkezpena egingo duzu beraz.
Ekel tabernan egin nuen erakusketa bat, duela 3-4 urte. Ordiziako Altarten ere bai, baina esan daiteke, Usurbe Antzokikoa, aurkezpen ofiziala izango dela. Leire Martinezek ere erakutsiko ditu bere lan batzuk.
Orain arte egindako lanak edo berriak ikusiko ditugu?
Arte Ederrak ikasketak egindakoa naiz eta dezente koadro ditut margotuta. Baina erakusketarako ere sortu nahi dut, ea denbora ematen didan. Lan handia da erakusketa antolatzea. Denbora ematen badigu, erakusketa aretoa eraldatzeko asmoa ere badaukagu. Ohituta gaude, koadro bat edo lientzo bat ikustea. Aldatu egin nahi dugu, pareta txuriak ez daitezela izan… Areto guztia, dena izango litzateke erakusketa. Jendea animatu egin behar da, dauzkagun ideiak azaldu.
Zein estilo landu izan duzu?
Arte Ederretako irakasleek abstraktua egiteko balio nuela eta horretara bultzatu izan naute. Orain figuratibora itzuli naiz eta lanen batzuk egin nahi ditut. Figuratiboa bai, baina nahiko abstraktoa ere izaten da batzutan. Pintura gehiegi ulertzen ez duenari nahiko abstraktoa irudituko zaio. Abstraktua oso zaila da. Ezetz iruditzen zaigu, pintzelada batzuk ematea besterik ez dela, baina askoz ere konplikatuagoa da. Nik uste arte figuratiboa baino askoz ere zailagoa dela. Heziketa falta nabari izaten da eta horrelako erakusketek balio izaten dute, jendeari hemen ere horrelako gauzak egiten direla erakusteko.
Jendeari kosta egiten al zaio abstraktoa ulertzea?
Ezin duzu denon gusturako margotu. Baina koadroaren arabera gehiago gustatzen zaio jendeari. Argazkiekin ere berdina gertatzen da askotan. Jendeak, oso tipikoak diren gauzak nahi izaten ditu.
Abstraktua margotzea zaila dela esan duzu.
Suposatzen da ibilbide bat edukitzen duzula pinturan eta iristen zarela puntu horretara. Ezin da egun batetik bestera abstrakzioa pintatzen hasi. Ez dauka inongo logikarik. Abstrakzioan elementuak kentzen joaten zara, sinplifikatzen eta sinplifikazio horretatik irten liteke abstrakzioa. Horregatik da zaila, zer kendu eta zer jarri jakin behar baituzu.
Masa asko sartzen dut. Oso azkar pintatzen dut, masa askorekin. Abstrakzioan oreka bat egon behar du. Ezin duzu bi pintzelkada eman eta kitto. Hori baino gehiago da: oreka bat egon behar du, pisu berdina eduki behar du… kolorearen nahasketak ere logika bat eduki behar du. Konplexua da. Baina askotan ez da nahi dena pintatzen. Koadro bat pintatzen hasi eta ateratzen zaidana pintatzen dut. Orain erakusketarako erabaki beharra daukat zer margotu.
Lehen elementuak kentzen eta orain jartzen hasi zara berriro?
Horretan nago! Velazquezen bertsioak egiten ere ibili naiz. Niretzako onena da Velazquez, bere abstrakzio puntua ere bazeukan bere garairako. Teknika hori gustatzen zait eta teknika hori erabiltzen hasi naiz.
Estilo aurkitzen ari zara oraindik?
Pintura, azkenean, ikerkuntza bat da artea nire kasuan. Ez naiz estankatuta gelditzen, ez zait beti berdina pintatzea gustatzen.
Arriskatzea gustatzen zaizu?
Bai, pixka bat bai. Goierrin, denetik dago, arriskatzen da, baina pintura abstrakzioa oso gutxi dago. Salamancatik etorri nintzenean gauza oso garaikideak egiten zituzten. Hona etorri eta normalagoa den bezala, figuratiboagoa edo arruntagoa da. Baina denetik dago. Figuratiboaren barruan kalitate handikoa ere bai.
Koloretsuak dira zure koadroak.
Ilun-ilun margotzen hasi eta gero kolorearekin argitasuna, kontrastea, sartzea gustatzen zait. Horrekin bolumena lortzen dut. Koadrora gerturatu eta lau pintzelkada dira baina urrundu eta bolumena sartzen da.
Urrutitik ikusi behar direla zure koadroak.
Bai. Nahigabe horrela pintatzen dut. Toki egokian jarritako lau pintzelkada dira. Kolore dezente sartzen dut. Ezagutzen nauen jendeak badaki nola pintatzen dudan. Fakultateko jendeak esaten dit, pintzelkada berezia daukadala, koloreak dezente sartzen ditut beti eta hori nabaritzen dela esaten didate. Oso azkar margotzen dut, ahal baldin bada, hasi eta bukatu. Beti daude gauzak berritzeko eta hobetzeko, baina azkar margotzera ohitu naiz eta beste batekin hasteko gogoarekin egoten naiz.
Zein material erabiltzen duzu?
Pintzelarekin, oleoekin, margotzen dut gehiena. Akrilikoekin ere bai. Espatula garai batean asko erabiltzen nuen. Beti probatzen ibili behar da. Espatulak aukera ematen dizu masa asko jartzeko, zabaltzeko. Orain dela 400-200 urte pintzel txiki batekin margotzen zen. Beldurra galdu egin behar da, zuk kontrolatu behar duzu koadroa eta ez koadroak zu. Probatu egin behar da. Denetik jakin behar da.
Erakusketa batean koadroa ikusten ari den batek, hau zer da galdetzen dizunean, erantzutea erraza izaten al da?
Batzutan esplikatu beharra izaten da. Baina ez dago ulertu beharrik. Gustatzen zaizu ala ez. Askotan jendeak esaten du: nik ez dakit, ez dut ulertzen. Baina gustatzen zaizu ala ez. Zineaz ulertzen duzu? Ez, baina pelikula bat gustatuko zaizu ala ez. Lehenengo pausoa da, koadro baten aurrean jarri eta gustatzen zaizun ala ez esatea. Gero hezten joango zara, baina hortik hasten da. Argazkiekin ere berdin gertatzen da, gustatzen zaizu ala ez. Egia da, abstrakzioa baldin bada, abstrakziora nola iritsi den jakinez gero, atzean dagoen guztia baldin badakizu, hobeto ulertzen duzula. Baina gustatu ala ez da kontua. Heziketa falta dago eta hori da arazotako bat.
Estilo bat edo bestea gustatzen zaion jendea dago eta normalean herritarari tradizionala gustatzen zaio. Pintatzen duen batekin elkartzen bazara, herritarrari gustatzen zaiona motz gelditzen dela esango dizu. Borroka bat dago. Nire koadroetan garbi-garbi ez da ikusten baina ulertzen da.
Koadro abstraktoa ikusi eta zer da hori, galdetzen dugu.
Askotan beharbada ezer ere ez da. Ez dauka askotan atzean ezer ere eduki beharrik. Koadro asko izaten dira titulurik gabeak, ez delako gauza konkretu bat.
Azkar pintatzen duzula esan duzu, aire libreko lehiaketetan parte hartzen al duzu? Beasainen bertan bada Arranok antolatutakoa.
Zailak dira. Ikusi dut, beti blokeatuta gelditzen naizela. Hiruzpalautan egon naiz eta beti blokeatuta gelditzen naiz. Presioa edukita hobeto lan egiten dut. Diseinu grafikoko lanetan ere berdina gertatzen zait. Denbora gutxi daukadala jakinda hobeto pintatzen dut, baina lehiaketak beste kontu bat da. Zaila egiten zait. Ohitura falta dela esaten didate, askotara joan behar dela lasai egoten ikasteko.
Beasaingo aire libreko pintura lehiaketaz gain, beste lehiaketa batzuk ere badira Goierrin: Legorretakoa, Aterpe, Goiart, Segurakoa… Nolako mugimendua dago Goierrin?
Beti dago egiteko, baina mugitzen da zerbait. Gehiegi-gehiegi ere ez, baina mugitzen da. Lehiaketa hauek beti laguntzen dute, jendeak pintatzen duela ezagutzera emateko.
Pintore dezente zaudete Goierrin.
Gabonetan artisten topaketa egiten dugu eta denetik ikusten dugu, gazteak eta hain gazteak ez direnak. Hori ere ondo dago. Bakoitzak beste estiloa azaltzen du, gure artean hitz egiten dugu… afaria egiten dugu… giro polita egoten da. Talde horreko gazteenak garenak elkartzeko asmoa daukagu, erakusketaren bat egiteko edo ideia ezberdinak aurrera eramateko.
Telleriatarren eragina
Txikitatik margotu izan du Aitor Mertxanek. Beasainen bertan, Joxe Mari Telleriarekin lehenengo eta Jokin Telleriarekin gero aritu izan da pinturaren sekretuak ikasten. Bi irakasleen eragina nabari zaio gainera. “Beraien estiloak, nahi edo nahi ez, eragin handia izan du. Kolore asko sartzen ditut. Bakoitzak bere estiloa dauka baina eragina jasotzen da”.
Pintura ikasketak gehiago sakontzeko, Arte Ederrak eta Artearen Historia egina ditu, Gasteizen, Paduan (Italian), eta Salamancan. “Artea ezagutzeko gogoa izan dut beti. Artearen munduan mugitu izan naiz beti: dantzan ibilia naiz, bibolina ere jotzen dut…”
Diseinu grafikoan ere espezializatu da beasaindarra, pinturatik bizitzea oso zaila baita. Pinturak eta diseinu grafikoak ez daukate zerikusirik baina biak uztartzen saiatzen da. “Beste gauza batzuk egin behar dira. Nik afizio bezala egiten dut pintura. Enkarguz egiten ditut lanak. Batak bestearekin ez dauka zerikusirik. Diseinu grafikoa azkenean, publizitatea da. Kolore gutxi, ideiak zabaltzeko. Enkargu bat izaten da. Lan bat. Pintura pertsonalagoa da. Diseinu grafikoak helburu konkretu bat du: saltzea, jendea zerbaitetaz enteratze a… Pintura saldu daiteke, baina beste helburu bat dauka, etxean zintzilik jartzeko-edo…”.