Aralarren jokatuko da urriaren 29an eta 30ean. Bertan txakurraren ibilera eta estiloa, ehizerako grina, usaimenaren indarra eta trebakuntza baloratzen dira. Field trial du izena ehiza mota honek.
Hil gabeko arrantza egiten den filosofia berdinarekin dator hil gabeko oilagor txapelketa. Euskal Herrian field trial elkarteak Euskal Herriko txapelketa antolatu du, bi probekin: lehena, Enirio-Aralarren izango da urriaren 29an eta 30ean eta bigarrena, Iratin, azaroaren 5ean eta 6an. Bi probetan puntuaketarik handiena lortzen duenak, Euskal Herriko Basoetako Dama saria jasoko du. Goierrin bada talde bat, ehizeko modalitate honetan aritzen dena. Espezieak babestearekin batera, ehiztarien artean beste kontzientzia bat ere zabaldu nahi dute: gozatzeko, ez dagoela hil beharrik. “Ehizeko txakur on bat” edukitzea nahikoa omen da lehiaketa hauetan parte hartzeko.
Hego Euskal Herrian modalitate berria da field triala edo hil gabeko ehiza. Ipar Euskal Herrian, dagoeneko 20 urte daramate eta Iparraldeko eta Goierriko hainbat ehiztariren artean sortu den loturatik, Goierrin ere, field trial proba antolatzea erabaki du Euskal Herrian field trial elkarteak. Horretan burubelarri ari dira lanean Ion Urteaga ormaiztegiarra, Joxe Ramon Aranburu itsasoarra, Jose Luis Aranburu gabiriarra eta Beñardo Zubizarreta tolosarra. Nafarroa Behereko Donapaleu herriko Ttitto Aizager dute laguntzaile. Lehiaketa honen aitzakian, field trialaren filosofia gizarteratu nahi dute.
Elkarlan horretatik Euskal Herriko Basoetako Dama saria antolatu dute. Iratin eta Aralarren jokatuko diren bi probetan puntuaziorik altuena lortzen duena izango da Euskal Herriko Basoetako Dama. Aralarko proba urriaren 29an eta 30ean jokatuko da eta Iratikoa, azaroaren 5ean eta 6an. Ehize mota hau zertan den azaltzeko, boskotearekin hitzordua jarri dugu, Zaldibiako Goizanen, Txindokiren begiradapean.
Bikoteka
Oilagorraren kasuan, udazkenean egiten den field triala da. Basoan egiten da. Lareotik Nafarroako mugaraino arteko basoa aukeratu dute. 3.359 hako pagadia. Malkartsua. “Oilagor ehizerako erabiltzen den basoetan izaten dira field trialak, baina txakurraren lana ikusteko modukoa izan behar du basoak. Enerioko proba pagadian izango da, txakurrak ondo ikusten dira-eta. Oilagorrak edozein lekutan egon daitezke, baina oilagorrak aurrera joateko lekua izan behar du”.
Bikoteka egiten den proba da. Bikotea lanean ari den bitartean, gainerako partehartzaileak eta ikusleak, atzetik joaten dira, txakurrak lotuta. “Mendi buelta bat izaten da”, diote.
Behin sailera iritsitakoan hasten da lehia. Ion Urteaga ormaiztegiarra hasi da modalitate honen nondik norakoak azaltzen: “ehiz praktikoa deitzen zaion modalitatean sartzen da, heriotzik gabe, oilagorrarekin. Basoan egiten da, bikoteka, bi txakur nagusi beraien zakurrekin. 15-20 minutuko txandak izaten dira. Basoa arakatu behar dute, gutxi gorabehera modu ordenatu batean, eta oilagorra aurkitu. Oilagorra aurkitzen dutenean, jarri, muestra egin, muestra txakurrak direlako. Gidariak oilagorra uxatzen du, altxatzen da eta detonadore batekin airera tiro egiten du. Txakurrak geldi egon behar du oilagorra hegaka hasten denean eta tiroa entzuten duenean”.
Puntuazio ezberdinak
Lana neurtzeko epaileak izaten dira. Kasu honetan, hiru Frantziatik etorriko dira eta beste bi euskaldunak izango dira. “Arrazari dagozkion ibilera eta estiloa, ehizerako grina, usaimenaren indarra eta trebakuntza hartuko dituzte kontuan. Lan ezberdinak hartzen dira kontuan. Adibidez, oilagorra hegaka hasten denean eta ehiztariak tiro egiten duenean txakurra geldi egotea puntuatu egiten da. Beste puntu batzuk ere badaude: txakurrak erakutsi duen lana egiteko era, bai terrenoa ikusteko, jartzeko edo muestra egiteko era, bere arrazarekiko ea egokia den… Txakurra baloratzen da, eta txakurraren hezkuntza ere bai. Oilagorra hegaka hasten denean txakurra geldi egotea, pertsonak landu beharrekoa da, ez baita ehizeko txakur batek egin dezakeen gauza natural bat. Horrekin txakurraren hezkuntza baloratzen da”.
Eskolako noten antzera neurtzen dute txakurren eta ehiztarien jarduna: ongi, oso ongi, bikain edo cac notak daude. “Notarik altuena cac da. Cac, txapelketarako jarrera ziurtagiria da. Bizpahiru cac-rekin, Txapeldun titulua lortzen da. Txapeldun titulu batekin gurutzatzen bada, genetikoki beste zerbait ematen du”.
Iparraldeko 18 zakur
Enirio-Aralerreko proban 28 txakurrek hartuko dute parte; 14 ehiztari bikotek. Zakur britainiarrak izan beharko dute txakurrek, setterra edo pointerra.
Iparraldetik 18 zakur etorriko direla aurreratu du Ttitto Aizagerrek. “Oso txakur onak dira, sarituak diren txakurrak dira batzuk. Bat iaz txapelketa nagusia irabazia. Beste bat Europako mendiko txapelketan ibilitakoa”.
Txakurrak onak izanagatik, eragiten duten hainbat faktore ere badaude. Besteak beste, oilagorrik baden ala ez den. “Gerta liteke lehiaketako egun guztian oilagor bat bera ere ez ikustea. Oilagor ehiza ez da ehiz erraza. Ez dakigu non den, ez dakigu etorria den ala ez. Batzutan eremu guztia hutsa da, ez da deus. Ibiltzen gira egun osoa deus ikusi gabe. Beste batzuetan, Iratin bezala, 12-13 ikusi ditugu eta zakur guztientzat bazen parada txori baten aurkitzeko”, dio Aizagerrek.
Oilagorra, paseko txoria
Paseko txoria da oilagorra, eguraldiaren arabera etortzen omen da gurera. “Oilagorraren migrazioa eguraldiak baldintzatzen du. Europa Iparraldetik etortzen da. Usoarenaren tankerakoa da. Oilagorra etortzeko, Europan hotza egin behar du. Ipar ekialdeko haizea da onena.”.
Momentuan espeziea galtzeko arriskurik ez badute ikusten ere, zaindu beharrekoa dela diote: “Gauza bat badu txarra: inorena ez denez, denek egurra ematen diete. Araudi ezberdinak dituzten herrialde pila bat pasatzen ditu. Batzuk garai batean hasten dira ehizean, beste batzuk beste garai batean. Oraindik ez da kritikoa bere egoera, baina ez dakigu, orain arte bezala funtzionatuz jarraituz gero zenbat urtetarako egongo den”, diote goierritarrek. “Jendea iparraldera, Suediara, Letoniara, Errusiara, ehizera joaten dira. Iturrirat joaten dira oilagorrak hiltzeko”, gaineratu du kezkaz Aizagerrek.
Ingalaterratik datorren ohitura
Duela 100 urte baino gehiago sortutako lehiaketa da field triala. Ingalaterran sortu zen, ehiz txakurrik onenak aukeratzeko helburuarekin. “Txakur bakoitzeko onenak hartzeko, hazitarako erabiltzeko”. Ingalaterran sortutakoa izanagatik, momentu honetan, “potentzia fuerteenak Italia eta Frantzia izango dira. Estatu Espainiarrean izaten dira lehiaketa batzuk, duela 5 bat urte hasita”, zehaztu dute.
Ehiz txakur lehiaketa ezberdinak
Field trial ezberdinak daude: udaberrikoak, udakoak eta udazkenekoak. “Udaberrikoak normalean, Toledon eta Andaluzian egiten dira, udaberrian, soroan, eta eperrekin. Oilagorretako lehiaketei udazkeneko lehiaketak deitzen zaie. Mendikoak ere badaude, udakoak, Pirinioetan eta Alpeetan egiten direnak, eper grisa eta basaoilarrarekin egiten direnak. Azken finean helburuak berdinak dituzte baina modalitate ezberdinak dira”.
Aizagerrek jakinarazi duenez, “profesionalak badira field trialetan. Ez bakarrik hazkuntzan, hezkuntzan ere bai. Erakasten diete txakurrei nola ibili behar duten. Batez ere udaberrikoetan. Udazkenekoa, herrikoiagoa da”.
“Ez dago hil beharrik gozatzeko”
Zenbakietan pentsatzen zuten ehiztariak izandakoak dira bostak ere. Baina ehizerako zaletasunari uko egin gabe, txakurrarekin mendian gozatzeko beste modu bat aurkitu dute: hil gabeko ehiza, arrantzan egiten den bezala. “Beste kirol mota bat da, beste gauza batzuk egiteko aukera ematen du. Disfrutatzeko beste era batzuk. Ez dago hil beharrik gozatzeko. Jendeari proba hauek badaudela erakutsi nahi diegu. Datorren urtean lau gehiago baldin bagara hobe eta kontzientzia piska bat aldatu nahi dugu, botatzeko obsesio hori baztertu”, diote.
Goierritarrak hasi berriak badira ere, Ttotti Aizagerrek urteak daramatza ehizarekin gozatuz: “Duela 20 urte hasi nintzen. Frantzian orain dela 20 urte ere, hemen bezala zen. Txakurrak anitz begiratzen ditugu nola ibiltzen diren”.
Proba honekin, ehiztariak kontzientziatu nahi dituzte. “Hemen kontzientzia izan da, ehizera joan eta nola edo hala botatzea. Beti kopuruari eman zaio garrantzia. Gaur egun, batetik, sozialki ehiza nahiko gaizki ikusita dago, mentalitate horrekin behintzat; eta bestetik, espeziek ez dira betirako eta zaintzeko kontzientzia horrekin hasi ginen. Beharrezkoa da momentu honetan Euskal Herrian ehizarekiko dagoen kontzientzia aldatzen joatea. Ahal den bezala, asko botatzeko filosofia zaharkituta gelditu da, eta espezieak ere ez dira betirako”.
Aukera honek gainera, “urte osoan ehizean” ibiltzeko aitzakia ematen duela diote. Hemen, betiko ehiztariak 3 hilabetean egingo du ehizean, eta gero txakurra lotu eta han edukitzeko du hurrengo negura arte. Modalitate honek pixka bat behartzen zaitu txakurra beti forman edukitzea, mendian ibiltzea, entrenatzea… Konturatzen zara, zure botatzeko behar hori ere jaisten joaten dela. Benetan txakurrak gustatzen bazaizkizu, kateatzen joaten zara. Ez diogu ehizeari uko egiten, oraindik ere ehiza egiten dugu, baina beste filosofia batekin. Ez dago botatzeko behar hori”.
Iparraldekoekin harremanak estutu
Beste helburu bat ere badu Euskal Herriko field trialak: “Iparraldearekin ere loturak sortu eta estutu nahi ditugu. Mugak baditugu gure buruan, baina hortxe gaude, ondoan. Kultura handia daukate, oso txakur onak dauzkate. Hain gertu egonda, ez gara ezagutzen”, diote goierritarrek. Harreman onak dituzte: “Nik ez daukat deus gordetzeko. Nik daukadan altxor txiki hau banatu nahi dut”, gaineratu du Aizagerrek. Segurako Iparra-Hegoaren bitartez harremanak ere omen badituzte Goierrirekin.
Harreman horien harira, bitxikeria bat kontatu du Ion Urteagak. “Iratin, bi egun pasa nituen Iparraldeko batekin. Nik nekien frantses apurra eta hark zekien gaztelera apurrarekin, ulertu ezinda. Bukaeran konturatu ginen biok euskaraz genekiela”.
Hil gabeko ehizerako lekuak
Webgunea egin dute, Euskalherrianfieldtrial.com eta 75.000 bisitatik gora izan ditu dagoeneko. “Interesa eta kezka badago. Denetik entzuten dugu baina nik uste gazteen artean gero eta zabalduago dagoela”.
Hil gabeko ehiza bultzatzeko egokia ikusten dute goierritarrek, arrantzan egiten den bezala, hil gabeko ehiza egiteko lekuak jartzea. “Horrek indartuko luke”, diote.
Iparraldeako esperientziaren arabera, beste neurri bat hartzea ere egokia ikusten dute: oilagorraren ehiza mugatzea. “Pertsona bakoitzak, urtean, 8-10 oilagor botatzeko muga jartzea. Iparraldean badago muga hori, egunean bi eta 30 urtean oilagorrekoa. Iaz hain gutxi izan zirenez, 15 oilagorretara mugatu zuten. Gaur egun hori ez dago planteatzerik baina denborarekin etorriko da”, diote itxaropentsu.
Asteburuko ekitaldiak
Urriak 28, ostirala:
- 19:00etan: Hitzaldia eta mahaingurua: Field trialak. Hizlariak, Iñaki Elorriaga eta Garcet Lacoste. Ordiziako Barrena jauregian.
Urriak 29, larunbata:
- 08:00etan: Talde osaketa. 09:00etan: Irteera mendira.
- 09:30ean: Field trialaren hasiera.
- 14:30ean: Eguneko raport-a eta sariak.
- 17:30ean: Lehiaketako txakurren erakusketa eta berauen estandarren azalpena Ataunen.
Urriak 30, igandea:
- 08:00etan: Talde osaketa.
- 09:00etan: Field trialaren hasiera.
- 14:30ean: Hamaiketakoa eta raporta sari banaketarekin.