Bukatu du Goierriko mendizale beterano taldeak Euskal Herriko itzulia. Hiriburuz hiriburu, herriz herri eta mendiz mendi Euskal Herria hobeto ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dute. Hilean behin orri hauetan kontatu digute egin dutenaren berri. Orain, egitasmoa burututa, mahaiaren inguruan elkarturik, Juanjo Mujikak, Joxe Mari Barandiaranek, Pedro Irastorzak eta Koldo Auzmendik patxadan kontatu dute bizitako esperientzia.
Ibilbidea zenbakitan
35 etapa egin dituzte (16 etapa 2010 urtean eta 19 2011n). Guztira 930 Km eta ia 273 ordu (atseden eta guzti). Bataz beste etapa bakoitzean 26,6 Km egin dituzte 7 ordu eta 20 minututan, 1.065 metro gorantza eta 1.055 metro beherantz.
2010ean bataz beste 30 lagun joan zen irteera bakoitzean, 2011n 40 eta azken bi etapetan 46 mendizale. Astean behin egin dute irteera, eguraldia lagun, asteartea eta osteguna bitartean. Beraz, horretarako astia dutenak dira denak, 60-70 urte arteko jubilatuak edo aurre-jubilatuak. “Astean etapa bat egiteko 2-3 egun aukeran edukitzea pribilegio bat da, oso gustura gabiltza funtzionatzeko modu honekin”, azaldu du Barandiaranek.
Jarraitu beharreko bidea
Billabonako Ezkardi mendizale taldeak Mugalarirekin kaleratutako liburua eta ondoren Lekeitioko mendizaleek GPSarekin ibiltzeko jarritako datuak erabili dituzte oinarri bezala. “Aurretik GR 10 eta 11 egin genituen, baina hura erraza da, ondo dago seinaleztatuta. Oraingoan, ordea, beldur nintzen nola moldatuko ote ginen, baina egia esan oso ondo moldatu gara”, dio Barandiaranek. “Izan dugu etapa pare bat aldrebes samar ibili garena, baina orokorrean ederki atera da dena. Pinudietan zabaldutako pistak dira okerrenak, hauek bidezidorrak mozten baitituzte”, aitortu du Mujikak. Ibilbidea seinaleztatzea ondo ikusiko lukete mendizaleek, baina ez dute batere erraza ikusten eta honen inguruan iritzi desberdinak sortu dira: mendiak markaz betetzen ari garela, bidegurutzetan zutikako seinaleak jartzea ondo legokeela… Hori bai, denak daude ados bidea seinaleztatzea baino zailagoa dela bide hori garbi mantentzea, eta horretarako adibide bezala jartzen dute Oriotik Donostiara doan bidea.
Ibilbidean zehar mota guztietako bideak aurkitu dituzte, ederrak, ez hain ederrak, ondo seinalatutakoak eta batere seinalatu gabekoak ere bai. Ibilbideak duen trazatu txarreneko lurraldea Bizkaia dela ados daude denak “etapa gutxiago egiteagatik edo ez dakit zergatik izango den baina pinudien eta zabaldutako pista ugarien artean bidea ezin aurkiturik ibili gara behin baino gehiagotan, batez ere Dima ingurura iritsi arte. Kosta aldera sartuz gero, ziurrenik bide garbiagoak egongo dira”, baieztatu du Auzmendik. “Bizkaia da pinudi gehien duen lurraldea eta horiek garbitu ezean sastrakak, larra eta adarrak pilatzen dira”, gehitu du Mujikak.
Paraje ederrak
Bizkaikorekin alderatuta guztiz bestelako egoera aurkitu dute Iparraldean, sasirik ez, bideak garbi eta gainera ondo seinaleztatuta daudela nabarmendu dute mendizaleek. Honela banan-banan bakoitzari gehien gustatu zaizkien parajeak nabarmendu dituzte.
Koldo Auzmendik Iparraldea izan du bereziki gustuko, “zoragarria da, nik ez daukat beste hitzik. Lehendik GR-10-a eta zenbait ibilaldi eginak nituen, baina orain gehiago sartu gara eta zoragarria izan da. Ingurua garbia, bertako arbolak: haritza, pagoa, gaztaina… Ez dago hemen bezala pinudirik. Eta hori garbi mantentzeko abere asko dago: ardiak, behorrak, behiak… Herriak eta etxeak ere oso txukunak eta dotoreak dira. Niretzat ezezagunak zirelako edo, Arabako mendi kateak, ere oso ederrak dira, eta batez ere Kantabriako mendizerrako pagadiak”.
Joxe Mari Barandiaran Koldok esandakoarekin guztiz ados dago: “Iparraldea zoragarria da. Niri batez ere Untzolako bidea Manttale pasata erreka bazterretik. Baita ere Santa Grazitik Lakorarako bidea Eujarreko zintzurretik igo ginena, goroldioa berde-berde pagoetan gora… zoragarria da”.
Pedro Irastorza aurrekoak bezalaxe Iparraldearekin txundituta geratu da: “Baina beste zerbait nabarmentzekotan Kantabriako mendizerra esango nuke. Nik autoz Herrerako mendatetik pasata bakarrik ezagutzen nuen eta egia esanda asko du ikusteko, hango harrikariak, inguru malkartsua…”.
Juanjo Mujikari zail egiten zaio leku bakar bat aukeratzea eta zerrenda luzea nabarmendu nahi izan du: “Bidarraitik Garazirako bideak harritu nau. Gu ohituta geunden Iparla inguruetan ibiltzen, baina oraingoan barrurago sartu gara eta hor oso mendi ederrak daude: Larla, Urtzilo… Eta bertatik oso ikuspegi ederrak daude Iparlara, Pirinioetara… Irulegiko mahastiak ere dotoreak dira. Beste nabarmentzekoa Burnikurutzeta-Arla ibilbidea da, Behe Nafarroa eta Zuberoa artean, eskaintzen dituen ikuspegiak ikaragarriak dira. Lili-Santa Grazi ibilbidea ere nabarmentzekoa da. Zuberoa garaiko mendiak ederki ikusten dira: Lakora, Anie eta Biarnoko mendiak. Bertako hiru harroilak (Kakoeta, Eujarre eta Harpidea) ikustea benetan da ikusgarria, zu 1.400 metro inguruan zoaz pareko mendizerran eta beherago hiru arroilak banan-banan agertzen joaten dira, benetan ikusgarria da. Burgi-Irunberri ibilbidea ere aipatu nahiko nuke bere ikusgarritasunagatik. Erronkariarren abelbideetan ibili ginen eta zortea izan genuen, nahiz eta artzaina maldizioka ibili, artaldea transumantzia egiten harrapatu genuen. Ibilbide horretan Arbaiungo harroila aldenik alde pasatzen da, Irunberrira ura eramateko horma batean zabalduta dagoen bidetik. Beste bat ere aipatuko dut, Zizur Nagusitik Ultzurrunera Sarbil mendizerran barrena Etxauribar beheran ikusten diren herri txikiak, urria zen, oso eguraldi ona egiten zuen, uso pase handia zegoen, kolore kontraste handiak ikusten ziren… Eta besteak aipatu duten bezala Arabakoak asko harritu gaitu”.
Amaigabea da nabarmenduko lituzketen Euskal Herriko zokoen zerrenda. Baina, horiek ikusteko modurik egokiena autobusean joatea dela diote Goierriko mendizaleek. Horrek puntu batetik besterako zeharkaldiak egin eta leku gehiago ikusteko aukera ematen baitu, derrigorrean ordu askotako ibilbideak egin gabe ere. “Gaur egungo gizartea geroz eta bakartiagoa da eta mendira ere jendea bakarrik edo talde txikietan joaten da. Ibilbide hau egiteko puntu batetik bestera joan behar denez, autobusa beharrezkoa da”, dio Auzmendik.
Euskal Herria ezagutuz
Ikastolei, eskolei edo mendizale taldeei ibilbide hauek egiteko deia egin nahi die Juanjo Mujikak: “Guztiz gomendagarria da, 13, 14, 15 edo 16 urteko gazteak hartu eta irteeretan Euskal Herria ezagutzeko aukera ematen du. Ez dago derrigorrez 35 ibilbideak egin beharrik, interesgarrienak aukeratu litezke. Gu prest gaude datuak emateko, baita ahal izanez gero laguntzeko ere”.
Ez dira paseoak
Beste zerbait ere garbi utzi nahi dute, ibilbide hauek ez direla paseoak, mendi ibilbideak direla, eta zenbait exijentzia maila handikoak gainera. Bai iraupen aldetik, baita gora bera aldetik ere (Bataz beste, etapa bakoitzean, 1.065 metroko igoera). Adibideak asko dira baina lehenengo etapa oso gogorra egin zitzaien. Donostiatik Berara 39 kilometro izan ziren, luzeena izan zen eta 1.520 metroko igoerak egin zituzten, itsaso mailatik atera eta Bianditz eta Larrun bezalako mendiak igoz. Bilbora iritsi zirenekoa ere nabarmendu dute, hura izan zuten gogorrena, igoera (1.800m) jaitsiera (1.880m) aldetik, gainera bero handia izan zuten aurtengo uztailaren 5ean egindako etapan.
Gizakiaren arrastoa
Ezusteko on asko aurkitu dute bidean zehar. Berriz ere Iruñetik hasi eta Burgosko mugataraino dauden mendizerrak aipatu dituzte: Lokiz, Kodes, Nafarroan eta gero Araban Kantabria Toloño, Tuio, Gorobel eta Orduña inguruak. “Azken inguru hauetan gizakiaren eskua oso nabarmena da, bide, pista eta etxe asko dago”, zehaztu du Mujikak. “Iparraldean ere mendietan pista asko dago, artzain txabola guztiek dute pista. Hemen Aralarren, berriz, begira zenbait artzain nola dabilen”, gehitu du Barandiaranek. “Iparraldean erraz irekitzen dute pista, horrek pixka bat desitxuratu egiten du. Baina zer nahi dugu, hemendik joan turistak eta dena birjina aurkitzea? Bertakoek ere bizi beharra daukate”, erantsi du Mujikak. Auzmendi ere ados dago aurrekoekin: “Ekologi aldetik ez dago oso ondo baina, Iparraldean egin dena da pistak egin eta bertako artzainei mendira igotzea erraztasunak eman. Hemen berriz, baserriak hustu dira eta mendiak pinuz bete, eta ondoren pinu horiek ateratzeko mendiak pistaz josi dira. Gakoa pistak egitea baino gehiago zein erabilpen ematen zaien da”.
Barandiaranek kultura aldetik ere asko ikusi eta ikasi dutela nabarmendu du: “Bidean, Itsasuko agiriaren oroitarria ikusi dugu. Orain bete dira 200 urte Xaho jaio zela, bada, harren jaiotetxea ikusi genuen…” Euskararen presentzia aipatu digu Mujikak: “Guk galdetu eta uste baino jende gehiagok erantzun digu euskaraz”.
Hurrengo erronka
Hurrengo erronka ere buruan dute mendizale beteranoek. Bi edo hiru urterako egitasmoa prestatzen ari dira: Nafarroako itzulia (Behe Nafarroa eta Nafarroa Garaia) mugaz muga. Zuberoa, Biarno, Lapurdi, Gipuzkoa, Araba, Errioxa, Zaragoza eta Huescarekin dituen mugetatik. “Hau Errenteriako Urdaburu eta Antxoko Jaizkibel mendi taldeak egina dute. 52 etapa atera zitzaien pasaiatarrei. Hauek egindako lana esku artean dugu eta aztertzen ari gara. Oxkixen, Zuberoako mugan, hasi eta pixkana egiten joan. Eguraldiaren arabera, agian ez dugu dena jarraian egingo. Urtean 25-26 astetan eguraldi ona eskatzen du eta hori ezinezkoa da. Beraz, eguraldi txarrarekin atseden hartu beharrean Nafarroa hegoaldeko ibilbideak egin ditzakegu eta onarekin goi mendietakoak. Bestela 3 urtean egin beharko genuke, urtean 17 etapa eginda” aurreratu digu Mujikak.