- Idurre Eskisabel Larrañaga
Batekoen eta bestekoen ‘garaipen’ beharrak galtzaile sentiarazten nau. Urriaren 22an lagun bati facebookeko hormatik lapurtua
Atera zara larunbat goiz batean kalera, paseatzera. Urdin ageri da zerua eta epel dabil haizea. Ederrak daude bazterrak, lasai nabari duzu barrua. Halako batean, gurasoen betidaniko lagunarekin egin duzu topo, ia etxekoa den X-ekin. Beno, X-ekin eta haren itzal ematen duten bi morroirekin. Eta orduantxe akordatu zara duela zenbait astetik bizkartzainekin dabilela X, alderdi bateko zinegotzi delako eta horrexegatik ETAren jomugan delako. Elkar agurtu duzue, eta kortesiazko hitz batzuk gurutzatu ere bai. Oso goibel sumatu duzu X, morroien bi itzalek itzalduta, eta besarkada emateko bulkada sentitu duzu. Baina haren begiradak ebaki du keinua, beste aldekoa zarela adierazi baitizu, bere egoeraren errudun egiten zaituela irakurri baituzu, han, hondoan. Deseroso sentitu zarete, hizketarako motz. Hotz ebaki duzue azken diosala, eta krak egin dizu zerbaitek barruan.
Baina larunbat goiza da, eta ederrak daude bazterrak. Epel dabil haizea eta urdin ageri da zerua. Kalean aurrera segitu duzu, eta lasterrera Y hurbildu zaizu, aspaldi ikusi ez arren betidaniko laguna. Aztoratuta agurtu zaitu, asaldatuta, eta esan dizu goizaldera guardia zibila sartu zaiela etxean, bortitz, eta arreba eraman dutela, gazte mugimenduan dabilelako. Eta inkomunikatuta daukatela, eta jasangaitza dela zer egongo den jasaten pentsatzea, hain direla izugarriak horrelako sarekadetan atxilotutakoen tortura lekukotzak. Besarkada emateko bulkada sentitu duzu, baina Y-ren hitzek ebaki dute keinua, mobilizatu beharraz, eta estatuari erantzun beharraz, eta gutxi batzuek dena ez emateko bakoitzak eman behar duenaz ari baita arrapaladan, eta, ulertu duzu, han, hondoan, beste aldean kokatzen zaituela eta bere egoeraren errudun egiten. Deseroso sentitu zarete, hizketarako motz. Hotz ebaki duzue azken diosala, eta krak egin dizu zerbaitek barruan.
Dena den, aurrera segitu duzu. Izan ere, urdin ageri da zerua, ederrak daude bazterrak, haizea epel dabil, eta larunbat goiza da. Egin duzu pasiera, egin dituzu erosketak, eta hartu duzu bermuta adiskideekin. Egin dituzu iluntzerako planak; areago baita hurrengo asteburuan eskiatzera joatekoak ere. Normal, ondo.
Baina bazkal ondorengo lo kuluxkatxo ahaleginean zerbaitek enbarazu egiten dizu, eta ez da larunbat arratsaldeko telefilm melangaren soinu ohikotan narkotikoa. Krak eta krak dabil burua; krak eta krak dabil urdaila. Hortxe daude, beste bi krak iltzatuta.
Krak horiei hitz egiten utziz gero esango zenieke X eta Yri ez zaudela ‘beste aldean’, haien artean -ez tartean- baizik. Esango zenioke X-i aspaldi dela ETAren jardun armatuarekin ez zaudela ados, baina horrek ez zaituela ukaziora eramaten: hau da, auzi politikoa ukatzera, estatuen bortizkeriaren eta eskubide kolektibo oinarrizkoenak baliogabetzen dituen ustezko demokraziaren aurrean itsu izatera, ‘beste aldeko’ sufrimendua bakartu eta ezabatzera, borroka armatuaren eta erakundearen testuinguru eta herri historia bati muzin egitera, eta Euskal Herri aske bati bizkar ematera. Esango zenioke, halaber, bera ere izan zela noizbait ETAren zale, areago, etakide, eta nork duen (zein jainkok?) eta zergatik ongiaren eta gaizkiaren arteko muga absolutua ezartzeko eskumena.
Y-ri, berriz, esango zenioke Euskal Herri aske eta berdinzalea duzula zeuk ere helburu, baina horrek ez zaituela erabateko onarpenera eramaten: hau da, ETAren jarduna Mariren agintepeko fenomeno metereologikoa balitz bezala ulertzera (zinegotzi goxoki saltzaileen hilketak ‘gatazkaren ondorio’ hustzat hartzera, ‘egin badute zerbaitegatik egingo zuten’ baieztatzera, ETAko buruzagiei katolikoek aita santuari aitortzen diotenaren pareko infalibilitatea aitortzera). Hau da, intsumisoa zarela eta logika militarrak eta abangoardiek ezinegona sortzen dizutela -are eta gehiago haien aukeraketa eta kontrolean inolako eskumenik ez duzunean-, eta, gainera, uste duzula, gure jendarteak azken 30 urteetan aurrera egin duen ia urrats bakarra horixe dela: hurkoa eta haren bizitza beste ezeren gainetik jartzea (hori, askotan, diskurtsoan, oso-oso-oso maila azalekoan, gertatzen dela ederki asko dakizun arren).
Urriaren 20an ETAk jardun armatua behin betiko utziko zuela iragarri eta aurrera begirakoak ‘beste aldearekin’ lotu antzera egon daitezkeela susmatuta, lasaitu ederra hartu dute barne krakek. Arlo politiko hutsean kokatuko omen da orain gatazka, eta errelatoa edo kontakizuna izango ei da hitz fetitxeaz gain guztien desiren objektua. Beraz, kontakizunaren joko horretan hau da nire ipuina.
*Norberak erabaki dezala izenburuko juntagailua letra larriz idatzi behar ote den.