- Igor Bueno
Kaixo Etor, Hemen, Euskal Herritik milaka kilometrotara eta nere kasuan lau hegazkinen premian, hau da, Philipinasen, Boracay izeneko irla xelebrean, White Beach famatuaren bestekaldean, Bulabog Beachen alegia. Aste honetako gaia haizerik ez dagoela da, kometak geldirik zerek! Baina haize preziatua bidean da, iristear da, jada somatzen da, eta datozen egunetan paisaia erabat aldatuko da, airea soinekoz jantziko baita.
Kirola, hainbeste aukera! Danean saiatu gaituk, arrakasta handirik gabe ordea, baina oraingoan KiteBoardarekin ausartzea oukurritzeare! Eta hara non, sorpresa! Kometan esku-barra bizikletan manillarra manejatzea bezala dek! Ah, hori bai, geo ur-oholaren gainean zutik irautea beste kontu bat dek! Hi Etor, probatu beharko huke!
Euskal Herrian ze berri? Gai potoloak jarraitzen dizkiat bai, lagun internet bidez, eta azkenaldian ohikoa baino gezur gehiago somatzen diat. Hauteskundeak? Baneoanba! Bada, tentuz ibili hadi! Zenbaitzuk hitzen esanahiak nahasten ditiztek, indarkeria, demokrazia, bakea, krisia… Pentsa, Obama jaunari bakearen Nobel saria eman ziotean, eta bere hitzaldian indarkeria justifikatu zian! Garzon jaunak izan dizkik kasuak begien bistan, eta Europako Torturaren Prebentziorako Batzordeko kide izendatu ditek! Islandian bideratu ditek krisia, baita Grezian ere, baina, guztiz kontrako neurriak hartuz. Nik ere badizkiat kontraesanak, baina halakorik! Ene! Oporren bueltan nik bai jasango diatela krisia!
- Etor Mendia
Epa Igor! Orain ere oporretan? Ba hemen ez diagu haize faltarik izan azkenaldian… Ezta euriarenik ere azken asteburuan!
Behobia-Donostia gainean diagu eta jende uholdea izango da errepideetan igandean. Noiz ikasiko ote diagu: 23.000 lagun, maila eta asmo desberdinekin, bakoitza bere erritmoan baina azken helburu berdin baten atzetik, denak norabide berdinean korrika… Halere aurten (krisiagatik ote?) izan dek zalaparta antolatzaile eta federazioaren artean 3 eurotako kanon baten inguruan. Ondorioz eliteko kirolaririk ez dek izango eta inoiz baina herritarragoa izango diagu lasterketa!
Gure egunerokoan berriz, ETA-ren mehatxurik gabeko hauteskunde hauen haseran Nafarroan hautetsi batek ezagutu omen dizkik poliziaren hiritartasunarekiko heziketaren emaitzak. Biolentziaren garaia bukatu ote dek? Eta bat-batean alderdi guztiek zeuzkatek krisiari aurre egiteko errezetak eta denak zeudek gure alde lan egiteko prest. Orduan zertan ibili dituk orain arte herritarrok ito eta merkatuak “salbatzen”? Kontraesanak guztiok dizkiagu. Kontraesan kontua baino moral kontua gehiago dek hori. Eta hauen morala ez dek Behobiatik Donostiarako korrikaldia egingo dien kirolarienaren pareko. Hauena moral bikoitza dek. Langileon eskubideei eta soldatei guraizeak sartu eta beraien soldatak dietekin borobiltzen dizkienen morala. “Terrorismoa” gaitzetsi eta gerrak eta herri osoen suntsiketak bultzatzen dizkienen morala. “Demokrazia” goraipatu eta erreferendum ahalegin batek beren onetik ateratzen dizkikenen morala…
Nik uste herri hauen agintarien izaera demokratikoak izango ziala zerikusirik: batzuk herriaren esana bete zien bitartean, besteek herritarrei hitza ukatzen ziek… non eta Grezian! Historiaren paradoxak. Gainera orain Italia eta Espainiaren txanda omen zetorrek, eta bazirudik egoera hau pixka batean gelditzeko etorri dekela, baldin eta gizarte eredua aldatzen ez badiagu. Eta zorionez hori gure esku ere bazegok. Lehen aukera azaroaren 20-an izango diagu eta gogoratu, bozka ematerakoan, zulo honetan sartu gaituenak ez gaituela inolaz ere bertatik aterako.