“Zopilotes taldearekin hasi naiz trikitiarekin gozatzen, inprobisatzeko aukera daukat”
Umetatik, 10 urte zituela heldu zion Eneko Dorronsoro ataundarrak lehenengo aldiz soinu txikiari. Lehengusuaren etxean jo zituen lehenengo musika doinuak. Berehala Ataunen trikiti eskola sortu zuten eta 13 urte zituenean, Aintzane, Haritz, Aiora eta Goranerekin batera, Agautz trikiti talde sortu zuten. Urte batzutan trikitia utzita egon bada ere, berriro ere motibazioa aurkitu du trikitriarekin. Eskolak ematen ditu eta Los Zopilotes Txirriaos taldearekin plazaz plaza dabil, gustura eta pozik.
Goierritarra aldizkaria duela 22 urte sortu zen eta urte hauetan guztietan makina bat kontu eta argazki kaleratu ditu. Eneko Dorronosorori elkarrizketa egin behar geniola eta, argazki artxibora jo genuen. Ataungo karpetan, Agautz trikitilari taldearen argazkia aurkitu genuen. Bertan dago Eneko Dorronsoro. Solasaldia hasteko, argazkia erakutsi diogu.
Noizkoa ote da argazkia?
Trikiarekin hasi eta hiru urtera jarri nion soinuari ikurrina. 13 bat urte izango nituen argazki horretan. 18 urte edukiko ditu argazki horrek. Aintzane, Haritz, Aiora eta Gorane dira besteak.
Zure trikiti ibilbidea Agautzekin hasiko zen ezta?
Bai. Arbizuko lehengusua trikiti ikasten ari zen Gozategirekin. Arratsalde pasa joan nintzen batean, 10 urte nituela, soinua hartu eta jotzen hasi nintzen, ‘Aitorren hizkuntza zaharra’ abestia atera nahian. Osabak galdetu zidan ea ikasi nahi nuen. Baietz esan nion. Gozategirekin hitz egingo zuela esan zidan. R-7arekin Lizarrustitik barrena joaten zen Gozategi eta gorakoan ni hartu eta beherakoan ni uzteko esango ziola. Haritzek ere nahiko zuela, lehengusuak ere bai… 8 lagun bageunden eta denok ez ginen R-7ak kabitzen! Izena emateko papera jarri zen 25 apuntatu ginen. Gozategiren maisua izan zenak, Martinek, Ataunen ere eskola sortu behar zela esan zuen.
Boom hori izan zen baina hurrengo urteetan taldea txikitzen joan zen. Aurrera jo genuenak, Haritz, Gorane eta hiruok izan ginen. Panderoa erakustera Maixa trikitilaria etortzen zen eta Aiora eta Aintzane ari ziren. Entsaiatzen hasi ginen eta hortik sortu zen Agautz.
Asko iraun al zuen taldeak?
Dezente. Herri dezentetan ibili ginen. Baina adin txarra genuen. Askotan gogo gabe joaten ginen. Lagunak plazan utzi herri batera joan eta estimatzen ez zutela ikustea gogorra izaten zen. Toki batzutan oso ondo baina beste batzutan, merkeak ginelako, eramaten gintuzten.
Agautzek balio izan zigun, trebezia hartzeko. Jo eta jo hartzen duzu erraztasuna, bai trikitiko teknikaren arloan, bai jendearekiko harremanetan. Egoera ezberdin asko bizi izaten genituen. Herri txiki batera joan eta herritar bat bezala hartzen ginituzten. Esperientzia politak bizi izan genituen. Agautz izan ez bazen, ez dakit ni non egongo nintzatekeen.
Momentu bat iritsi zen, nahiko desmotibatuta geundela eta utzi egin genuen. Trikitiarekin jarraitu nahi nuen baina jendaurrean ez nuen gustura jotzen. Etxean gustura aritzen nintzen, baina leku batzutara gustura joaten nintzen eta beste batzutara ez. Erabaki ona izan zen.
Agautzetik zuk bakarrik jarraitzen al duzu?
Aiorak ere jarraitzen du, Laket taldean. Besteek ez.
Hortik aurrera zer egin zenuen?
Afariren bat edo bestera joaten nintzen, baina errepertorio bat prestatu gabe. Etxean bakarrik gozatzen nuen, nire kasa arituta. Urte dezente egon naiz, autodidakta. Proba pare bat egin nituen berbena estiloko talde batzuekin baina ez nintzen ikusten. Motibatuko ninduen zerbait behar nuen. Taldeetan ikusten nuen, lehenengo hitza dirua izaten zela. Jendeak musikari baino gehiago, diruari begiratzen zion. Lantokian nenbilen ni eta alde horretatik ez nuen presiorik sentitzen. Gustura egiteko zerbait bilatzen nuen.
Ez zenuen zure gustukorik bilatzen?
Nik uste dut ez nintzela saiatu ere egiten. Berbena asuntorik ez nuen nahi, plazak hutsik ikusten bainituen. Nik nahi nuena zen, trikitria jotzeko gogoa jubilatu arte edukitzea. Etxean disfrutatzen da instrumentua. Hemendik 15 urtera ere horrela bada, hori da gozamena.
Motibatu zaituen zerbait aurkitu duzu azkenean, berriz ere plazetan zabiltza.
Trikiti eskolak ematen hasi nintzen Zerainen 2007an. Lantokian Eren sartu ginen eta Nafarroan ordezkapen bat egiteko aukera izan nuen. Aukera ikusten nuen bi-hiru urtean honetan aritzeko eta lantokia utzi eta eskolei heldu nien duela hiru urte. Bizitzako beste etapa batean sartu nintzen. Egunero trikitiarekin egonda, motibatu egin ninduen.
Hortik, Los Zopilotes Txirriaos taldetik deitu zidaten. Ordurako trikitiarekin gero eta gusturago nengoen egunero era batera edo bestera trikitia jotzen bainuen. Burua trikitian jarri nuen berriro eta horrek burua aktibatu egiten du.
Los Zopilotesekoek proba egiteko deitu zidaten eta zergatik ez? Pentsatu nuen. Musika berria zen niretzat, mexikarrak-eta. Baina entsaiotik gustura atera nintzen, batez ere jendeagatik. Ondo pasa nezakeela pentsatu nuen. Oso giro sanoa bilatu nuen eta hor ez nuen dudarik eduki. 2010eko urtarril-otsailean hasi nintzen Zopilotesekin.
Rantxerak jotzen aurkitu duzu beraz motibazioa.
Hori da! Berbenak ez nau tiratzen eta tiratzen ez zaituen horretan ez duzu denborarik galdu behar. Ikusten duzu, azkenean mexikarrekin nabil, eta izugarri gozatzen! Beste talde batera trikitiarekin sartzen bazara, eskatzen dena bakarrik jo behar da, zehatz-mehatz. Beti berdin-berdina jo behar duzu. Oso mugatuta zaude. Zopilotesekin berriz, kontzertuoro gauza ezberdina jotzen dut. Oinarri bat badut, baina inprobisatu egiten dut. Ondo pasatzeko erraztasuna handia ematen dizu. Kontzerturako ere hobea da, bururatzen zaidana jotzen dut, oso irekia da. Asko ikasten da horrela. Urtean 45 kontzertu jotzen badituzu, inprobisazio puntu horrekin, asko ikasten da. Gozatzen hor hasi nintzen. Ez dago jakiterik noiz arte, desordutan baizabiltza parranda giroan. Parranda giroan gauzak oso ondo joan daitezke edo oso gaizki joan daitezke. Talde honek zenbat iraun behar duen ez dakit. Ez dago jakiterik, baina ni egunean bizi naiz.
Bi urteotan kontzertu asko eman dituzue ezta?
Dezente, bai. Aurten, momentuz, 45 kontzertu egingo genituen eta iaz ere antzeko.
Musika motarekin gustura?
Estiloarekin gustura nago. Mariatxi kontzertu bat ikusita nago, denak geldi-geldi eszenatokian. Baina giro honetan eta soltura horrekin oso gustura ari naiz.
Betiko trikitiaren estiloan ere jardun zara: ‘Geure kolkotik 2011’ diskoan hiru kantu grabatu dituzu.
Ekainaren bukaeran grabatu nuen. Martxoan komentatu zidaten eta egia esateko,sorpresa izan zen, trikitri mundutik nahiko jokoz kanpo egon bainaiz. Elkarteko kidea ere ez nintzen. Deitu zidatenean, ezustekoa izan zen. Asko eskertu nuen aukera hori ematea. Esperientzia oso polita izan da. Hiru abesti konposatzeko aukera eman didate, librean. Baldintza zen soinua eta panderoa erabiltzea zen, kalean jotzeko moduko pieza izatea. Fandangoa, ariñ-ariña eta kalejira bana egin ditut.
Joxan, Goikoetxea eta Armuño izena jarri diezu kantuei. Nortzuk dira?
Pertsona bakarra da: Joxan Goikoetxea ‘Armuño’. Abestiak egiteko esan zidatenean hil zen. Agautzekook asko maite izan gaituen pertsona bat izan zen; eta guk ere bera asko maite genuena. Lazkao Txikiren lagun mina zen. Trikitia jotzen hasten ginenean hunkitu egiten zen. Aukera ona zen omenalditxo hori egiteko. Berezia izan da gainera: Aiorarekin grabatu dut diskoa. Berak panderoa jo du. Eta letrak, Haritzek egin ditu.
Disko horren aitzakian, Agautzeko kideak elkartu egin zarete berriz.
Bai. Behintzat Armuñoren inguruan bildu gara.
Bolada onean zaude orduan.
Ez ezazula pentsa! Ez dakizu noiz jaso dezakezun desilusio handi bat, edo desmotibazioa. Egia esan, momentu honetan, alde gehienetatik motibazioa jasotzen dut. Baina ez dakizu noiz arte izango den. Nik horregatik, egunean egunekoa bizi dut. Ez dakit taldean zenbat jarraituko dudan. Uste dut musikarekin beti jarraituko dudala, baina ez dago esaterik. Bizitzak buelta asko ematen ditu, ez dut erronkarik jartzen.
Bueltan-bueltan, Agautzera iritsi gara berriro ere.
Bai. Oso polita da gainera! Orain dela 13 bat urte utzi genuen Agautz eta bakoitzak bere bidetik jarraitu du.
Di-da
Musika talde bat: Ruper Ordorika.
Abesti bat: Pearl Jam taldearen Vs diskoko ‘Rearviewmirror’ abestia.
Plaza bat: Herri txiki euskaldun bateko plaza.
Zaletasun bat: Mendia.
Oporretarako: Euskal Herria.
Amets bat: Orain arte daukadan ingurunearekin luzaro jarraitzea; bukaerara arte.