- Joseba Imaz Ganzarain
Txus izena zuen gizaseme hark. 35 bat urte, ile kizkurra eta modaz pasatako betaurrekoak. Nekea eta tristura nabari zen haren mugimenduetan. Etsipenak jotako begi haiekin, aurreko orduetan hainbeste aldiz esandako hura errepikatu zuen: “Etxerik gabe geratu naiz. Urez beteta jarraitzen du oraindik ere”.
Lan kontuak tarteko, uholdeek kaltetutako zenbait herritarren bizipenak ezagutzeko parada izan dut. Errekak gainezka egin ondorengo laugarren egunean entzun nituen gorago jasotako hitz horiek. Zoritxarreko horien artean baitzegoen Txus, Txomin Enea barrioko donostiarra. Gainontzeko auzokideekin batera, hiriburuko alkatearekin egindako bileran hartu zuen parte, Urumearen hazialdia jasan ondoren. Uraren indar txikitzailea beren larrutan sufritzen ari ziren bitartean, babes falta erabatekoa sentitu omen zuten txomindarrek. Eta hala aurpegiratu zioten Juan Karlos Izagirreri, parean tokatu zitzaienean. Donostiako Udaletxeko buruak, berriz, apaltasuna eta gizalegea erakutsi zuen, autokritika egin eta herritarren kexak adi entzun zituenean.
Gaitzespen eta aurpegiratze garratzik ez zen falta izan bilera hartan. Baina ez nuke horretara zuzendu nahi irakurlearen begirada. Nahikoa idatzi dute dagoeneko horri buruz. Biltzar hartako une batean, Txus izeneko gizon gazteak mikrofonoa eskatu zuen eta bizilagunei eskerrak eman zizkien. Pasatako momentu txarretan, ez omen ditu inoiz ahaztuko jasotako babesa eta laguntza, adierazi zuen, hunkituta.
Txispa hark esker onaren metxa piztu zuen bilera hartan. Hona adineko emakume batek orduan esandakoa, adibide gisa: “Asteartean, oraindik bazterrak urez gainezka zeudela, Gros auzoko gazte bat etorri zen, inork hala eskatu gabe, auzokoei laguntzera. Txalo bat merezi du hark ere”. Zaparrada galanta jaso zuen bolondres anonimoak.
Indibidualtasuna eta egoismoa egozten dizkiogu behin eta berriro gaur egungo gizarteari, baina kontrako jarrera eskuzabalak erakusten dituen jenderik ere bada, zorionez. Gauza pozgarria eta goraipatzeko modukoa.
Etxean askotan entzun dut 1983ko uholdeak jazo zirenean, Madriletik zetorren tren bat Beasaingo geltokian harrapatuta geratu zela. Ez atzera eta ez aurrera. Trenbide gaineko hotel inprobisatu hartan gaua pasa behar izan zuten bidaiariek. Haien egoera ikusita, Segura Irratiko uhinen bitartez, laguntza eskatu zieten beasaindarrei. Gau hartan ez zuten mantarik falta izan, ezta arrautza eta esnerik, inguruko baserritarren bati esker.
Nabarmena da. Ezbehar kolektiboen ondoren indartsu ernetzen da giza solidaritatea. Azken uholdeen ondorengo asteburuan ikusi da hori, berriro ere, Donostiako auzoetan. Udalaren deialdiari jarraituz, palak eta saskiak eskuetan, makina bat lagun bildu da kaltetutako guneetan, behar zuenari laguntza eskaini asmoz.
Ezbeharra indibiduala denean, norbanakoarena, orduan kosta egiten da eskuzabaltasun maila bera erakustea sufritzen duenarekiko. Zer esanik ez bizilagun horrek azal kolore ezberdina daukanean. Gizarte justuago bat izango genuke elkartasun hori eguneroko bizitzan ere txertatuko bagenu. Egungo egoerak ematen ditu, tamalez, horretarako hamaika aukera.