- Eneritz Gorrotxategi
Atzera bueltarik ez duen egoera berri honetan, bozken bidez hitza herritarrek dugula esaten zaigu; hitzaren erabilpena eskatzen zaigu. Orain hitzaren bideari soilik ekinda, ukazioa etorri da ordea: hauteskundeetan ateratako emaitzak ikusi arren, hitzari uko egiteko gaitasuna izan dute. Espainiako diputatuen Kongresuan gainera, talde parlamentarioa izatea ere eragotzi egin nahi dute. Tristea benetan.
Aro berria, zaharraren pare; euskaldunek orain ere bidea nekez, trabak gaindituz, talde indarra batuz eta auzolanari eutsiz egin beharko dugu aurrera. Ideia ezberdinak izatea badirudi ez dela zilegi. Ardi beltz gisa sentiarazi nahi gaituzte; baina dirudienez ez dakite ardi beltza edo zuria izan, balio, berdin-berdin balio duela. Ezberdintasun horrek ematen dio gainera nik uste aberastasuna.
Ardiaren koloreari baino niri atentzioa eman didan kolore aldaketa ere aipatu nahi nuke: gorritik urdinerako pausua egin dute Euskadiko Sozialistek; ohartu al zara Jon? Orain arte, PSOE-ren kolorea, gorria izan dela esan daiteke; kanpaina honetan ordea erabili duten kolore korporatiboa urdina izan da. Mitinetan atzean izan duten kolorea, urdina izan da. Zer ote da, PP-ren urdineranzko jauzia txikiagoa izan dadin? Ez dut ulertzen.
Eta urdina aipatu dudanean zera etorri zait burura; odol urdina. Zer pasatzen ote da egunotan Espainiako erret etxean? Harritzekoa izango da, orain ere euskaldun bat, beno, euskal herrian jaiotako bat dago pastelaren erdi-erdian. Zer pasatzen da Urdangarinekin? Akaso Urdangarin bera krisiak harrapatu aurretik formula magikoaren bila arituko zen. Krisitik ateratzeko formula ez da ez hautestontzietatik aterako. Kutxa horiek ez dute formula magikorik. Magoren batek bestela, egina zuen honez gero erakustaldi miragarriren bat. Ez zaizu iruditzen?
- Ion Muñoa
Nolakoak diren bizitzaren paradoxak! Espainiako Diputatuen Kongresua sekula ezagutu dugun koloretsuena geratu da; hain justu ere, guztien artean dauden ezberdintasunak geroz eta txikiagoak diren gizartean. Denok krisitik irten nahi, eta denok ondo bizi nahi. Hori bai; formula ezberdinak omen daude, eta baita nazio identitate eta ikuspegi ezberdinak ere. Ez dut hori ukatuko. Baina gizarte ustez plural hau, funtsean oso homogeneoa ikusten dut. Kolore ezberdinak estetikan (alderdiek ez bezala), baina korronte berbera bizimoduan.
Eta guztia biribiltzeko, gizakiak berezko dituen eta egunero praktikan jartzen ditugun kontraesanak. Adibide berezi bat: gure goierri-garaitar dugun Urdangarin jaun txit ondraduak Amaiurreko Gipuzkoako diputatu batekin jokatu zuen Espainiako eskubaloi selekzioan.
Eta beste adibide bat: azaroaren 11n Martin Garitano Diputatu Nagusia Igartza jauregian izan genuen Aldundiaren aurrekontu proiektua aurkezten. Guztira 100 lagun inguru elkartu ginen hari entzutera. Joan den urteko otsailean, Markel Olano orduko Ahaldun Nagusia etorri zen Beasaina beren proiektuak aurkeztera. Orduan ere baziren 100 lagun inguru. Baina gauzak zer diren! Bietan egon ginenak esku bateko hatzekin kontatzea izango genukeela uste dut. Nonbait aurreko legealdian foru gobernuaren eginkizunekin oso kezkatuta zeuden goierritarrak orain “pasotismo foralean” erori dira; eta orain oso “foru arduratsuak” direnak orduan ez zuten halako kezkarik.
Nire buru txiki honek ezin ditu horrelakoak konprenitu. Baina seguruenik koloreetan aditu den estrategaren batek jakingo luke nik udazkeneko kontraesan moduan ulertzen ditudan kontu horiek esplikatzen. Eta bestela kolorea aldatu eta listo!