Aurrekoak aurreko, duela lau urte inguru hasi zen gorpuzten Idiazabalen gerora Goierrin Nazioen Mundua-World of Nations izenez ezagutzera eman den mugimendua. Mugimendu horrek, munduan estaturik ez duten nazioek beren etorkizuna berek erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzen eta defendatzen du. Euskal Herriaren kasuan, noski, Euskal Herriak berak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen alde dihardu. XIX. mendean naziotasunaren kontzeptua garatu ondoren, 1919an sortutako Nazioen Elkarteak bere egin zuen autodeterminazio-printzipioa eta II. mundu-gerraren ondoren 1945ean sortutako Nazio Batuen Erakundeak, 1948an, bere Kartaren 55. artikuluan definitu zuen, estatu independentea eratzeko edo bere buruari beste eraketa politiko bat emateko, herriek, nazioek, duten erabakitzeko eskubidea. Gero, 1976an, Aljerreko “Herrien Eskubideen Deklarazioak” berretsi egin zuen eskubide hori. 1990ean CONSEUk (Europako Estaturik Gabeko Nazioen Konferentzia), “Herrien Eskubide Kolektiboen Deklarazio Unibertsala” onartu zuen Bartzelonan eta Aljerrekoa gainditu egin zuen puntu nagusi batzuetan.
Gurean, Itsasondon (Goierrin), 1931-04-18an, Udalak Autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapena egin zuen Euskal Herriarentzat. Bestalde 1990-02-15ean EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoko) Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidearen aldeko erabakia onartu zuen gero garatzeko ezer ez egin arren.
Beraz, ez da kapritxo kontua Goierriko Nazioen Mundua (GNM) izeneko mugimenduak aldarrikatzen duena eta Goierriko udal guztiek 2010. eta 2011. urteetan zehar mozioak onartuta beren egin dutena; nazioartean erabat onartuta dagoen herrien eta nazioen oinarrizko giza eskubidea da.
Eskubide-aldarrikatze hori, azken lau urteotan, idiazabaldarrek herrian lantzetik Goierriko herri guztietan eragina izatera igaro da. Prozesu horretan garrantzi berezia izan zuten:
- Eskoziara, Highlands lurraldera, egindako bi bidaiek (2008-03-19tik 26ra eta 2009-07-17tik 22ra) eta han eskoziarrekin burututako topaketek eta
- Kataluniara, La Bisbal d’Empordara eta Bartzelonara egindakoek (2009-04-10etik 12ra eta 2010-02-26tik 28ra).
Gero, Goierrin zehar hedatzen hasi zen ekimena:
- Beasainen ekitaldi bat egin zen 2008-06-07an.
- Idiazabalen batzarra egin en 2009-12-19an, Goierriko herri askotako partaideekin.
Geroztik, ekimenak Goierriko hedadura izan du, gehiago edo gutxiago antzeman arren. Batzar hartan, 2010. urterako ekimenak aipatu ziren, batez ere autodeterminazio-eskubidearen ideia Goierrin zabaltzeko ekintzak eta kataluniarren eta eskoziarren etorreren programazioa.
2010-03-13an eta 14an, kataluniarrak Idiazabalen izan ziren. Ondoren, mugimenduaren eta ideiaren aurkezpenak egin ziren Goierriko hainbat herritan. Gero, Erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua prestatu zen eta adostasun-ekitaldiak egin ziren:
- 2010-05-22an, Igartzako jauregian, manifestuaren aurkezpena, 35 pertsona esanguratsuren sinadurak bildu eta argazkia atera.
- Manifestuaren aldeko sinadura-biltzeak Goierriko herrietan zehar: atxikimendua adierazi eta udalei onarpen-eskaera egin.
- Larraizko lehen ekitaldia, Pasalanga, seiehun lagun bildu zituena. Sinadurak, logo berria, kantua, manifestua, bertsolariak, zelaian Nazioen mundua letrak, etab.
Udalei irailaren amaieran hasita aurkeztu zitzaizkien atxikimendu-eskaerak. Beasaingo Udalak tratatu zuen gaia lehenik urriaren 1ean Osoko Bilkuran eta onartu egin zuen proposamena. Ondoren, 2011ko apirila bitartean, Goierriko udal guztiek onartu zuten Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko mozioa. Tartean egin ziren:
- Miramar jauregian manifestuaren aurkezpena eta eskoziarrekin egiteko ekitaldiaren iragarpena urriaren 9an, ideiaren zabalkuntza Goierritik Euskal Herrira. Euskal Herriko pertsona esanguratsuak izan ziren bertan.
- Eskoziarrek eta euskaldunek Ordiziako errugbi-zelai zaharrean burutu zuten ekitaldi handia. Urriaren 16an. 2010. urteko ekitaldirik ikusgarriena izan zen. Bost mila lagunetik gora izan ziren bertan egun osoan zehar egindako jardunetan. Europako estaturik gabeko bi naziotako kideek elkarrekin ospatutako aldarrikapen-egun handia izan zen.
- Abenduaren 18an, urteko balantzea egiteko batzar irekia Idiazabalen. Urtarrilean Goierriko Nazioen Munduak 2011rako egitaraua egin zuen eta herriz herri eratutako taldeek ere herri bakoitzerako berena landu zuten. Helburua: Politikoa baino areago gizartearena eta gizataldeena den autodeterminatzeko eskubide demokratikoaren alde lanean jarraitu, euskal gizartea horretaz jabetzeko eta eskubide hori gauzatzeko moduan jarri arte lan egin.
Udaberrirako Goierriko udalek Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubideaz mozioak onartuak izanik, 2011-04-18an, Itsasondon bildu ziren udal gehienetako ordezkariak, 1931ko onartzaileen ondorengoekin batera, lehen aitormen haren 80. urteurrena gogoratzeko.
Ondoren, beste ekitaldi handi bat burutu zen Larraitzen 2011-07-02an eguraldi ederrarekin. Hango belardi batean, mosaiko handi batzuk egin ziren 1.200 bat pertsonekin. Pertsonaz osatutako autodeterminazioa izen finkoa, Euskal Herriaren mapa eta ondoren, mapa urna bihurtuta, pertsonez egindako kartazal erraldoi bat mugitu zen urnan sartu arte eta urna barruan Euskal Herriaren mapa bilakatu zen; bitartean goiko errotulazioa ingelesezko self determination bihurtu zen. Une hunkigarriak eta maisutasun handiz burutuak. Garabi erraldoi batetik grabatu zen guztia eta Larrunarritik parapentean jaistean Marronek eta bere kideak argazki historikoak egin zituzten.
Ekimen horien denen irudiak eta beste hainbat, GNM mugimenduak hala eskatuta, Jon Maiak eta bere lantaldeak dokumental handi bat egiteko jaso dituzte eta Euskal Herriaz eta bere autodeterminaziorako eskubideaz jardungo duen dokumental hori laster izango dugu ikusgai Euskal Herriko bazter guztietan. Dagoeneko trailer bat prestatua dute eta hura ikusitako guztiek etorkizun ona iragartzen diote dokumentalari. Bideo labur ederrak ere ikusgai dira interneten.
Sinadura bilketak egina du sozializazio-ahalegin bat Goierrin eta mozioen onarpenak ere txingarra piztua du Goierriko agintarien artean. Udalak aldatu dira baina aldeko irizpideen kopuruak ez du behera egin. Baina herritar soilen artean ideia gehiago landu eta zabaldu beharra dago. Herritar xumeek eskubide honen garrantziaz jabetu behar dute. Une honetako giro politikoak ere lagun lezake horretan. Dokumentu eta ekintzen ildoan gauza asko bildu eta lortu dira. Ezagutza zabaltzen ari da. 2012an, Euskal Herriko estatu izan zen Nafarroako estatuaren azken lurralde-zatiaren konkista eta galeraren 500. urteurrena betetzen da eta urte ona izan daiteke ditugun baliabideen bidez jendeari geure izanaren egia agertzeko eta herri bezala dagokigun eskubide ukaezina behin eta berriz alde guztietan aldarrikatu eta eskatzeko.
Bestalde, hori dena Goierritik Euskal Herri osora zabaldu behar da. Euskal Herriko beste eskualdeetan ere bada noski Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko jenderik, beharrik!, baina ideia horren, eskubide horren, hedadura leku guztietara iritsi behar da, toki guztietan eskubide horren iritzi-korronte sendoa sortzeko. Euskal Herrian pertsona orok egin behar du gogoeta eskubide honetaz eta guk hori denei helarazten ahalegintzeko zeregina dugu. Euskararen berreskurapenarekin eta garapenarekin batera, une honetan Euskal Herrian dugun eginkizun politiko nagusiena da eta orain arte aipatu ere egin ez ditudan alderdi politikoek ere, beren zeregin nagusienetakoa denez, eskubide honetaz eta bera gauzatzeaz jarrera argi eta garbia hartu behar dute (batzuk jada hartua dute), eta horren ondoren, horretarantz bidea egiteko orain arte baino askoz ere lan gehiago egin behar dute. Hori da herritarrok eta ekimen orok politikariei eskatu behar dieguna, aldi berean geure bultzada eta laguntza osoa eskainiz. Horretarako dira alderdi politikoak, herritarren eskaera politikoak gauzatzeko.