Beasainen antolatu du Aisihezi elkarteak
Jostailu asko izaten dira etxean, erabiltzen ez direnak, eta askotan berri-berriak edo ia berriak. Zer egin ere ez da jakiten askotan. Beasaingo Aisihezi elkarteak jostailuak trukatuko diren azoka antolatu. Azaroaren 25 arratsaldean (17:00-19:00( eta 26 goizean (10:30-13:00) izango da azoka, Beasaingo Loinazko San Martin plazapean, Berritsu ludotekaren aurrealdean.
Helburu ugari ditu azoka honek: etxean erabiltzen ez ditugun jostailuak aldatzeko aukera izatea; diru gasturik gabe jostailu “berriak” etxera eraman ahal izatea; gehiegizko kontsumismoarekiko kontzientzia hartzea; krisiari aurre eginez, haurrek beste jostailu batzuk erabili ahal izatea; berrerabilpena bultzatzea; herrian herritarrek eta herriarentzat eginiko ekimen batean parte hartzeko aukera izatea; eta jostailurik ez duenari edukitzeko aukera ematea.
Trukea
4 eta 16 urte bitarteko jostailuak bilduko dira. Egoera onean eta fitxa guztiak dituzten jostailuak hartuko dira. Aisihezi Elkarteko Nerea Manzisidorrek eta Alazne Elortzak Goierrithartxori esan diotenez, truke sistema honokoa izango da: norberak nahi ez duen jostailua eraman eta beste jostailu bat hartzeko bale bat emango zaie. Jostailu “berria”, nahi izanez gero, momentuan edo hurrengo egunean hartu ahal izango da. Adinka banatuko dituzte jostailuak: 4-8 urte, 9-12 urte eta 13-16 urte. Adinarenbarruan, beste hiru sailkapen egingo dira: jostailuak (mahai jolasak, kartak, zirkuituak, kotxe kapotak…), kiroletako materiala (patinak, txirrinduak…) eta jostailu txikiak (panpintxoak, kotxe txikiak). Goierriko haur guztiek har dezakete parte azoka honetan.
Balioa eman
Gabon inguruan egingo da azoka, jostailuen kontsumo handiena garai horretan gertatzen baita. “Gabonetan ematen den ikaragarrizko kontsumoa dela eta jostailuak eta jolasak duen garrantzia deusezturik gelditzen da, hainbeste propaganda eta iragarkirekin. Data hauek egokiak iruditu zaizkigu ekimen hau burutzeko”.
Ildo horretan, ikastetxeekin elkarlanean, trukearen filosofia landu nahi dute. “Jostailuei balioa eman nahi zaie. Nik ez dut erabiltzen eta beste batek erabiliko du. Berrerabilpena bultzatuko dugu. Trukearen kontzeptua landu nahi dugu. Dirurik gastatu gabe beste jostailu bat hartzea. Kontsumo masifikazioaren aurkako kontzientzia landu”, diote Aisihezi elkartekoek.
Jostailu mailegutza
Urtean zehar ere, Beasaingo Berritsu eta Txelotxe ludoteketan egiten dute jostailuekin lotutako beste ekimen bat: jostailu mailegutza. Hilabete bakoitzeko lehen astean, jostailua aukeratu eta etxera eramateko aukera izaten da, haurrek eta gurasoek elkarrekin jolas dezaten eta jolas ezberdinak ezagutu ditzaten. “Jostailuak haur “guztiek” dituzten arren, ludotekan balore ezberdinak eta hain ezagunak ez diren jolasak ditugunez, hauek haur eta gurasoen eskura jarri nahi ditugu”.
Maileguan eraman daitezkeen jostailu guztien katalogo bat sortu dute, eta bertan jolasaren azalpenak ematen dira. Zein adinetako haurrentzako den, zenbat lagunek jolasteko jolasa den, zein helburu dituen…