Gabon giroan bete-betean sartuta gaude. Olentzero ere opariak prestatzen ari da, etxez etxe opariak banatzeko. Olentzerok opariak ekarri aurretik dena den, kantuan egin behar izaten da. Abenduaren 24a izaten da gabon eskean edo kantuan aritzeko eguna baina Lazkaon, lehenagotik ere aritu dira. Goierriko Euskal Eskolak Kultur Elkarteak antolatuta, VI. Euskal Gabon kanta jaialdia egin baitzuten abenduaren 10ean Areria Kulturgunean. “Gure guraso eta aitona-amonek garai batean kantatzen zituzten kantak ikastea eta ahaztuta galtzen ez uztea” da jaialdi horren helburua, Goierrithartxori Goierriko Euskal Eskolatik esan diotenez. “Larunbat arratsaldean ordubete ederra pasatu genuen elkarrekin Gabon kantuak aitzakia hartuta. Eta igande arratsaldean zinean euskarazko film bat ikustera gonbidatu genituen bai partaideak, bai beraien lagun eta familiakoak. Asteburu oso-osoa, beraz, euskaraz eta kulturaz blai”, gaineratu du.
180 kantari
Seigarren edizio honetan, 180 kantarik hartu zuten parte. Haurren 18 talde eta helduen talde bat. Antolatzaileak gustura daude partehartzaile kopuruarekin baina, “gazteak eta helduak parte hartzera animatu beharko genituzke”, diote.
Hasieran lehiaketa izatekoa bazen ere, azkenean, jaialdia izan zen. Sariak, denentzat izan ziren. Goierriko Euskal Eskolako Mari Jose Madariagak azaldu du zergatik. “Hasieran lehia bezala planteatu bagenuen ere, aurkezten diren guztiak saiatzen direnez ondo baino hobeto kantatzen eta jende aurrean kantatzera ausartzen direnez, guztiek merezi dutela saria pentsatzen dugu. Horregatik, guztien lana entzuten gozatu eta denei eman diegu saria”.
Denetariko gabon kantak entzun ziren Arerian, ahots soilez edo musika tresnez lagunduta. Betiko abestiez gain, “beraiek sortuta bertsoak izan ziren tartean, Lazkaoko musikari Patxeko Areso (Frantzisko Areso Tolosa) zenak sortutako Alaitasun handia ere kantatu zuten…”.