Badira 22 urte Goierrin euskarazko lehen aldizkaria argitaratu zela. Goierritarra aldizkaria 1989ko azaroan sartu zen lehen aldiz Goierri beheko 18 herrietako etxeetan, eta sorrera garaiko zailtasunak gaindituta, segituan egin zen erreferente.
Goierritarra koxkortzen ari zela, 1995ean, sortu zen Otamotz aldizkaria Urretxun eta Zumarragan. Bi aldizkariek herri informazioa eta euskara ardatz hartuta bide paraleloa osatu dute. 2012. urtean, bi bide paralelo horiek elkartu eta GoiBerri aldizkaria jaiotzeko puntuan dago.
1989ko udazkenean jaio zen Goierritarra aldizkaria. Hasiera batean, euskarazko aldizkari orokorraren izaera hartu zuen hilabetekaria zen. Literatura edo historia gaiak lantzen zituen. Garai hartan hasi ziren beste eskualde batzuetan ere herri aldizkariak sortzen, gehienetan euskara elkarteen bultzadarekin. Goierritarraren kasuan, lehenengo, aldizkaria sortu zen eta, ondoren, euskara elkartea.
Herrietako kronikak
Hasiera bateko aldizkariaren proiektua hazten joan zen eta 1991. urtean hasi zen Goierri beheko herrietako kronikak argitaratzen. Herrietako kronikak idazten hastea beste jauzi bat izan zen aldizkariaren jatorrian. Herri kronikek indar handia hartu zuten, eta goierritar gehienentzat erreferentzi bihurtu ziren.
Garai hartan argazkiekin izaten zuten lanik handiena Goieritarreko kazetariek. Loinaz Agirre Goierritarrako zuzendariak argazki pare bat atera eta haiek inprimatu behar izaten zirela gogoratu du: «Beti ez ziren nahi bezala ateratzen, baina askotan horrela publikatu behar izaten genituen». Eskualdeko aldizkariak geroz eta informazio gehiago jasotzen zuen, eta askotan dena sartzeko lanak izaten zituzten. Honela astekaria egitea ere aztertu zuten. Hori aztertzen ari zirela, ordea, Berriatik Goierriko Hitza egunkaria sortzeko proiektua etorri zen. Honela, Goierritarra aldizkariaren proiektuak Goierriko Hitzarekin bat egin zuen 2004an. Bategite horren ondorioz herrietako kronikak egunkarira pasa ziren, eta hamabostekariak gai sakonagoak lantzeko tokia irabazi zuen.Goierritarrak erreportaje zabalei eta elkarrizketa luzeei lekua egin zien.
Lana egiteko modua aldatu
Aldizkariak egiteko modua asko aldatu da urte gutxian. Goierritarra aldizkaria egiteko, hasieran, herri batetik bestera argazki eta informazio bila kilometro asko egin behar izaten zituzten. Orain, Internetekin, mugikorrekin, lan egiteko modua asko aldatu da. Hala ere, modu batera edo bestera, kazetariak jende eta txoko asko ezagutu dituzte. «Aldizkaria irakurleentzat gertukoa izan da, eta kazetarientzat herritarrak eta irakurleak ere gertuko izan dira».
Goierritarra musutruk jasotzen zen hasieran, baina 2002. urtean borondatezko kuota bat ordaintzeko deia egin zieten irakurleei. Horrez gain, Agirrek nabarmendu du aldizkariarekin publizitatea euskaraz egiteko aukera eskaini dutela, eta hasiera haietan iragarleek ezinezkotzat jotzen zutela hori, baina denborarekin posible dela ikusi dute.
‘Otamotz’ aldizkaria 1995etik
1995. urtean jaio zen Urretxu -Zumarragako Otamotz herri aldizkaria. 90eko hamarkadan, euskaraz ardatz hartuta, Zintzo Mintzo elkarteak jarri zuen martxan aldizkaria. Urte horietan guztietan, Otamotz aldizkariak Urretxu eta Zumarragako herri informazioaren erreferente izatea lortu du.
Euskara bultzatzeko tresna garrantzitsua izan da. 1995. urtean boluntarioen lanari esker hasi zen kaleratzen herri aldizkaria. Hasiera batean ordenagailu bat zuten informazioa bildu eta idazteko, baina 1996. urtean, zuten ekipo informatiko urria lapurtu egin zieten. «Horri aurre egiteko bertso saio bat antolatu genuen, eta hark eman zion babesa proiektuari», esan du Asier Zalduak, Otamotz-eko kazetariak. Herritarren erantzun onari esker, berriz ere behar zituzten tresnak erosteko aukera izan zuten.
Ordurako, kazetari bat ari zen lanean Urretxu eta Zumarragako txoko eta pertsonaiak aldizkarira eramanez. Lehenengo urteetan aldizkariak lau orrialde bakarrik zituen, eta urteak aurrera joan ahala, eta kolaboratzaileei esker, atal berriak sartu dituzte. Aldizkaria egiteko orduan kamara digitalek kazetarien lana zenbat erraztu duen gogoan du Zalduak.
Webgunearen sorrera
2006an beste jauzi bat egin zuen Otamotzek, Interneteko orrialdeari bultzada nabarmena eman baitzioten. Honela, herri informazioa bi euskarritan uztartuta eskaini zitzaien herritarrei. Interneti bultzada emateko bigarren kazetari bat ere lanean hasi zen erredakzioan.
Otamotz aldizkariaren azken alea aurtengo urtarrilean argitaratu da, 174. alea. Aldizkariko langile eta kolaboratzailentzat berezia izan da azken ale hori egitea, 16 urte luzeko lana bukatu delako. Hala ere, proiektu berria gogoz eta indarrez hartu dute GoiBerri aldizkaria elikatuko duten langileek.Urte hauetan guztietan bi aldizkariek eta bertako kazetariek hartutako eskarmetua ardatz hartuta, Goierri osorako astekaria sortu da. Maiztasun handiagoarekin eta atal berriekin hornituta, abiapuntu ezberdina izan duten bi aldizkariek norabide berean jarri dituzte indarrak.