‘GoiBerri’ euskara hutsean argitaratzen den Goierri mailako lehen aldizkaria da. Baina… egunerokoan Goierri eskualde bakarra al da? Ala bi? Josetxo Zufiaurre eta Jose Luis Ugarte historian adituek erantzun dituzte galderak.
Josetxo Zufiaurre etnografo beasaindarrak hamaika lan argitaratu ditu. Jose Luis Ugarte, legazpiarra berriz, Burdinola elkarteko kidea da eta Legazpiko historiari eta ondareari buruzko liburuak idatzi ditu. Eskualdea ederki ezagutzen dute biek.
Ugartek, historian zehar, behekoen eta goikoen artean harremana estua izan dela uste du. «Legazpiarrok harreman handiagoa izan dugu ekialdera dauden herriekin mendebaldera daudenekin (Oñatirekin eta Antzuolarekin) baino. Aldameneko herrietara jotzen zuten askotan lan, senargai edo andregai bila. Hori Aztiri auzoan ikusten da inon baino garbiago, Gabiria eta Legazpiko bizilagunen nahasketa izugarria ematen da bertan. Segura eta Ordiziara joateko joera ere bazen: errenta ordaintzera, erosketak egitera, tratuak ixtera…».
Legazpiko euskara
Era berean, behekoak gora joaten ziren. «Legazpin burdinarekin lotutako industria garrantzitsua zegoen eta langile asko behar ziren. Horrela sartu ziren Legazpin deitura batzuk: Alustiza, Andueza, Azurmendi, Galfarsoro, Iñurritegi, Olabide, Ormazabal, Telleria…».
Hizkerak argi erakusten du garai batean hartu-emana estua zela. «Legazpin zaharrek hitz egiten duten hizkerak Zegamako hizkeraren antz handia dauka. Bestalde, XV. eta XVI. mendeetan Legazpi, Goierriko beste hainbat herri bezala, Segurari lotuta egon zen. Lazkaoko jaunak, berriz, XIX. mendera arte elizako hamarrenen zati bat jasotzen zuen, antzinatik zetorkion eskubide bati helduz. Horrekin iruditzen zait atzean historia berbera daukagula, onerako eta txarrerako».
Egun, ordea, ez dugula nahikoa elkar ezagutzen iruditzen zaio. «Goierriko gainontzeko herriekin ditugun harremanak aldatu egin dira azken hamarkadatan. Batetik, biztanle kopurua ikaragarri hazi da eskualdeaz kanpoko etorkinekin. Bestetik, bideek ez gaituzte elkartzen. Harreman handiagoa daukagu Donostiarekin ondoko herriarekin baino. Azkenik, bizimodua aldatu egin da. Mendiak ez gaitu batzen, bereizi egiten gaitu. Ondorioz, ez dugu elkarren berririk, eta lastima da».
Harremana nolakoa izan beharko litzatekeen herritarrek erabaki behar dutela uste du legazpiarrak , «baina euren historia eta kultur ondarea zein den ezagutu eta hortik abiatu beharko lirateke. Askotan erabaki oker asko ezjakintasunetik etortzen dira».
Hala, mankomunitateen gaia atera da. «Politikoek euren arrazoiak izango dituzte gauzak egiteko, baina zer kristo da Urola Garaia? Hau baino Goierri gehiago da hura! Nire bizitza guztian Goierri izenarekin ezagutu dudan elkarte bakarra Urretxukoa da! Hari Urola Garaia jarri ziotenean harritu egin nintzen pixka bat», aipatu du Josetxo Zufiaurre beasaindarrak.
Zerbitzuak bateratzea
Ugartek oso argi du Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga Goierri direla. «Gu goierritarrak gara, goitik behera, ez gara urolatarrak. Gure izaera ezin da ulertu Goierriko gainerako herririk gabe. Gainera, ezin konta ahala komertzio, elkarte eta negozio izen dago mankomunitatean hori frogatzeko. Hori dela eta, ni pertsonalki asko poztu nintzen Goierriko Hitzan Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga eta Urretxu kontuan hartu zirenean. Eta berdin, asko pozten naiz, GoiBerri egitasmoaren barruan sartzen garelako».
Ugartek beheko eta goiko erakundeek eta elkarteek elkarlana bultzatu beharko luketela uste du. Hala, herritarren arteko harremana ere estuagoa izatea lortuko litzateke. Izan ere, Zufiaurrek bere bizilagunek goialdera gutxi jotzen dutela uste du. «Ospitalera derrigor joaten gara, baina bestelakoan lan kontuengatik bakarrik. Ospitalera joateari ezin zaio Zumarragara joatea esan, autoan joaten garenez herritik pasa ere ez baikara egiten. Baina lanaren bidezko harremana badagoela uste dut: hangoak hona etortzen dira eta hemengoak hara joaten gara. Lehenago, Orbegozo lantegiaren garaian, hemendik jende gehiago joaten zela uste dut».
Harreman estu samarra
Gora gutxi jotzen duen arren, hango parajeak ez ditu ahaztu. «Ipiñarrieta jauregia oso ederra da, Ezkioko Igartubeiti baserrian oso gauza interesgarriak daude etnografia aldetik, Itsasoko hilerriaren erdian dagoen gurutzea Gipuzkoako onenetakoa da… Bestalde, Javier Aguadorekin harreman estua dut. Izan ere, fosil eta mineral zalea naiz eta berari bat baino gehiago erosi diot. Urretxuko Mineral eta Fosilen Astera ere urtero joaten naiz. Bilobak eramaten ditut, gainera, eurak ere zaletu daitezen».
Tiraka-tiraka, goialdearekin harreman estu samarra duela konturatu da; baina ez du uste orokorrean behar bezain estua denik. «Dena Goierri izango balitz gure arteko hartu-emana handiagoa izango litzateke. Mankomunitateen sorrerak hartu-emana gutxitu du. Mankomunitate bakarra izango bagenu Goieki agentziak dena hartuko zuen, adibidez, eta erlazioa estuagoa izango zen».