
Meategietako trenbidearen pausoak jarraitzen ditu Ormaiztegi eta Mutiloa lotzen dituen Bide Berdeak.
Garai bateko burdinaren eta meategien bidea egiten du Ormaiztegi eta Mutiloa arteko Bide Berdeak. 2005. urtean hasi ziren bide hori berreskuratzeko aurreneko pausoak ematen, eta lanik gehienak, 2006 eta 2007 urteen artean egin zituzten. Bi norabidetan egin daiteke bide hori, baina guk, behetik gorakoa aukeratu dugu.
Ibilbideak trenbidearen duen lotura ikusita, Ormaiztegiko burdinezko zubia izango da abiapuntua. Haren azpian zegoen garai bateko bainuetxea ere; gaur egun, burdin ura dakarren iturria dago haren tokian. Parke horretan hasten den oinezko bideari jarraituz, zubiaren azpitik pasa eta Ormaiztegiko hilerrira eta tren geltokira iritsiko gara. Trenez datorrenak, geltokitik bertatik ere hasi dezake bidea. Trenbidea gurutzatu eta seinaleztatuta dagoen bidexka hartuko dugu. Han bukatzen zen garai bateko meatzeetako trenbidea, eta hura zen mineralak tratatzeko gunea. Orduko eraikinen aztarnak ikus daitezke oraindik. Hasierako aldapa gogor antzekoa egin daiteke, baina ez arduratu, motza da eta. Berrehun bat metroren buruan, Bide Berdearen hasiera markatzen duen puntura iritsiko gara. Handik aurrera, ibilbidea laua da, eta basoan barrena, 1,5 kilometroko bidea egingo dugu; tarteka, informazio panelak eta garai bateko meatzeetako trenbidearen errailak ere ikusiko ditugu.
Erdibidea, Liernian
Basotik atera orduko iritsiko gara trenbide zaharrak hamaika aldiz zeharkatutako Lierniko zubira. Lierniko gaina bidearen erdigunea da, eta atsedena hartzeko aprobetxatu daiteke.
Atzera baso itxietan sartuta ekingo diogu ibilbideari. Potxuetako zubia eta Makinetxe eraikina ikusiko ditugu. Azken horren ondoan pasatzen den Gi-3520 errepidea zeharkatu eta Bernaola baserrira iritsiko gara. Ibilbidea han bukatu eta buelta har daiteke, baina behin hasita, Mutiloako herrigunera doan oinezko bidea hartu eta bertaraino joan daiteke.