Xabier Mendiguren Elizegi • Idazlea
Txillardegiri Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zaion omenalditik bueltan eseri naiz lerro hauek idaztera. Gustura egon naiz eta pozik itzuli naiz baina, joan aurretik, banuen zalantzaren bat edo beste, eta esango dizuet zergatik.
Pertsona orok aitaren eta amaren aldetik bi familia izaten duen bezala, esan liteke Txillardegi ezagutu eta maite izan zutenen artean bi familia zeudela, edo bi adar. Txillardegiren bizitza osoko helburuak aberria eta hizkuntza izan ziren bezala, haren jarraitzaile eta miresleak ere bi alor horretakoak izan dira: politikatik datozenak, eta euskaratik.
Noski, burugabea litzateke bi gai horiek elkarren kontra jartzea; Txillardegiren kasuan, gainera, guztiz loturik zeuden biak, eta horixe izan zen, seguru asko, haren irakaspenik sakonena: euskararik gabeko Euskal Herriak ez duela zentzurik, eta euskarak ere ez duela etorkizunik aberri libre bat lortu ezean. Oinarrizko baieztapenak iruditzen zaizkigu gaur egun asko eta askori, baina Jose Luis Alvarez Enparantza izan zen horiek estuki uztartzen lan handiena egin zuena bizitza osoan zehar, teorian eta praktikan.
Baina hala ere, azken helburuetan bat etor gaitezkeela onartuta ere, ez dugu sentsibilitate bera izaten; ez da desadostasun kontua, ikuspegiarena baizik: politikoak politikan du jarria bere begirada, eta epe laburrekoak izan ohi dira bere kezkak eta lehentasunak; hurrengo hauteskundeei lotuak, gehienetan. Euskaltzale militanteak, berriz, ez du ahazten bere borroka luzerakoa dela, eta gure herri honetan asko eta zailak direla egitekoak: hauteskundeetan aukera abertzaleak irabazita ere, erdara dela nagusi gure kaleetan, lantegietan, komunikabideetan, etxeetan… eta horietan guztietan egin behar dela lana, apal baina gogor, urrutira begira baina etengabe.
Txillardegi hil zenean, hura ezagutu genuenon ahotan berehala zabaldu zen omenaldi handi bat egiteko beharra. Ez hura izugarri omenzalea zelako, baizik eta herri honek zenbat zor dion aitortu beharra duelako, eta eskerrak eman, hari ez bada, haren emazte eta seme-alabei. Omenaldi hori ezker abertzaleak egingo zuela jakinarazi zen handik gutxira. Eta nirekin hitz egin duten hainbat lagunek (politikoki ezker abertzalekoak sentitzen direnak, baina hori bezainbeste edo gehiago kulturagile eta euskaltzaleak) beren kezkatxoa edo atsekabea adierazi zidaten, pena zela omenaldi hori politikoek egitea, eta ez kultura munduko jendeak. Haur baten omenezko ospakizuna amaren aldeko familiak antolatuko balu bezala, eta ez aitarenak (edo alderantziz).
Zorionez, omenaldia ez da mitina izan. Ramon Agirre aktoreak eta Joserra Senperena pianojoleak gidatu dute ekitaldia, saioen arteko haria eramanez, eta hainbat emanaldi izan dira bertan: kantuan Amaren alabak (desafinatze arazoekin, tamalez), Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena; bertsotan Xabier Amuriza eta Alaia Martin (bakarka eta aparte biak); hitzaldietan Piarres Xarriton (Txillardegi Iparraldean aterpetu zeneko lekukotasuna eskainiz) eta Ned Thomas idazle galestarra (Txillardegik Europa osoko hizkuntza zapalduekin izandako interesa eta harremana gogorarazi ziguna). Horien ondotik, bukaera aldera etorri ziren mezu politikoagoak: Igone Lamarain, Euskal Herrian Euskaraz-en izenean; Laura Mintegi, Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik Txillardegiren omenez idatzitako gutuna irakurriz, eta Pernando Barrena amaieran, anfitrioiarena eginez, denak agurtzeko.
Gure bizialdian itzal babesle antzeko bat izan dugu Alvarez Enparantza, gizon umil eta jakintsua, ingeniaria, pianista, eleberri eta saiakeragilea, ETAren sortzailea, hizkuntzalaria, euskara frankismo gorrian bere kasa ikasi eta euskal idazle onenetakoa izatera iritsi zena, baita gure hizkuntza batasun bidean jartzera ere… Hainbeste gauza, gizon bakar batengan. Haren eredua geratzen zaigu, berak hirurogei urte pasatxoan eramandako eguneroko borrokan jarraitzeko, euskararen eta Euskal Herriaren alde.