Krisiak gogor jo ditu ekonomiaren alorrik gehienak, baina lan mundutik datoz daturik beltzenak. Azken bost urteetan, langabeziaren datua bikoiztu egin da Goierrin; zenbaki horien atzean daudenak dira krisiaren alderik gordinenak.
Azken bost urteetan bikoiztu egin da langabetuen kopurua Goierrin. Krisiak ez du beste eskualde batzuetan adinako eraginik izan, baina eraikuntza sektorearen gainbeherak eta industria arloan dauden zailtasunek arrastoa utzi dute. Datuek diote denera 3.700 lagun daudela lanik gabe Goierrin. Kopuru hori, 1.694 lagunekoa zen 2007. urtean.
Ekonomia krisiak arlorik gehienetan izan du eragina, baina zerbitzuena da kaltetuena; bertan dago eskualdeko langabetuen %55a. Haren atzetik daude industria eta eraikuntza, baina bi sektore horiek hazkunde nabarmena izan dute. Adinaren arabera, langabetu gehienak (%52a) 25 eta 44 urte artekoak dira. 45 urtetik gorakoen kopurua ere handia da; adin tarte horretako 1.362 lagun daude lanik gabe.
Datu horietako bakoitzaren atzean, ordea, pertsonak daude. Horietako asko, Lanbide enplegu agentziak Goierrin dituen bi bulegoetakoren batera joaten dira, egunero. Beasaingo eta Zumarragako zentroetan, etengabea da jendearen joan etorria, batez ere goiz partean. Langabeziaren papelak egin, eskaintza berririk dagoen begiratu, ikastaroren batean izena eman… Langabetuaren eguneroko zereginak dira.
Hori da Antton Altunaren kasua. 2001etik dago lan finkorik gabe. Hamabost urte lan egin zituen kameralari moduan, aurrena ekoiztetxe batentzat, eta gero ETBrentzat lan egiten zuen azpikontratatutako enpresa batean. «Ekoiztetxeetako lan baldintzak okerragoak izaten dira, eta nik, langile bezala, ETBkoek zituzten baldintza eta soldata berak eskatu nituen. Baina hori ez zitzaion gustatu ekoiztetxeko zuzendariari, eta kalera bidali ninduen». Zailtasun gehiago sortu zaizkio harrezkero; emaztearen gaixotasuna zela eta, lan mundua uztea erabaki zuen, eta hura hil zenetik, alarguntza pentsioa jasotzen du. Harrezkero ≪saiatzen naiz lanen bat bilatzen, baina ez dago erreza≫. Lanik gehienak, urrutikoak direla dio, Goierri inguruan eskaintza gutxi dagoela. Esperantzarik ez du galdu, ordea. «Orain, adibidez lan eskaera batzuk badaude Legorretako Udaletik, denboraldi baterako peoi moduan eta aritzeko, eta ea zer ateratzen den».
Maria del Carmen Madero Granadakoa (Espainia) da jaiotzez, baina han lanik gabe gelditu zenean, anaiaren etxera etortzea erabaki zuen, Zumarragara. Bi urte daramatza langabezian. Lanbidek eskaintzen duen ikastaro bat egiten ari da UGLEn (Urola Garaiko Lanbide Eskola). «Klase teorikoak amaituta praktikak egiten nabil orain Urretxuko Eguneko Zentroan. Oso pozik nago, bai UGLEn eta bai Eguneko Zentroan denak oso atseginak direlako nirekin». Euskal Herrian bizi maila ≪oso altua≫ dela uste du, eta aurrera egitea zaila dela. Etorkizuna ≪oso beltz≫ ikusten du, baina lana lortzeko esperantza badu. «Irekita nago. Lana beste leku batean ateratzen bazait maletak hartu eta bertara joateko prest nago».
Madero bezala, lanaren eta bizimodu hobe baten bila etorri zen Qaiser Pervaiz Ahmed pakistandarra, duela hamalau urte. Zumarragan bizi da eta lau urte daramatza lanik gabe. «Lan egiten nuen enpresa itxi eta 200 pertsona kaleratu zituzten. Ondoren Brasilen eta Txinan lantegiak ireki ditu enpresan horren jabeak». Etorkizuna beltz ikusten du: «egoera oso zaila da guztientzat, baina bertakoek etorkinek baino erraztasun gehiago dituzte». Hamabost egunez behin bidaltzen ditu curriculumak, baina momentuz ez da ezer atera. «Behin-behineko lanak egon badaude, abuztuan 20 egunerako lanak ateratzen dira, makinak garbitzen eta abar. Baina epe luzerako lanik ez dago. Ematen didaten diru laguntzari esker bizi naiz».
Ramon Juaristi
Lanbideren Zumarragako bulegoko arduraduna
«Langabetuei formatzen jarraitzeko eta esperantzarik ez galtzeko esango nieke»
Lanbidek Zumarragan duen bulegoko zuzendaria da Ramon Juaristi. Azken urteetan langabetuen kopuruak gora eta lan eskaintzenak behera egin duela nabaritu du. ≪Lehen lan eskaintzak aukeran izaten ziren ia; orain berriz, asteko bat jasotzen badugu, gustura≫.
Krisia hasi zenetik bikoiztu egin da langabeen kopurua. Non antzeman duzue igoerarik handiena?
Lehenengo lanaren bila dabilen jendea da asko, gaztea eta prestakuntza handikoa. 25 urtez azpikoen artean, %50 inguru, aurreneko lanpostua lortu ezinda dabiltza. Askok karreraz gain master bat ere badute, eta praktikak ateratzen zaizkie, baina lanik ez. Horrek jendea desanimatu egiten du. Beste zulo handi bat 45 urtertik gorakoena da, adin batetik aurrerako jendea berriz ere lan munduan sartzea oso zaila da eta.
Historikoki, langabezia handiagoa egon izan da emakumeen artean gizonezkoetan baino.
Bien arteko aldea asko murriztu da, ordea. Krisiaren aurretik, lau langabetutatik hiru ziren emakumezkoak, eta orain paretsu dabiltza. Zenbait sektoretan gizonezkoak gehiago dira. Hala, esan liteke krisiak gogorrago jo duela gizonezkoen artean.
Zerbitzuen arloan dago langabetu gehien; baina industria eta eraikuntza ere asko igo dira.
Orain guregana datozen langabetu gehienak industriatik eta eraikuntzatik datoz; gehienak kualifikazio gabeko langileak dira, eta asko kostatzen zaie beste lanen bat bilatzea. Lehen errazagoa zen, baina orain jasotzen dugun eskaintza kopurua ere asko jaitsi da.
Lan eskaintza gehiagoren faltan, formazioa jasotzeko aukera eskaintzen duzue.
Eskaria badago, jendeak ikusten du lan eskaintzarik ez dagoela eta ikastaroetan izena ematen du. Baina hor ere ez dago denentzako lain. Gipuzkoan denera 200 eta 250 ikastaro artean antolatzen dira. Baina hori jasotzen ditugun diru laguntzen baitan dago. Guk adibidez [Zumarragan], hamasei ikastaro eskatu genituen, baina laguntzarik ez zegoela eta, sei edo zazpi egingo ditugu.
Zer gomendio emango zenioke lanik gabe gelditu den bati?
Inork ez dauka errezeta magikorik, baina nik formatzen segitzeko eta esperantzarik ez galtzeko esango nieke. Lehenago edo beranduago, baina hau hasiko da buelta ematen, eta orduan irteera lerroan ondo kokatuta egotea komeni da. Lanpostu jakin batekin ez itsutzeko ere esango nieke; aukera badago hartu, eta gero etorriko da guk nahi genuen hori. Egin daitekeen okerrena gure gustuko lanik ez dagoela eta etxean gelditzea da.