Titin III.ak jokatzen duenean, nik nahiago partida beste bikoteak irabaztea», batek. «Ba, nik, Retegi Bi-k jokatzen duenean, nahiago beste bikoteak irabaztea», beste batek.
Bostetan inor ez ahokada horien aurka. Inork ez arrazoia eskatu beharrik. Guztiek diote euskaldunari lehentasuna ematen dietela errioxarraren aurrean. Guztiek dute beste bikotea, euskalduna nahiz errioxarra izan, hobesten, euskarari muzin egin dion aita euskaldun baten semearen aurrean. Zer gauza! Pilota gorabehera, kirola gorabehera, beste balio bat hartzen goragokotzat. Balioen hierarkia. Balioen hurrenkera. Gaur berean, urtarrilaren 16an, halabeharrez txanda zain nengoela, Arartekoaren lerro bat irakurri dut, dioena, gutxi gorabehera, kirolak hezitzailea izan behar duela.
Inork esan beharrik izan gabe, ez ote du apur bat pentsatzen duenak hori bera, esan gabe ere, bizi?
Alabaina, beti pentsatzen al da horrela. Errealak duela gutxi Mallorkan izan duen porrotaren aurrean, gogoeta hau egin dut: Errealeko jokalariek ez ote dute galdu partida hori nahita? Zer zentzu du euskaldun batentzat eta, euskaldun izan gabe ere, pertsona ondradu batentzat, Erregearen Kopa delako horretan parte hartzeak? Zoriontsu sentitu naiz Erreala horretatik kanpo gelditu denean.
Bide beretik sentitu dut barne asaldura, zenbait euskaldunek, Madrileko Parlamentuan parte hartu ahal izateko, Erregearekin egotera joan beharra izan dutenean. A zer tripa-larria! Bizitzan askotan egokitzen da tripak jan beharra, helburu bat lortze aldera. Badut horretan esperientziarik. Baina erruki dut horrelakoetan, mailaz hain handiak direnetan, geratzen den jendea.
Eta, kasuak kontatzen hasirik, deitoragarriena beste hau. Ikasten eta trebatzeko madarikatuz lan egin; gurasoen edo besteren hainbat ondasun xahutu; esperantza distiratsuz urtetan jardun; etxea inork ez bezala edo besteek bezala maitatu; halako batean herriari zerbait emango diolako uste beroa bizi; eta… trebatu zarenean, erbestera joan beharra, lanik izango baduzu, biziko bazara.
Xalbador handiaren hitzak ditut begi aurrean, atzerrira joan den semeari zuzenduak:
«Mixel, ezarri bainauk dudazko trantzean, / kantatzerat noakik, pena bihotzean; / esperantzaz beteak ginenak artean, / hire azken aldiko berriak hartzean, / hotz ikara ilun bat sartu duk etxean».
Hain gauza erraza ote erabaki hori hartzea: atzerrira joan? Txistua trabatzen zait eztarrian. Pentsatzen dut lana beharrezkoa dela bizitzeko. Nolatan ez? Orobat, ordea, behar dela ingurumena sendo ezarria, sustraitua bizitzeko. Ez naiz ni inoren juje. Absit! Alabaina, kasu bakanak ezin orokortu.
Boskotekoek aipatzen genuen, ez ote du krisi ekonomiko honek bi gauzari atxiki beharra ekarriko? Batetik, ez ote luke bazter utzia den Euskal Herriko baserri batek duinki bizitzekorik emango? Bestetik, ez ote du krisialdi honek pentsaraziko arazo honek guztiak ondradutasun-falta duela sustraia?
Min dut bihotzean gazte bat lanik gabe ikustean. Are minago, gazte horrek bere herria uztea aterabide bakartzat ikusi duenean. Ez ote da jokabide hori, alde batetik, herriko bere lekua trebatu gabeko atzerritar bati uztea eta, bestetik, zeurea baino mila bider aberatsagoa den beste jendalde bat gizenago egitera joatea?
Nahiago nuke, nekeak neke eta sakrifizioak sakrifizio, bilatzearen bilatzeaz geure etxea zuzenago eta erosoagoa egiten saiatuko bagina.
Halere, buka dezadan Xalbadorrek semeari egindako beste bertso batekin: «Bainan ez nikek nahi, o seme maitea, / desafia dezakan kontraka haizea: sort etxearen karga bortxarat hartzea; / hobe baituk hi baino etxea galtzea, / nahiz tristea izan gure zahartzea».
Derrigorrezkoak ez du zentzurik. Maitasunak du aldapa eztitzen.