Inazio Usarralde eta Joxepa Madariaga
Inazio Usarralde
Bazakinat telebista jaten denbora luzez egoten diren horietakoa ez haizela, baina, gure ETBri begira, badun gauza bat aspalditik barrua inarrosten didana: albistegietan atera behar duten euskaldunei, esandakoa nolatan errepikarazten dieten erdaraz. Gertatu izan zaidan ikustea, berriki gainera, albistegietan, izotz handia egin zuen egun horietan, baserritar bat nola moldatzen ari zen kontatzen. Jakina, ETB-1erako euskaraz eta ETB-2an, erdaraz, ia-ia hitza hitzarekin josi ezin zuela. Hori bezala, berdin baserria kendu nahi dioten etxekoandrea, edo inauterietan mozorrotuta dabiltzan neska-mutikoak. Beti bat eta bera dun irizpidea: euskaldunari bi eletan eskatu hitz egitea! Hau guztia larriagoa iruditzen zaidan Bidasoaz haraindiko euskaldunei, erdaraz ez!, gazteleraz egitera eskatzen dietenean. Auzo-lotsa sentitzeko modukoa ez al dun?
Eta euskaraz moldatzen ez denari ez zion inork euskaraz egiteko eskatzen. Are okerragoa, euskarazko katean etxean bezala, patxada ederrean, sartzen ditun erdaraz egindako adierazpenak. Eta hau ez dun Patxi Lopezen gobernuak jarritako irizpidea: lehengoek gaurkoen antzera jokatzen zinaten. Horratx, intsumisioarena praktikan jartzeko beste aukera bat: EITBri euskaraz bakarrik egitea!
Honen harira, barre pixka bat egin dezagun, egun hauetako batean Basagoiti jaunak esan omen zion Lopez lehendakariari: “Gazteleraz egingo dizut euskaraz ez duzu ulertzen eta!” Gainera, adar joka zebilzkigun!
Joxepa Madariaga
Ui, ui, ui… ederrak bota dizkidak, Iñaxio! ETBri euskaraz bakarrik egitearen ideian ados natorrek, intsumiso ni ere. Basagoiti eta Lopezenari buruz, hitzik ez eta barrerik ere ez, barregarri uzten gaituztenei ez zieat kasurik ere egin nahi eta.
Gure komunikabideetan euskararen presentzia, kantitatea, eta euskararen kalitatea, biak, soka-tira galtzen ari direla iruditzen zaidak. Ez duk erraza tiraldiari eustea, sokaren beste aldean indartsuagoak ditugunean. Baina ez duk beti indar kontua ere, eta hor erne ibili behar dugulakoan nagok. Hizkuntzaz gain gure jokabidea zuzendu eta ondo bideratu beharrean gaudela iruditzen zaidak.
Azken aldi honetan, komunikabide idatzietatik eskuetara, burura eta bihotzera iritsi zaizkidan idatzi pisuzkoenak aipatu nahi dizkiat: bata, Lorea Agirrek Zer egingo dugu kulturarekin eta politikarekin? (Berria, 2012-01-13 eta 2012-01-20). Izenburuak dioen bezala, kultura eta politikaren kudeaketaz. Eta bestea, Pako Aristik Etsai jauna, buenos días! (Berria, 2012-01-15). Buruko neuronak dantzan jarrarazi dizkidaten irakurgaiak dituk. Hariari tiraka hasi eta Orreaga Iritzi Politiko Taldera iritsi nauk: Donostiako Koldo Mitxelenan hitzaldia antolatu zian, 500 urte estrategiarik gabe ziklo barruan, Pako Aristi bera, Topiko politikoak desegiten gaiaren inguruan hizketan. Aipatzen dizkian kontu potoloen arteko batzuk esan eta ea zer pentsatua jartzen dizuedan: herri okupatua garela, independentzia lortzeko estatua behar dugula, estatua lortzeko hizkuntza, herri estrategia, elkarrizketa… Ai zenbat daukagun ikasteko, zenbat egiteko! Beraz, ez gaitezen lotan geratu bake garai hauetan…