Bost mende beteko dira hilaren 18an Ordizia erre, eta Juana Eroak astero azoka egiteko baimena eman zionetik.
San Bartolome baselizaren inguruan egin ziren lehen merkataritza trukeak Ordizian, XI-XXI. mendeetan. Dokumentaziorik ez dagoen arren, hori da historialarien ustea. Garai hartan Nafarroako Erresumaren lurraldea zen Gipuzkoa, eta Ordizia bi lurraldeen arteko mugan zegoen, kokaleku estrategikoa zen. Donostia 1180. urtean sortu zuten nafarrek, baina 1200 urtean Gaztelak Gipuzkoa konkistatu zuen, eta hortik aurrera bestelako bilakaera ezagutu zuen Ordiziak.
Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Gipuzkoa estrategikotzat jotzen zuen, bi arrazoiengatik batez ere: batetik, Gipuzkoa Frantziako mugan zegoelako, eta Gaztela eta Akitaniaren arteko bidea indartzeko interes handia zutelako –Leonor Akitaniakoarekin ezkonduta zegoen–, eta bestetik, Nafarroarekiko muga indartzeko. Nafarroa ahul zegoen orduan, eta hiribilduak sortzeari ekin zion Gaztelak, Agurain, Segura, Ordizia, Tolosa eta Hernani kasu. Ordiziari 1268. urteko uztailaren 30ean eman zion hiribildu izateko pribilegioa Alfontso X.a Gaztela eta Leongo erregeak Gasteizko Foruaren bitartez, eta Villafranca izena jarri. Hala ere, historialari guztiak ez datoz bat sorrera urte horrekin.
Hiribildu izaera horrek beste herrien gaineko eskumenak eman zizkion Ordiziari. Arlo soziopolitikoan, bertako herritarrek pribilegio gehiago zituzten; arlo ekonomikoan, merkataritza harremanak harresiaren barnealdean egiteko ahalmena zuen herriak; eta arlo juridikoan, justizia ezar zezaketen Ordiziako agintariek. Eskumen horiek tarteko, argi dago merkataritza harremanak eman zirela gizaldi horietan, baina zer maiztasunarekin ematen ziren inork ez daki. Ordizia salerosketa gunea zen ordurako, eta zeregin horretan jarraitu zuen 1512. urteko martxoaren 18ra bitarte, Ordiziako hiribildu guztia sute batek erre baitzuen.
Etxeen egitura guztiak egurrezkoak ziren orduan, elkarren ondoan eraikita zeuden, eta eliza eta dorretxe pare bat izan ezik, gainontzeko etxe guztiak kiskali zituen suteak. Ganadua eta belarra etxeetan edukitzen ziren orduan, eta kandelak erabiltzen zituzten garaiko biztanleek argi-emale gisa. Ohikoak ziren horrelakoak, baina arriskua ere bazuten gisa horretako gertakariek: herriak hustu eta desagertzekoa.
Ordizia herri aristokrata zen, noblea, eta elite horrek botere handia zuen garaiko aginte organoetan. Sutearen ondorengo erreakzioa berehalakoa izan zen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ordiziak bi ordezkari zituen, eta apirilaren 28an batzarrek laguntza ekonomikoa eta materiala eman zioten herria berreraikitzeko. Martin de Mujika ordiziarra Isabel Katolikoaren zerbitzari nagusia zen garai hartan, eta geroagoa haren alaba Juana Eroarena. Koroarekiko gertutasun horrek, eta De Mujikak Fernando Katolikoarekiko zuen harremanak ahalbidetu zuen bi hilabeteren azpitik Ordiziak laguntza hori jasotzea. Maiatzaren 18an jaso zuen Ordiziak asteazkenero azoka egiteko baimena. Sutearen eta pribilejio horren urteurrena gogoratuko dute etzi zortzi Ordizian, egun osoko festan.
Baina hiribilduaren barruan azoka egiteko baimena ez zen Ordiziak jaso zuen bakarra, baita beste hamaika ere. Ordiziako feria salerosketa guztiak alcabala izeneko zergatik libre geratu ziren, ogi egosia, zaldiak, mandoak, txanponak edota liburuak tarteko. Herria berreraiki eta azoka egiten hasi zirenean, Goierri inguruko nekazarien soberakinak eta bestelako produktuak saltzen ziren: haragia, olioa, arrainak, gatza, ikatza, oihalak, eraikuntzarako materialak, erramintak… Hazkunde ekonomiko garaia zen, eta horrek bultzada eman zion azokari, harik eta 1615. urtean Ordiziaren menpeko herriek askatasuna lortu zuten arte. Gainbehera izan zuen orduan azokak.
Konbentzio garaian frantsesak sartu ziren Gipuzkoan, eta azoka baimenaren dokumentua falta zen udal artxibotik. Hainbat tratu tarteko, agiria Madrildik berreskuratu eta Carlos IV.a erregeak azoka egiteko baimena eman zuen 1797an. Harrezkero beti egin da azoka, 1936ko altxamendu faxistaren garaiko bi hilabeteetan izan ezik.
Lehen ere hala zen, baina 1900. urtean Ordizian tren geltokia egin zenetik euskaldunentzat erreferente izan da azoka, bai arlo ekonomikoan, sozialean, eta baita antropologikoan ere. Orain, beste horrenbeste urtean irauteko ahaleginak erakutsiko du etorkizuna.
Agustina Lopetegi
Agustina Lopetegi barazki saltzailea Altzagan jaio zen, Beasainen bizi da eta baratza Ezkio-Itsason du. Azokako saltzaile beteranoena da. «9 urterekin etorri nintzen lehenengoz. Gerra ondorengo urteak ziren: ama postuan gelditzen zen eta errazionamendu-liburuxkarekin azukrea hartzera bidaltzen ninduen. Nire ondoren heldutako emakumeak aurrean jartzen zitzaizkidan, eta ama nirekin haserretzen zen». 83 urte ditu, baina ez du azokara joateari uzteko inongo asmorik. «Duela bi urte semea hil zitzaidan eta hemen entretenitu egiten naiz. Oso gustura etortzen naiz, hemen denak ezagunak eta pertsona onak baitira». Maria Jesus Oria alabak laguntzen dio eta «amak Ordiziako plazara joateari uzten dionean, kezkatzekoa» izango dela dio.
Patxi Montes
Patxi Montes, azokako saltzaile gazteena da. Ibarrakoa da, 23 urte ditu eta gurasoekin joaten da Ordiziara, landareak eta barazkiak saltzera. Aitaren familiak 200 urte inguru daramatza Ordiziako azokara joaten. Amak, Arantxa Iparragirre tolosarrak, duela urte batzuk gehiago saltzen zela eta adineko goierritar bat hiltzen den bakoitzean, eurek bezero bat galtzen dutela esan du. Semeak, berriz, gustura joaten dela azokara: «Umetatik ezagutzen dut Ordiziako feria, eta ederki moldatzen naiz saltzaile eta erosle beteranoekin. Gainontzeko jarduera ekonomiko guztiek bezala, honek ere azken urteotan behera egin du. Lehen landareak bandejaka saltzen genituen eta, orain, 25naka».
Lierni Elortza
Kazetarien artean Ordiziako feria ondo ezagutzen duenik bada, hori Lierni Elortza segurarra da. Segura Irratiko lankidea da eta duela 25 bat urte hasi zen azokara joaten. «Irratian azokako kronika egiten zuenak utzi egin zuen, eta ni hasi nintzen etortzen. Hasieran lan hutsa zena, bizio bihurtu da. Pasioa dut eta goiz osoa hemen pasatuko nuke, batekin eta bestearekin solasean». Elortzak Iparraldeko Euskal Irratiak-entzat, Goierriko Hitza egunkariarentzat eta Leitzako Karrape irratiarentzat ere egiten du azokako kronika, eta asteazkenetako zita asko aldatu dela uste du. «Ez dut ezkorra izan nahi, eta kalitatearen eta lehialtasunaren aldeko apustua egin behar dela uste dut, bezeroari konfidantza eman. Hurbiltasuna baliatu behar dugu».
Nikolas Iturriotz
Nikolas Iturriotz itsasondoarra da eta 78 urte ditu. Astero joaten da Ordiziako azokara erosketak egitera, Maria Teresa Aizpuru emaztearekin. «Gutxitan kale egiten dugu. Baratzea dugu eta niri bertarako behar ditudanak erostea gustatzen zait. Sekula ez naiz saltzera etorri. Asteazkena da gure etxean erosketak egiteko eguna». Azoka asko aldatu dela uste du: «Gure gazte garaian ezberdina zen, ganadua ere bazegoen. Ez dakit zer egin beharko litzatekeen azoka hobetzeko. Lehen Ordizia jaun eta jabe zen, baina orain Beasainen eta Lazkaon ere azokak egiten dira». Eurek Ordiziara joaten jarraituko dute. «Itsasondokook hona etortzeko joera dugu. Gu 8:00ak aldera iristen gara eta 10:00etan itzuli».
Itziar Etxeberria
Itziar Etxeberria gazta saltzailea ordiziarra da eta 38 urte ditu. Bere familiak lau belaunaldi daramatza udaletxe azpian gazta saltzen. «Beti emakumeak etorri gara: birramona, gero amona, ondoren ama eta egun ni. Birramonak hasitako bidea jarraitzeaz oso harro nago, baina ez dakit bosgarren belaunaldirik izango den. Nik ez dut seme-alabarik eta lau ilobetatik bakarra da emakumezkoa: Irati du izena eta 7 urte ditu. Biltegira etortzea gustatzen zaio, eta ondo egongo litzateke tradizioarekin jarraitzea». Azokari berari dagokionez, behera egin duela uste du: «Duela 10 bat urte goizeko seietan hasten ginen lanean. Bestalde, garai batean gazta saltzaile guztiak udaletxe azpian egoten ginen. Izan ere, hemen ez du eguzkiak jotzen».
Nagore Antxia
Nagore Antxia beasaindarra da eta 32 urte ditu. Ordizian bizi da eta, amatasun-baja duenez, asteazken goizero azokara joaten da bueltatxo bat ematera eta erosketak egitera. Tarteka Aner semearekin joaten da plazara. «Umea goiz jaikitzen denez, goizean goiz etortzen gara, eta gazteok azokara etortzen ez bagara, galdu egingo da. Horrek pena emango lidake. Baserritarrei lagundu behar diegu eta bertako produktuak erosi, baina ez da gazte asko etortzen azokara. Izan ere, ez dute ohiturarik eta gainera asko ordu honetan lanean daude. Nik ere, alta ematen didatenean, etortzeari utzi beharko diot. Dena den, D’elikatuz zentroak bertaratu gabe azokan erosteko aukera ematen du eta hori oso ondo dago».
Jose Antonio Rueda
Ordiziako azokara Goierri garaiko jendea ere joaten da. Rueda familiak fruta saltzen du eta maiatzaren 1ean 43 urte beteko ditu Ordiziako plazan lanean. Jose Antonio Ruedak 42 urte ditu eta 7rekin joan zen lehenengoz azokara: «Aitak laguntzeko ekartzen ninduen». Azoka ona dela dio, baina ordutik asko aldatu dela. «Lehen, inguruko herrietako jende asko etortzen zen aste osorako erosketa egitera eta, egun, berriz, egunean egunekoa erosteko ohitura dugu». Dena den, Goierrin egoera ez da horren txarra, Zumarragako azoka ere ona da. Azpeitian, adibidez, salmentak asko jaitsi dira». Hori bai, Ordizian badagoela zer hobetu uste du: «Bezeroei eremu urdinean aparkatzen utzi beharko liekete», adibidez.
Pili Aranburu
Pili Aranburu beasaindarra da, baina Ordizian bizi da. 52 urte ditu eta 25 urte daranatza Rueda familiari fruta erosten. Ederki gogoratzen du nola ezagutu zituen zumarragarrak: «Ordiziara ezkondu berria nintzen. Elkano kalean bizi nintzen eta Marixabelen arraindegira joateko ohitura nuen. Handik irten ondoren fruta erosteko asmoa nuen, mutil hauen ama irrifartsu ikusi nuen eta bere postura joatea erabaki nuen». Asteazkenero joaten da plazara eta, bertan, arrautzak eta fruta erosteko ohitura du. Ordiziako azokan erosten duen fruta Zaragozan ere jaten dela esan du: «Alabak han ikasten du eta hemen erositakoa bidali izan diot». Azoka oso ondo dagoela ere irizten du: «Ez nuke ezer aldatuko».