Bertsolaritza berebiziko oparoaldia bizitzen ari dela gauza jakina da. Azken hamarkadetan erabat modernizatu da eta gaur egungo gizartean ere bere lekua egin du. Oinarrian muina mantendu badu ere, forma eta eredu ezberdinetara moldatu da, eta bide berriak irekitzea ere lortu du.
Ez da gauza erraza guztiak gustura uztea, baina badirudi bertsolaritza jorratzeko modu berri horiek oraingo eta lehengo zaletuengan errotu direla. Eta oraindik bide berriak bilatzeko ahaleginean jarraitzen dute. Beasainen, adibidez, Neguko Bertsopaper Lehiaketa zaharkitua gelditu zela eta zerbait berria eskaintzeko ahalegina egin du Arrano Kultur Elkarteak. Iaz ez zen lehiaketarik izan. Aitor Sarriegi bertsolariaren eta elkarteko kidearen arabera, lehiaketa hartara aurkezten ziren lanei beste irteera bat ematea zen asmoa eta, «aurten, guztiz ezberdina eta berritzailea den txapelketa batekin» datoz: bertsomovieda.
Horixe da azken batean Bertsomovieda: bertsoa eta irudia uztartzen dituen lehiaketa. Lehenengo urtea izanik, «ez dugu irizpide zehatzik jarri nahi izan», azaldu du Sarriegik, «ez baitakigu zer lan aurkeztuko diren eta hori jakin gabe mugak jartzea oso zaila da». Lehiaketara aurkeztuko diren lanek bete beharreko baldintza bakarra «oinarrian gutxienez bertso bat izatea izango da».
Bertsoa ez da zertan lehiaketarako propio egindakoa izan behar. «Lanak banaka edo taldeka egin daitezke, nahi den formatoa erabilita, nahi den neurrian eta nahi den gaia landuta. Mugarik ez jartzen saiatu gara», aipatu du Sarriegik.
Martxoaren 24an amaituko da lanak aurkezteko epea, eta sari banaketa apirilaren 20an egingo dute. Hau, eta Goierrin egiten diren beste zenbait ekimen, bertsolaritza inoiz baino biziago eta errotuago dagoenaren adibide dira.
Oinarriak
Bertsomovieda Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak antolatutako lehiaketa da. Helburua, bertsozaletasuna bultzatzea da.
Lanak. Edozein pertsonak edo taldek aurkeztu ahal izango ditu. Adina, bizitokia eta gaia libreak dira.
Epea. Martxoaren 24ra arte. Sari banaketa apirilaren 20an izango da.
Sariak. Hiru izango dira: Epaimahaiaren saria (900 euro), bertso onenaren saria (300 euro) eta ikusleen saria (450 eurotan baloratutako saria).
Informazio gehiago. www.bertsomovieda.com