Sekundino Esnaola Zumarragan jaio zen 1878ko maiatzaren 21ean. Musikarako zaletasuna txiki-txikitatik izan zuen, eta Donostiako Orfeoiko zuzendaria izan zen 1902tik 1929ra bitartean. Sari ugari irabazi zituen.
Sekundino Esnaola izena ezaguna da Zumarragan, herriko musika eskolak eta kale batek izen hori baitute. Donostian ere bada izen bereko kale bat. Baina nor zen Sekundino Esnaola?
Zumarragan, 1878ko maiatzaren 21ean jaio zen Sekundino Esnaola Berrondo. Zumarragako Jasokundeko Andre Mariaren elizan, Juan Lino Leturia organistarekin izan zuen lehengo harremana musikarekin. Berehala nabarmendu zen kantuan. 7 urterako, soprano bezala kantatzen zuen elizako abesbatzan.
14 urte zituela, Bergarako seminariora joan zen ikastera, eta handik Salamancako apaiztegira. Musikarako, apaizetarako baino bokazio handiagoa zuen, eta 1900ean, apaiz ikasketak utzi eta Donostiara joan zen. San Bizente parrokiako abesbatzan zuzendari plaza lortu zuen. Solfeoa eta kantua irakatsi zituen.
1902an, Norberto Luzuriaga, Donostiako Orfeoiko zuzendaria zen hil zenean, Esnaolak hartu zuen Orfeoiaren zuzendaritza. Esnaolaren garaian, sari asko irabazi zituen Orfeoiak. Besteak beste, Parisko Grand Prix d’Honneur. Donostiako Orfeoiaren etorkizunerako garrantzia handiko erabakia hartu zuen Esnaola maisuak 1909an: emakumezkoak sartzea. Hainbat kexa jaso zituen erabakiak, baina aldaketa hari esker, errepertorioa handitzea eta esparru sinfoniko-koralean sartzea lortu zen. Donostiako Kasinoan abestea oso gustukua zuen Esnaolak. Euskal kantu tradizionaletan oinarrituta landu zuen bere obra: Uso txuriya, Loa-loa, Amak ezkondu ninduen, Pello Joxepe…
1927an, Seme Kuttun izendatu zuen Zumarragako Udalak. 1929an hil zen 51 urterekin.