Ezkerreko hankarekin jaiki naiz gaur. Gau osoa amets gozoen lainoetan hegaka igaro ondoren, ontzikada bete ur hotz gainera erori balitzait bezala sentitu naiz. Gizartea, mundua, erotu ote zaigun pentsatzen hasita nago, burutik joan ote zaigun. Ez ahal du, behintzat, bere buruaz beste egingo! Ez, ez… Ez dut uste bere kasa hartutako erabaki batek eramango gaituenik azkenera, ezpada geure, gizakion, jarrera ulergaitz eta geurekoiak bultzatuta. Noraezean gabiltza aspaldion, ez bururik ez buztanik gabe. Bilakaeraren itsasoan, aurrerabideen olatuek alde batera eta bestera garamatzate, aldian behin ertzeko arroken aurka kolpatzen gaituztela. Eta kolpeetatik geure onera etortzen garen bakoitzeko, garunean neurona kopurua murrizten zaigula esango nuke, eta prest agertzen gara jarrera, erabaki eta proposamen burugabeak ontzat jotzeko, geureak eta arrazoizkotasunean oinarrituta hartutakoak balira bezalaxe. Dena da baleko, dena onargarri. Eta ez bada, hala izan dadin behartzen gaituzte.
Langabeziaren zulo beltza ezin murrizturik gabiltza aspaldion, eta geroz eta gehiago dira bankuekiko dituzten zorrak ordaindu ezinda dabiltzanak. Gerrikoa estutzea beste erremediorik ez dugu, baita gerrikorik ez izan arren ere. Gogorra da krisia.2012ko urtarrilean, esaterako, Hego Euskal Herrian, 206.016 pertsona zeuden langabezian. Hori bai, Mario Fernandez Kutxabankeko eta BBK-ko presidenteak 514.900 euroko soldata gordina kobratu zuen iaz. “Daukanak ez daukanari, nik ez daukat eta niri…”.
Erakunde publikoek emandako laguntzak ere erruz murriztu dira. Arlo guztiek sumatu dute hori, baina batez ere euskalgintzak. “Krisiak jota gaude denok, eta, tamalez, ez dio inork ihes egiten. Jada ez da borondatezko kontu bat; sakrifizioak egitera guztioi ari zaigu tokatzen, eta sakrifizio horien barruan dago euskalgintza”, esan berri du Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Amen.
EAEn egoera latza bada, zer esango dugu Nafarroari buruz? Yolanda Barcinaren Gobernuak laguntzarik gabe utzi ditu 2012an hamasei euskara elkarte, sei aldizkari, sei irrati eta telebista bat. Lehendik ere larri baldin bazebiltzan, oraintxe egin du haienak! Heriotza zigorrera kondenatu ditu, krisialdiaren izenean.
Baina arazoa ez da beti diruarekin lotutakoa izaten, genero indarkeriaren biktimen zakua etengabe betetzen eta betetzen baitoa, eta neurriak ezarri ezean, oka egin arteraino jarraituko du horrela. Erasoak jasan dituzten emakumeei bizkartzainak jarri nahi dizkiete orain. Horrek guztia konponduko balu bezala. Irtenbide korapilatsua eskatzen du benetan sinplea den ekintza batek: eskua altxatzen hasten da bat, eta… hilobian amaitzen du besteak.
Bestalde, atez atekoa izan liteke ingurumenean etenik gabe eragindako kalte guztiak arintzen hasteko modu bat. Nork bere apurra emanez, etxetik bertatik ahalegindu gintezke konponbidea bilatzen. Etxeko altzariak eta apaindurak txukuntzen eta garbitzen ditugun bezalaxe, zaborra bereiztea ere ez da izerdi-neke handia eskatzen duen zeregina izango. Udalerri asko hasi dira aukera horren abantailak aztertzen eta jendeari proposatzen. Herritarrak prest egotea da kontua. Lastima EAJk nahi ez izatea.
ETAk utzi zituen armak. Ezker Abertzaleak eman zituen pausoak. Baina bake prozesuak ilunaldian jarraitzen du. Espainiako presidente karguak izen-abizenak aldatu zituen, baina lehengo lepotik burua. Atxiloketek eta espetxe politikak su-etenaren aurreko bide beretik jarraitzen dute. ETAk egindakoak soilik dira gaitzesgarriak.
Ezin gaitzetsi, haatik, erregearen suhiak, Palmako Dukeak, egindakoak. Diruarekin iruzur egitea leporatzen diote, baina azkenean, ez dakigu zer egotziko dioten. Haren emazteari buruzko hitzik, ordea, batere ez.
Raxoik ezarritako lan erreformak, bestalde, langileen eskubideak birrindu ditu. Estututa dagoena gehiago estutzea da, nonbait, enpleguari eusteko bide bakarra. Noiz, eta enplegua sortzea ia ezinezkoa den garaiotan. Non, eta atzeraldiak etenik ez duen inguruan.
Israel eta Palestina, Siria eta Libia, Txina eta Tibet, Iran eta Irak… Gaizki dago mundua. Gaixo. Erotuta. Baina agian, kontua ez da hori. Beharbada neu izango naiz, gaur ezkerreko hankarekin jaiki naiz eta.