
Manex Aranburu (Ordizia, 1972) Goimen elkarteko teknikaria da eta ederki ezagutzen du Ordiziako azoka. Eskualdeko landa eremuaren alde lan egiten du Goimenek, eta azokaren batzordeko kidea da.
Zein izan da Ordiziako azokaren ekarpena historian zehar?
Jendeak uste baino garrantzia handiagoa izan du azokak gure historian. Gure industria maila lortzeko eta ekonomiaren egituraketarako funtsezkoa izan da. Izan ere, langile kopuru altu bat hornitzeko aukera eskaini du eta, horrek, azpiegitura industrialak ahalbidetu ditu. Ordiziako azoka jabe askoko azalera handiko saltokia izan da.
Zergatik Ordizian?
Salmenta puntuak herri ezberdinetan egongo ziren, hiribilduetan batez ere. Baserriko jendea puntu horietara jaisten zen bertako zerbitzuak erabiltzera eta, aldi berean, hiribilduetako beharrak asetzera. Trena heldu zenean, azoka asko indartu zen. Segura ere hiribildua zen, baina ez zuen trenbiderik. Tolosa ere beste azoka eremu garrantzitsu bat izan da, trenari esker.
Noiz hasi zen gainbehera?
Azokak industria indartzea ahalbidetu du, baina industriak lan baldintza erakargarriak eskaintzen ditu. Gainera, baserritarrak aproposak dira lan horietarako: sufrituak dira, erremintak zaintzen dakite… Hori dela eta, jende asko baserriko lana utzi eta lantegira joan zen. Gainera, enpresek ekonomatoak ireki zituzten, azalera handiko saltokiak ziren, eta kanpokoa bertakoa baino hobea dela sinistu dugu… Bertakoa ez dugu babestu eta, poliki-poliki, azoka eta elikadura subiranotasuna ahuldu ditugu.
Egungo bizi joerak zein eragin izan ditu?
Familiak garai batean baino txikiagoak dira, bikoteko bi kideek etxetik kanpo lan egiten dute, eta lehen bietako bat etxean gelditzen zen erosketak egiteko… Erosketa ohiturak aldatu egin dira, eta azoka asteazkenean izateak kontua zaildu egiten du. Hori guztia gutxi balitz, administrazioak hartu behar izan dituen osasun mailako neurriek ez diote mesederik egin: lehen abeltzaintza azoka ere bazen, baina abereak saltzea geroz eta zailagoa da.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Azokak aurten 500 bete behar ditu, eta gure leloa Beste 500 urte da. Azokak momentu gogor asko pasako zituen, eta gaur egun asko du eskaintzeko, baina zein paper bete dezakeen aztertu behar dugu. Baserritarrak on egiten diguten gauzak eskaintzen dizkigu: kultura, produktu osasungarriak… Turistek ere tradizioa ezagutu nahi dute gero eta gehiago. Azokak bizitza luzea izan dezake gizartearen bilakaerara egokitzen bada. Malgua izatea behar dugu, erreminta ezberdinekin jokatu behar du, eta jendea bere garrantziaz jabearazi behar du.
Zer egin daiteke jendea kontzientziatzeko?
Garraiolariek greba egingo balute, edo lurrikara bat egongo balitz, goierritarrok izango genuke nola elikatu: baserritarrak, lurrak eta ekoizpen ezagutza ditugu. Ez gara konturatzen baserritarrak egunero hor ditugula guri hornitzeko prest eta, gainera, kalitatezko produktuak ematen dizkigutela. Gure ekonomiari balio propioa ematen diote. Hori ikusten ez duena bere burua engainatzen ari da.
Baina jende askok ez du ikusten.
Estrategietako bat azokaren profesionalizazioa da. Nork markatzen du baserriko produktuen prezioa? Ordiziako azokak nola hala markatzen du, baina hori seriotasunez egitea nahi dugu. Gernikakoekin, Tolosakoekin eta nekazariekin hitz egin nahi dugu horretaz. Hortik bizi direnak saltoki handiekin tratua egin beharrean azokara etortzera nahi dugu. Prezioa markatzera behintzat. Zer edo zer egin nahi dugu profesionalei hona etortzea merezi izateko.
Zer ekitaldi antolatu dituzue mendeurrena ospatzeko?
Ordizia 1512ko martxoaren 18an erre zen, eta egun hura gogoratuko dugu. Emakume baserritarrei omenaldia egingo diegu. Trikitilariak, herri kirolak eta haurrentzako jolasak ere izango dira. Gainera, herri bazkaria izango da eta D’elikatuz zentroan baserritarrentzat egokitu dugun gela ezagutzera emango dugu. Areto hori azoka egunetan erabili dezakete duela 500 urte bezala egon ez daitezen. Etorkizunera begira, azoka eremua isolatu, argiteria berritu, musika eta berogailua jarri, eta ekitaldi artistikoak antolatu nahi ditugu.
Baserritarrak baikorrak al dira?
Azokaren eguneratze honek eurei ere aldaketak egitea eskatzen die, baina askok nahiago dute betikoari eutsi. Azken urteotako bilakaerak ez du animo handirik ematen, baina erreminta onak ditugu: komunikabideek ematen diguten garrantzia, antolaketa… Baserritarrei eurekin gaudela ikusarazi nahi diegu, tratu berezia dutela: gune urdinetan doan aparkatu dezakete, aipatutako lokala jarri diegu…