Txinatar familia batek denda ireki zuen 2010ean Zumarragan. Huizhong, Xiaojing eta Caisen Xu dute izena.
Huizhongek 36 urte ditu, Xiaojing bere emazteak 29 eta Caisen semeak 8, eta Shangaitik gertu dagoen Qing Tian hirikoak dira. Xiaojing izan zen Euskal Herrira etortzen lehena, 2006an. Legazpin bizi den bere ahizparengana. 2008an senarra eta semea heldu ziren eta Madrilen bizi izan ziren. 2010ean Zumarragan denda ireki zuten arte. «Senarrak telefonia konpainia batean lan egiten zuen eta ni langabezian nengoen. Gainera, txinatar emakumezkoontzat errazagoa da hemen lana aurkitzea gizonezkoentzat baino. Horregatik etorri nintzen bakarrik. Familia han uztea oso gogorra izan zen, baina bizitzan aurrera egin nahi baduzu…».
Euren eskualdea Goierriren antzekoa dela diote. «Eguraldia hemengoaren parekoa da eta hura ere menditsua da. Duela 20 bat urtetik hona jende asko etorri da handik Europara, hura hau baino pobreagoa da eta».
Etorri zenean, ahizparen dendan lan egin zuen Xiaojingek. 2009an Madrilera joan ziren lan egitera. 2010ean itzuli ziren Euskal Herrira. «Krisiak gogor jo du Madrilen eta ahizpak Zumarragan denda irekitzea aholkatu zigun. Oso gustura gaude. Hemengo jendea oso jatorra da, eta eguraldia Madrilgoa baino atseginagoa da. Gainera, Zumarraga herri lasaia da».
Semea Gainzuri ikastetxeko ikaslea da eta, dagoeneko, euskaraz eta gazteleraz hitz egiten du. Zoritxarrez, bere aitona-amonen hizkuntza ahazten ari zaio. «Mandarin txinera badaki, baina aitona-amonek beste hizkuntza bat hitz egiten dute eta jada zailtasunak ditu beraiekin telefonoz hitz egiteko».
Euskal Herriko bizimodua gustuko dute. «Igandeetan etxean egotea, telebista ikustea eta Interneten ibiltzea atsegin dugu. Baita Santa Barbarara joatea ere». Donostia eta Zarautz oso gustukoak dituzte eta Euskal Herrian gelditzeko asmoa dute. «Negozioa ondo badoa, betirako geldituko gara. Semeak ikasi beharra dauka eta ez zaio komeni alde batetik bestera ibiltzea».
Txina
Herritarrak: txinatar. Biztanleak: 1.340 milioi. Hiriburua: Beijing. Hiri nagusiak: Shanghai, Lanzhou, Xian, Tianjin, Shenyang, Chengdu, Lhasa, Urumqi, Nanjing, Zhengzhou. Hizkuntzak: mandarin txinera batua (ofiziala), uigurrera, mongoliera, tibetera, kantonera…