Tere Madinabeitia eta Idoia Luzuriaga •
Tere Madinabeitia •
Hitz hauek idazteko «gonbitea» jaso nuenean, eguerdia zen, bulego batean sartuta nengoen, eta leihotik, kanpoko eguraldi zoragarriaren argitasuna sartzen zen. Burura etorri zitzaidan orduan gaztelaniazko esaera hau: «En marzo el sol pega con el mazo», eta euskaraz parekiderik ote zegoen hasi nintzen pentsatzen. Esaera zaharren mundua ez da niretzat, egia esan, oso ezaguna. Euskaltegiko irakasle izan nintzen garaian nire ikasleei erakusteko derrigor ikasi behar izan nituen haietako batzuk besterik ez ditut gogoan: «A ze parea, karakola eta barea!», «Zozoak belari ipurbeltz»…
Baina ez, nik «En marzo el sol pega con el mazo» hura nahi nuen euskaraz, eta halako batean, Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen itzultzaile magiko eta fantastikoa etorri zitzaidan burura. Eta horrela, www.itzultzailea.euskadi.net helbidean sartu nintzen, itzuli nahi nuen testua idatzi, eta honako emaitza jaso nuen: «martxoko eguzkiak mazoari ondo ematen dio». Ez ba, hori ere ez zen ba nik nahi nuena, eta gehiago ikertu eta gero, hona hemen lortu nuena: «Eguxkixe ta eurixe, martiko egueldixe», «Martxoa, ardi zarraren mazoa”, «Martxoko eguzkia txarren txarrena», «Nahi bada osagarri, kasu martxoko iguzkiari», «Osasuna maite dabenak lotsa euki bear martiko eguzkiari» (Gotzon Garatek osatutako bildumatik hartuak). Ba nahi duzuena aukeratu lagunok, eta egiozue kasu esaerari udaberria laster heltzear den honetan (elurra ere iragarrita dago ordea! Hau da eromena!).
Idoia Luzuriaga •
Beharko dugu bai udaberria, krisi eta egonezaren negu honetan. Nik zure hitzak irakurtzerako, lau ormetan sartuta nengoen ni ere, baina kanpoan baino giro epelagoa zegoen. Zuk esan duzu, Tere, eromena. Baina ez bakarrik eguraldiari begira, orokorrean giroari dagokionez. Hortaz niri beste esaera zahar bat datorkit burura. Gure bizitza gidatzen duten «indarrek» egiten dituzten aldrebeskeriak ikusita «donde no hay mata, no hay patata» datorkit. Ea ba hori nola itzultzen den: «Tokian mulurik ez dagoen patatarik ez dago» dio itzultzaile ofizial horrek. Arraroa benetan. Egon naiz tarte baten honen baliokidea bilatzen, han edo hemen, euskara jatorrean, baina ez dut topatu. Gainera, ni ere ez naiz oso esaera zahar zalea.
Dena den, ezin etsita, Merkel eta Sarkozyri mezu elektroniko bat bidaltzea bururatu zait, frantsesez eta alemanez horrelakorik ba ote dagoen galdetzeko. Merkelek haserre erantzun dit, «nola ez duzuela patatarik? Zertan izan zarete orain arte, lanak aurretik egin behar dira?». Nikolasek, ordea, hori ekiditeko, patata gabezia alegia, neurri sakonak hartu beharko direla esan dit. Patata tortilla pintxoen ekoizpena murriztu egin beharko ditugu datozen hilabeteotan Europan onargarriak diren neurrietara iristeko, patatak ez dizkigute eta nolabait utziko.