Goiztiri AEK euskaltegia martxan jarri zutela 25 urte betetzen dira aurten, eta urte hauetan guztietan kultur ekintzak eta metodo komunikatiboa izan dituzte oinarri euskara irakasteko. Helburua beti, hiztunak sortzea izan da.
Beasainen, Lazkaon eta Ordizian eman zituen lehen pausoak Goizitiri AEK euskaltegiak, eta liburuetatik, azterketetatik eta tituluetatik kanpoko irakaskuntza izan dute oinarri gaur egunera arte. 25 urte igaro dira Goierri euskalduntzeko bidea hasi zutenetik, eta egoera eta garai berrietara egokitzen joan behar izan dute ordutik. Beti, kultur ekintzak eta metodo komunikatiboak izan dituzte oinarri euskara irakasteko. Horiek dira Goiztiriren berezko ezaugarriak.
Hiztunak sortzea izan dute lanbide eta helburu 1987tik, eta, horretarako, epe motzeko erronkak izan dituzte oinarri: «Gaur gelan ikasitakoa, gaur bertan kalean aplikatzea da helburua, ez seigarren urratsera iritsi arte itxaron behar izatea». Karmele Santoyo ia hasieratik da Goiztiriko irakasle, eta haren hitzetan, helburuak markatzerakoan, «komunikazioa da beti oinarria».
Komunikazio bide horretan, «etxetik kalerako bidea egiteko», kultur ekintzak erabili dituzte hasieratik. Nekane Munduateren arabera, «ikasleak oso eroso daude euskaltegian, haien euskara jarduna egin dezaketelako; baina hemendik ateratakoan nolabaiteko sozializazioa egiteko aitzakia dira kultur ekintzak».
Beste edozertarako bezala, ordea, testuak eta ikus-entzunezkoak ezinbestekoak dira euskara ikasteko. Baita Goiztirin ere. «Ikasleek gramatika ikasten dute, baina irakasleen azalpenak ez dira gramatikalak, komunikatiboak baizik, eta komunikazio horretara iristeko beharrezko erreminten ondorioa da gramatika». Hau da, nor-nori-nork aditz forma behin eta berriz errepikatu beharrik gabe, testuetan eta ikus-entzunezkoetan ikasleei sortzen zaizkien beharrei erantzutea da Goiztiriren lan teknika.
Eta hala izan da beti, ikasle kopuruak behera egin eta ikasleen perfilak aldatu egin badira ere. «Lehen, euskalduna naiz eta euskara ikasi nahi dut ideiarekin etortzen ziren ikasleak», azaldu du Santoyok, eta, orain, hori mantentzen dela dio, «baina titulu bat behar dutelako». Kontraesana ikusten dute hor Goiztiriko ordezkariek: «Jendeak titulua ateratzen du lanpostu batera aurkeztu ahal izateko. Lanpostua lortzen du, baina gero ez du euskara erabiltzen. Horregatik, erabilera bultzatu behar da». Gaur egun, ordea, «tamalez, ez da euskararik behar».
Euskaltegia ireki zutenean, militantziak bultzatuta euskara gehiago ikasten zela adierazi du Munduatek. «Ikastola sortu zenean giro hartan ibiltzen ziren gurasoak euskara mundutik kanpo sentitzen ziren, 80. hamarkadan inguru dena elebiduna zelako. Gaur egun pertsona guzti horiek 40-50 urte inguru izango dituzte, eta adin horretatik behera dauden guztiek jada jaso dute euskara ikastetxeetan, eta orain ez dute behar». Jakiteak, baina, ez du erabilera ziurtatzen.
Etorkinei zuzendutako «ongi etorri moduko ikastaroak» ere eskaintzen ditu Goiztirik. «Baina 60 ordurekin ez da asko lortzen». Beharrik ez dagoen momentutik ez dela ikasten ere esan dute Goiztirikoek, eta «bertakoek ez badute ikasten atzerritarrei ezin zaie euskara ikastea eskatu», azaldu du Santoyok: «Batzuk sentsibilizatuta etortzen dira, eta badakite hemen bi hizkuntza ditugula. Baina etorri bezain pronto asko konturatu egiten dira euskara ikasi gabe ere bizi daitekeela, eta ez dute ikasten».
Aurrera begira ere lan egiteko filosfia berdina izango da euskaltegian. Baina dagoeneko ohikoa den moduan, filosofia hori lan molde berrietara egokitu beharko dute: «Teknologia berriak lekua hartzen ari dira, eta egunerokotasunean sareak indar handia du. Horregatik, auto-ikaskuntza bidezko ikasleak ere gero eta gehiago dira». Halakoek, proiektuari «freskotasuna» ematen diotela dio Munduatek.
Helburu komunikatiboak lortzerakoan ere bide zabala eskaintzen du sareak, eta aurrerantzean teknologi berriak helburu horiek lantzeko erabiliko dituzte.
Urteurrenaren harira, logoa eta abestia ere sortu ditu Goiztirik. 25 bolatxok osatzen dute irudia, gorantz doan gezi bat osatuz, urte bakoitzean jarritako mugarri bat igaro dutela adieraziz. Abestian Iñaki Apalategi bertsolariak ikasleen sentsazioak jaso ditu, Lehen eguneko lotsak izenburupean ikasleen larruan jarriz.
Urteurrena, ordea, ikasturtea amaitu arte ospatuko dute. Gaur bertan, Segurako Botikaxarren, Erregea eta bufoia ikuskizuna egongo da, eta hilaren 23an Beasaingo Igartza jauregian Napoka Hiriak kontzertua egingo du. Maiatzean izango dira hurrengo ekintzak: hitz tailerra Beasainen eta bakarrizketa saioa Legorretan. Urteurrena ikasturtea amaitzean amaituko da, Ordizian egiten ari diren egoitza berriaren irekierarekin.