Herenegun harakinak esandakoak eman dit zer pentsatua: larunbat goizetan ez omen du erosle askorik izaten. Ez da izango jenero txarra saltzen duelako. Zaporetsuak izan ohi dira haren dendan erositako xolomo, saiheski, xerra eta antzekoak. Guztiak jaki eder eta, neurrian ibiliz gero, osasuntsuak. Ez da hori kontua, beraz. Beste arrazoi batek samintzen du auzoko harakina. «Garai batean, igandeko bazkaritarako erosketa handiak egiten zituen jendeak. Joan dira halako ohiturak! Gero eta denbora gutxiago ematen dugu sukaldean», esan zidan. Dendari baten ohiko kexa irudituta ere, harategiko exenpluak badauka gogoetarako mamirik. Hala erakutsi zidan, oilasko bularrak biltzen ari zen bitartean, erantsi zuenak: «Sukaldeko kultura galtzen ari gara».
Ez al da Euskal Herria munduko gastronomiaren eredu? Ez al ginen kazuela eta zartaginen arteko errege eta maisu? Harakinak ezetz dio. Jatetxe abangoardista nahiz tradizionalak tenplu bihurtu dituen herrialdean, elikagaiak gero eta gutxiago ezagutu eta prestatzen ditugula. Etxeko suek ez dutela behar adina lan egiten, alegia. Txuleta erraldoiak dietaren parte bilakatu direla, baina ez ditugula gisatu zaporetsu baten sekretuak ezagutzen.
Txantxetan hartzeko bekatua litzateke, gaiak gure elikadurarekin eta, ondorioz, osasunarekin, zerikusirik ez balu.
Argiñanok perrexila nola, edozein gisako ekitaldietara punta-puntako sukaldari bat gonbidatzea ia ezinbesteko bihurtu da gurean. Protokoloaren obligazio. Ez ditut honekin sukaldariak kritikatu nahi, zorretan gaudelako beraiekin, ziur asko. Egia baita Euskal Herria munduan kokatzeko ekarpen itzela egin dutela. Arbasoengandik jasotako jakinduria eta bertako produktuen kalitatea goraipatu izan dute beti, gainera. Baina esango nuke saltsa berde zoragarria prestatu dugula, bakailoa uretan beratzen jartzea ahaztuta. Hau da, jatetxeetako sukaldaritza bultzatzeaz arduratu garela, eguneroko elikagaia ematen diguna, oinarrizkoa-egunerokoa, zaintzeaz ahaztuta.
Artikulu honek ez du sukaldaritza tradizionalaren defentsa bat izan nahi. Ez da hori harakinak diona. Eguneroko plateren jakinduria, gurasoen- gandik –amengandik, bereziki– seme-alabengana pasa izan den hori, aldarrikatzen du berak. Mendeetan zehar herriaren memorian idatzitako errezeta liburu horietan egon daitekeelako, besteak beste, elikadura osasuntsu baterako oinarria. Beti ere kontuan izanda gure elikadura beharrak ez direla orain dela bi mende zituztenen pareko.
Gaiak badu beste alderdi bat. Krisi global honek zera demostratu du: ezinbestekoa dela gure inguruan erein eta hazitako elikagaiak kontsumitzea. Horregatik, ingurugiroagatik egin ez duguna, agian behar larriagatik egingo dugu etorkizunean. Petrolioak eskasten jarraituko duen etorkizun hurbil batean, agian ulertuko dugulako hobe dugula bertako ekoizle eta baserritarrei erostea, Txiletik sagarrak edo Kaliforniatik intxaurrak ekartzea baino. Eta produktu horiek jan nahi baditugu, komeni zaigu konpota eder bat edo intxaur saltsa bat prestatzen jakitea.
Banoa, supermerkatuan erositako pizza bat labean zain daukat eta. Arrazoia baituzu, irakurle; denok daukagu zer ikasia eta zer egina arlo honetan. Afaltzen hasi aurretik, baina, Ordiziako Azokaz gogoratu naiz. Orain dela 500 urte, Gaztelako Juana la Loca erreginak merkatua antolatzeko baimena eman zien ordiziarrei. Historiak erakutsi digu erokeriak jota bizi izan zela emakume hura. Merkatuaren kasuan, baina, zentzudun azaldu zen. Juana ez zen hain «loca», nonbait. Ezta gure harakina ere!